Jerusalemgo San Joan, Rodas eta Maltako Ordena Subirano Militar eta Ospitalarioa (italieraz: Sovrano Militare Ordine Ospedaliero di San Giovanni di Gerusalemme di Rodi e di Malta), ezagunagoa Maltako Ordena izenaz, ordena militar katolikoa da, XI. mendearen bukaera aldera sortu zena, Lur Santura erromes joaten ziren kristauak babesteko.[1]. Gaur egun, nazioarteko zuzenbidean, erakunde burujabetzat hartzen da eta lurraldez kanpotasun egoera du.[2]. 2000ko hamarkadaren hasieran, 13.500 kide, 80.000 boluntario eta 42.000 mediku, erizain eta laguntzaile zituen.[3] Erroman du egoitza nagusia.
Historia
1050 aldean, Amalfiko merkatariek ospitale bat eraiki zuten Jerusalemen, Lur Santura joaten ziren erromes txiro eta gaixoak zaintzeko. Anaia Gerardo, ospitaleko nagusia, hartzen da Maltako Ordenako sortzailetzat. Lehenengo Gurutzadaren garaian (1096-1099), Europan eta Sirian zituen ongileek dirua eta lur sail asko harentzat eman zituztenean hartu zuen indarra, artean Anaia Gerardo buru zela. Horren ondoren buru egon zen Raimundo Proventzakoak idatzi zuen ordenaren erregela, XII. mendearen hasieran Aita Santuak onartu zuena. Erregela horrek hamarrenak ordaintzetik eta Aita Santua ez zen beste agintari guztien mendetik libre uzten zuen Maltako Ordena. Lur Santuak defenditzeko eginkizuna ezarri zien trukean[1].
Musulmanek Lur Santua berreskuratu zutenean, Ordena hasieran Rodasera (1310–1523) eta gero Maltara (1530–1798) joan zen, non burujabe bilakatu zen[4]. 1798. urtean, Napoleon Bonapartek uhartea okupatu zuenean, bere estatua amaitu zen. Hala ere, Ordenak bizirik iraun zuen. 1961ean Erromak estatutu berriak onartu zituen, eta gaur egun behartsuei eta gaixoei laguntzea da Ordenaren eginbehar nagusia[1]. Bere burujabetza onartzeaz gain, Nazio Batuen Erakundeak begirale estatusa eman dio Batzar Nagusian[5].
Erreferentziak
Kanpo estekak