1895eko abenduaren 13an jaio zen Madrilen familia txiro batean. Bere gurasoak Gabriela Saornil eta Eugenio Sánchez izan ziren. Peñuelas auzoko Labrador kalean bizi ziren. Oso gazte zela, ama eta neba hil zitzaizkion, horregatik, etxeko ardura hartu behar izan zuen pixka bat gazteagoa zen ahizparekin batera. Aitak Albako dukearen etxeko telefono zentralean lan egiten zuen.[1] Aitaren izebarengandik jasotako liburuz eta liburuxkaz beteriko liburutegi txiki bat zuten. Umezurtzentzako "Hijos de Madrid" ikastetxean ikasi zuen. Han egin zituen lehen eta bigarren mailako ikasketak. 1913an bere lehen poema, "Nieve" (Elurra), argitaratu zuen Ciudad Rodrigoko Avante astekarian. [2] 1916an Telefónica enpresan hasi zen telefono operadore lanetan eta urte berean bere lehen olerkiak argitaratu zituen Los Quijotes aldizkarian. [3]Los Quijotes Emilio G. Linera inprimategi baten jabearen ekimena izan zen, eta bertan, gerora Ultraismoaren ordezkari izan ziren poeta batzuk argitaratzen hasi ziren, hala nola Guillermo de Torre. Sánchez Saornilen olerkiak Modernismo dekadentean murgildutako zoraldi sentimentalak zirela esan daiteke.[1] Aldi berean, San Fernandoko Arte Ederretako Real Academian ikasten jarraitu zuen eta abangoardiako mugimenduei hurbiltzen hasi zen, 1919an mugimendu ultraistari atxiki zitzaion arte. Garai hartan zenbait aldizkaritan, Tableros, Plural, Manantial eta La Gaceta Literarian, adibidez, argitaratu zituen bere olerkiak, Luciano de San-Saor ezizena erabiliz.[3] Ezizenaren erabilera eztabaida motiboa izan da. Bi azalpen egon dira ezizenaren erabileraz: bata, bere poemak sorkuntza estetiko hutsa zirela; bestea, ezizenaz desio lesbikoa beldurrik gabe isla zezakeela.[2]
Militantzia anarkofeminista
1920ko hamarkadan poesia utzi zuen eta politikagintzan murgildu zen mugimendu anarkosindikalistaren barnean. Telefónica-ren barruan hainbat gatazka sozialetan hartu zuen parte; enpresak, horregatik, Valentziara lekualdatu eta, azkenean, kanporatu egin zuen.[3] 1927an, Valentzian zela, hainbat egunkari anarkistatan kolaboratu zuen: Bartzelonako Tierra y Libertad eta Solidaridad Obreran, eta Valentziako Umbral eta Fragua socialean. 1929an, Madrilera itzulita, mugimendu anarkistan jarraitu zuen. Han, 1933an, CNT egunkariaren erredakzio idazkaritzaren ardura hartu zuen.[1]
Gerra Zibila, erbestea, klandestinitatea eta heriotza
Sánchez Saornil laster konturatu zen anarkosindikalismoak arlo ekonomikoan soilik jartzen zuela arreta, emakumeen auzia bigarren plano batean utziz; era berean, ulertu zuen estatuaren eta kapitalismoaren aurkako borroka ezin zela patriarkatuaren aurkako borrokatik bereizi.[2] Horrela, 1936an, Mercedes Comaposada eta Amparo Pochekin batera, sortu zuen Mujeres Libres erakunde integral humanista eta anarkista, bere militantzia-lanean garrantzi handia izango zuena.[4]Mujeres Libres Madrilen sortu zen, CNT inguruan, gero Bartzelonara lekualdatu eta handik errepublikaren eremu osoan zabaldu zen.1938an 147 talde eta 20.000 afiliatu izatera iritsi zen.
