Maria Angelina Dique Enoque (Manica, 1953ko apirilaren 18a) mozambiketar irakasle eta politikaria da. 1994an Mozambikeko Errepublikako Asanbladarako hautatu zuten Mozambikeko Erresistentzia Nazionala (RENAMO) alderdiko kide gisa[1]. Gainera, Panafrikar Parlamentuko kidea izan zen[2].
Bizitza
Maria Angelina Dique Enoque 1953ko apirilaren 18an jaio zen Manica barrutian, izen bereko probintzian. Haren aita mozambiketarra zen eta amak Hego Rhodesiako nazionalitatea zuen[3].
Lehen hezkuntza amaitu ondoren, Dondoko eskola pedagogikoan sartu zen. 18 urterekin hasi zen irakasle lanetan[3].
1975ean Mozambikek independentzia lortu zuenean, Maputora joan zen bizitzera senarrarekin batera. Han ikasketak jarraitzea erabaki zuen eta Maputoko Unibertsitatean sartu zen (garai hartan Goi Mailako Institutu Pedagogikoa), non portugeseko irakasle gisa lizentziatu zen. 1994tik aurrera, Hezkuntza Plangintzaren Estatuko Institutuan lan egin zuen[3].
Konstituzio erreformarekin eta gerra zibilaren amaierarekin, 1994an alderdi anitzeko hauteskunde libreak egin ziren Mozambiken. Dique Enoqueren nebak, RENAMO alderdiko gerrillari ohiak, bere baimenik gabe erregistratu zuen hauteskunde zerrendan. Hauteskundeen emaitzak jakinarazi zirenean bakarrik jakin zuen hautatua izan zela. 1999an, 2004an, 2009an eta 2014an ere hautatua izan zen, beti RENAMOko kide gisa[3]. 2010 eta 2015 artean parlamentuko presidenteordeetako bat izan zen[4]. RENAMOko presidentea ere izan zen 2015era arte[3].
1972an ezkondu zen, 19 urte zituela. Lau seme-alaba izan zituen. 2009an alargundu zen[3].
Erreferentziak
Kanpo estekak