Léonard Joseph (Léon) Faucher (Limoges, 1803ko irailaren 8a - Marseilla, 1854ko abenduaren 14a) frantziar ekonomialari eta politikaria izan zen. Frantziako "de facto" lehen ministroa izan zen 1851ko apiriletik urrira.
Limogesen jaio zen, eta bederatzi urte zituela, Tolosa Okzitaniara joan zen familiarekin. Arkeologiari eta historiari buruzko ikasketak egin zituen Parisen, baina 1830eko Uztaileko Iraultzatik aurrera, ideologia liberala oinarri hartuta, kazetaritza politikoari ekin zion. Le Temps, Le Constitutionnel eta Le Courrier Français egunkarietan lan egin zuen.
Ekonomia Politikoko Elkarteko kide izan zen, eta ezkerreko posizioetatik moderazioaren alde egin zuen. Herrialde latindarren aduana-batasuna proposatu zuen, Alemaniako Zollvereinen aurka jartzeko.
1848ko Iraultzaren ondoren, Batzar Konstituziogilean sartu zen, eta errepublika-proposamen askoren aurka egin zuen. Luis Napoleon presidente zela, Herri Lanetako eta Barne Arazoetako ministroa izan zen.
Barne ministroa eta "de facto" gobernuko burua izan zen 1851ko apiriletik urrira. Napoleonen 1851ko abenduko estatu-kolpearen aurka agertu zen, eta politikatik erretiratu zen. Zientzia Moral eta Politikoen Akademiako kide izan zen. Marseillan hil zen, Italiara egindako bidaia batetik itzultzeko tifusak.