Bere arduretako bat Mujeres Libres aldizkariaren edizioa izan zen. Lehen zenbakia 1936ko maiatzaren 20an argitaratu eta berehala agortu zen. Bigarrena ekainaren 15ean kaleratu zen. Orotara, 14 zenbaki argitaratu ziren, baina azkena oraindik zegoen inprimategian borroka frontea Bartzelonara iritsi zenean, eta horregatik ez da kopiarik gordetzen.[5]
36ko Gerra hasi zenean, faxismoaren aurkako borrokan hartu zuen parte aktiboki. Uztailaren 19an kalera irten eta La Montañako Kuartelaren kontrako erasoan parte hartu zuen. Gerrako kronikari gisa jardun zuen Guadalajarako fronteetanCNT, Juventud Libre eta Frente Libertario egunkarientzat. Lehen nekazari eta langile kolektibitateen egituraketa lanetan ere kolaboratu zuen.[2]Madrilgo batailan "Madrid, Madrid, mi Madrid" (Madril, Madril, ene Madril) poema osatu zuen eta berak irakurri zuen Radio Madrid igorgailuan etenik gabeko bonbardaketetako gauean.[1] Geroago gerrako frontera joan zen kazetari lanetan aritzeko.[4] Militarren mantxinadaren ondoren lehertu zen mugimendu iraultzaileak aldatu zuen Mujeres Libres aldizkariaren izaera: Sánchez Saornil berak proposatu zuen emakumezkoen lan brigadak eratzea frontean borrokan ari ziren lagunak, behar izanez gero, ordezkatzeko eta banaketa zerbitzua antolatu zuen borrokalarien eta haien familien arteko paketeak eta korrespondentzia hartu eta biltzeko.[6]
1937an Valentziara itzuli zen, eta Mujeres Libres erakundearen talde guztietako idazkaritza nazionalaren ardura hartu zuen. Umbral egunkari anarkistaren erredaktore burua ere izan zen.[7] Han ezagutu zuen América Barroso, hil arte bere bikotekide sentimentala izan zena. Valentziatik Bartzelonara joan zen; han erakundeak Castellarreko nekazal kolektibitateetara joateko eskatu zion. Sánchez Saornilek hainbat erreportaje egin zituen Umbral aldizkariarentzat; erreportaje horiek dokumentu grafikoez lagunduta zeuden eta zenbait eskualdetako arlo sozioekonomikoetan gertatzen ari ziren aldaketa iraultzaileen berri ematen zuten.[6]
1937ko abuztuaren 20tik aurrera Mujeres Libresen Kongresu edo Konferentzia Nazionala hasi zen, non izen bereko Federazio Nazionala eratu zen. Kongresuan, Sánchez hizlari nagusietako bat izan zen.[6]
1938ko maiatzean Solidaridad Internacional Antifascista (SIA) erakundearen idazkaritza nagusia hartu zuen Espainiako sekzioan eta harekin kolaboratu zuen denbora batez Prentsa eta Propagandako idazkaritza lanetan. Gerra amaitutakoan, Frantziako errefuxiatuen kanpamenduetara joan zen. 1940an, América Barrosorekin batera, Parisera joan zen. Bertan, argazki-moldaketa lanean atera zuen bizimodua, Montaubanera joan zen arte, non idazkari lanetan ibili zen Espainiako errefuxiatuak laguntzen zituen Quaker elkartean.
Espainiara ezkutuan itzuli ahal izan ziren Electraren, Américaren ahiztaren, laguntzari esker, muga ondoko La Junqueran bizi baitzen.[4] Hasieran, Madrilen bizi izan ziren. Han, Mujeres Libres ezkutuan antolatzen saiatu ziren Carmen eta Visitación Lobo ahizpekin, baina porrot egin zuten. Baten batek kalean ezagutu zuen Lucía, horregatik, Valentziara joatea erabaki zuten eta bertan bizi izan ziren 1954ra arte. Klandestinitatean zeudenez, errazionamendu-txartelik gabe biziraun behar izan zuten. Margotzeari ekin zion, poesiarekin batera bere lanbidea bihurtuz, nahiz eta inoiz ez zuen ezer argitaratu. 1970eko ekainaren 2an hil zen bularreko minbiziak jota.[2] Ez zuen ezer utzi argitaratuta, Pedro de Valencia margolariari eginiko olerkien irakurketaren berri izan den arren.[8]
Pentsamendua
Lesbianismoari buruz
Sánchez Saornil borrokalari anarkofeminista izateagatik izan zen ezaguna. XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, erbestean ziren Mujeres Libres-eko kide batzuek Lucía lesbiana zela aipatu zuten. Geroago, Pepita Carnicerrek argi eta garbi aitortuko zuen Lucíaren sexu-joera Lisa Berger eta Carol Mazer-en De toda la vida bideo dokumentalean.Pepita Carpena eta Suceso Portalesek ere, laurogeiko hamarkadan, Lucíaz hitz egingo zuten, Mary bikotekidearen aipamenak maiz eginez (América Barrosoren izen txikigarria). Martha Ackelsbergek, Carpena eta Portalesekin izandako elkarrizketen egileak, baieztatu zuen Lucía Sánchez Saornilek, Mujeres Libres-en zegoelarik, ez zuela inongo erreparorik bere bizitzako alderdi hori agerian uzteko, berak defendatzen baitzuen inork ez lukeela inolako oztoporik izan beharko nahi duena maitatzeko, eta norberaren sexualitatea ez dela mugimendu libertarioak balioetsi dezakeen kontu "politiko" bat. Bere lesbianismoa bizitzeko era aitzindaria izan zen, izan ere, Amerika Barrosorekin izan zuen harreman sentimental eta sexuala ez zen sartzen garaiko normatibitatearen muga estuetan; erlazio aske eta, zenbait zirkulutan, ageriko hura emakumezkoen homosexualitatearen baieztapenaren lehen lekukotasunetako bat bihurtu zen Espainian. Bere identitate lesbikoak Bigarren Errepublikatik eta Gerra Zibiletik frankismora bilakaera izan zuen: diktadurapean erabateko anonimotasunean bizi izan zen pairatu zuen erbesteratze hirukoitzagatik, idazle, emakume eta lesbiana gisa.[9]
