Minna Keene Doris Wilhelmine Charlotte Töneböne izenarekin jaio zen Rumbeck-en (Waldeck, gaur egun Hessisch Oldendorf, Alemania), 1859ko otsailak 5ean.
Dorothea Charlotte Töneböne-n (1832–1874) ezkontzaz kanpoko alaba zen.[2] Ama Louis Bergmann (1822–1879) izeneko polizia eta musikari ohiarekin ezkondu zen Arolsen-en (Waldeck), 1862an, eta alabari abizena eman zion eta Minna Bergmann gisa konfirmatu zuten Arolsenen Pazkoa igandean, 1872an.[3]
Caleb Keene-ekin ezkondu zen 1887an, Chelsea-n, Londres.[4] Caleb Keen 1862an jaio zen; dekoratzaile ikaslea zen eta Elmer Ezra Keene (1853–1929) paisaia margolariaren eta argazki artistaren anaia zen. Minna Keenen alaba Violet Keene ere argazkilaria izan zen.[5]
Minna Keene Linked Ring argazki elkarteko lehen emakume argazkilarien kide izan zen. Argazki elkarte haren helburua zen erakustea argazkigintza artea eta zientzia dela era berean eta arte ederren arloan indarra ematea.[6]
Londresko Argazki saloiaren kide ere izan zen eta Royal Photographic Society (‘Errege Argazki Elkartea’) elkartearen kide gisa onartutako lehen emakumea[7], non urtero egin zituen erakusketak 1911tik 1929ra.[8]
1890eko hamarkadaren bukaera aldera, lehen aldiz aipatu zuten Minna Keene argazkigintzako britainiar lanetan: arrakastaz bere lana The Studio arte aldizkariko sariketara aurkeztu zuenean, eta tokian tokiko argazki elkarteetara (adibidez, Chelmsford Camera Club eta Southsea Exhibition).[9] Ingalaterran egin zuen bere lehen lanen gaien artean loreak, landareak eta txoriak zeuden eta bere lan botaniko eta ornitologikoak 1920ko hamarkadako britainiar testu liburutan erabili ziren.[8]
Hego Afrikan, Minna Keenek hegoafrikar ezagunen argazkiak egin zituen, gero aldizkarien azaletan argitatutakoak eta postal ugari ere egin ziren, esate baterako, Our Malay Washerwoman (1903–1913).[8]
Kanadara emigratu zuen 1913 inguruan. 1914-1915 urteetan Mendi Harritsuei argazkiak ateratzeko lana eskatu zioten Kanadako Canadian Pacific Railway tren enpresakoek, turistentzat mendietara bidaiak saltzeko.[8]
1920an, argazki estudioa ireki zuen Toronton eta gero Oakville-era joan zen bizitzera 1922an.
Argazkigintzan eta argazki tekniketan emakume argazkilariek lan handia egin arren, ez ziren kontuan hartu izan garai hartako gizonak beste. Sari asko irabazi zituen eta argazki estudioak sortu zituen Hego Afrikan eta Kanadan.[10]
Laura Jones kontserbadoreak 1983an sortutako emakume argazkilarien erakusketa baten ondorioz, Keene ama-alaben lana berreskuratua izan zen. Hainbat lekutan egon zen erakusgai: Ontarioko Arte Galeria eta Londresko Arte Galeria Erregionala.[8]
Erakusketak
1910: Erresuma Batuko Royal Photographic Society elkartearen 55. urteroko erakusketa[11]
1911: Erresuma Batuko Royal Photographic Society elkartearen 56. urteroko erakusketa[12]
1913: Erresuma Batuko Royal Photographic Society elkartearen 58. urteroko erakusketa[13]
1983: Rediscovery: Canadian Women Photographers 1841–1941,London, Ontario, Kanada.
2016: Painting with Light: Art and Photography from the Pre-Raphaelites to the Modern Age, Tate Britain, Londres.[1][14][15]
Bildumak
Science and Society Picture Library (‘Zientzia eta Gizarte Argazkien Liburutegia’), Science Museum Group, Londres[16][17]
Erresuma Batuko Artxibategi Nazionalak (‘The National Archives’), Kew, Londres[18].
Minna eta Violet Keenen argazki artxiboak Torontoko Metropolitan Unibertsitateako Irudi Zentroan gordetzen dira.[8]
Ohoreak
1908: Erresuma Batuko, Royal Photographic Society elkarteko kide.[7]
Minna Keenen argazkidun liburuak
Jones, Laura (1983): Rediscovery: Canadian Women Photographers 1841–1941. North London, Canada: London Regional Art Gallery. ISBN 978-0920872253. 13 emakumeren lana jasotzen duen erakusketa katalogoa: Rossetta E. Carr, Clara Dennis, M. J. Dukelow, Millie Gamble, Mattie Gunterman, Elsie Hollway, Minna Keene, Hannah Maynard, Annie G. McDougall, Geraldine Moodie, Gladys Reeves, Madge Smith, Edith S. Watson.[19]
Royal Photographic Society. Women by Women. Rohnert Park, CA: Pomegranate, 1996. 12 emakumeren lana jasotzen duen egutegia: Anne Brigman, Pamela Booth, Eleanor Parke Custis, Gertrude Käsebier, Madame D'Ora, Adelaide Hanscom, Minna Keene, Rosalinda Maingot, Gisela Markham-Szanto, Eveleen Myers, Hilda Stevenson, Dorothy Wilding.
Bassnett, Sarah; Parsons, Sarah (2023): Photography in Canada, 1839–1989: An Illustrated History. Toronto: Art Canada Institute, 2023. ISBN 978-1-4871-0309-5.
↑Canadian Reference Sources: An Annotated Bibliography: General Reference Works, History, Humanities. UBC Press, 1996. Mary E. Bond (compiler and editor) and Martine M. Caron (compiler). ISBN 9780774805650