Sánchezen poesiaren editore Martín Casamitjanaren ustez, bere maitasun poemetan ni liriko maskulino bat eta hartzaile emakumezko bat egoteak adieraz dezake poemok sorkuntza estetiko hutsa direla edo, bestela, bere joera lesbikoen isla direla.[10]
Emakumearen arazoari buruz
Emakumeari buruzko ideia nagusiak 1935eko udazkenean Solidaridad Obrera-n argitaratutako La cuestión femenina en nuestros medios (Emakumeen gaia gure hedabideetan) artikulu sortan eta prentsa anarko-sindikalistan eta Mujeres Libres aldizkarian argitaratutako hainbat artikulutan biltzen dira. Bere ustez, Espainiako emakumeak ikasketarik gabeak eta gizarte gaiekiko ardurabakoak ziren, baina egoera horren arrazoia historian zehar izan zuten menpekotasuna zen. Proudhonek berak esan bezala, emakumeak gizartean izan zezakeen aukera bakarra burdelera edo ezkontzara mugatuta zegoen. Teresa Claramunti jarraituz, gizonezkoen nagusikeriak emakumeen esplotazioa areagotu zuen. Horrela, emakumeek esplotazio bikoitza jasan zuten, gizaki gisa kapitalismoaren partetik eta emakume gisa gizonen aldetik, nahiz eta azken horretan, batez ere intelektualen artean, egoera zertxobait hobetu zela aitortu zuen.[11]Gregorio Marañon kritikatu zuen, bere izena aipatu gabe, gizon eta emakumeen arteko desberdintasun fisikoa defendatzen zuelako. Izan ere, endokrinologo honek Ana Martínez Sagi artatu zuen, gurasoak alabak omen zituen kirol zaletasun eta kezka intelektual bitxiengatik arduratuta zeuden eta. Sánchez Saornilen ustez, desberdintasunak gizonak eta emakumeak hazten diren inguruneari zor zaizkio. Bai ni poetikoan, bai ni politikoan bere espiritu kritikoa beti egon zen presente. Hari esker ez zuen inolako kredorik idealizatu eta ikuspegi feminista osoa erakutsi zuen. Psikoanalisiaren eta sexuen bereizteari buruzko teorien irakurketa feminista burutu zuen; horrela, emakumea bere pasibotasunetik askatzeko proposatu zuen errepresio mekanismoen existentziaz kontzientzia hartzea eta mekanismo horiek norberaren konfigurazioan duten ahalmen urria ezagutzea. Era berean, esan zuen gizonak emakumeaz duen irudia muturreko bi kontzepturen artean oszilatzen zuela, amaren eta prostitutaren kontzeptuak, alegia, pertsonari erreparatu gabe, hau da, emakumeari izaki arrazional, pentsatzeko gai eta autonomo gisa.[12]
Familiari buruz
Anarkismoarentzat, familia eta ohiko ezkontzaren alternatiba maitasun librea zen, eskubide berdinak dituzten pertsonen arteko harreman sentimentalak ahalbidetzen zituena. Hala ere, praktikan ez zen beti horrela izaten, izatez, zeremonia zibilak egiten ziren Ateneoetan eta sindikatu anarkistetan. Horregatik, Sánchez Saornilek Mujeres Libres aldizkarian artikulu bat idatzi zuen atzerapauso hori salatzeko: "Proyecto para la creación de una fábrica de bodas en serie (Churros auténticos)" (Ezkontzak seriean ekoizteko fabrika bat sortzeko proiektua. Egiazko txurroak.). Ezkontza prostituzioarekin parekatzera iritsi zen, emakume ezkonduei soldata propioa eta nolabaiteko berdintasun morala falta baitzitzaien.[9]
Amatasunari buruz
Emakume anarkista gehienek, Federica Montseny, Amparo Poch y Gascón eta Mercedes Comaposadak, adibidez, umeak izatea emakumearen bizitzaren gailurra dela uste zuten; Sánchez Saornilek, ordea, amatasuna emakumeek gauza ditzaketen aukera guztien artean bat baino ez dela defendatu zuen.[9] Horrez gain, "ama kontzeptua emakumearena ezerezten ari dela, hau da, funtzioak norbanakoa baliogabetzen ari dela" esan zuen. "Anarkista batentzat, langilearen aurretik, gizona dago, eta amaren aurretik emakumeak egon behar du ".[13]
Ibilbide poetikoa
Poesia
Sánchez Saornilen hasierako lan poetikoa Modernismoan sailka daiteke lehen momentuan, eta gero Ultraismoan. Azken mugimendu hori utzi egin zuen, eta bere ahalegin guztiak eskaini zizkien literatura konprometituari eta Gerra Zibileko erromantze belikoei. Bere bizitzaren amaieran, heriotzaren gertutasunaren aurrean, minaz blaituriko poesiari ekingo dio. Bere bizitzan argitaratutako liburu bakarra Romancero de Mujeres Libres (1938) izan zen (Mujeres Libres-en erromantze-bilduma).[12]
Modernismoa eta Ultraismoa
1917 eta 1919 artean Los Quijotes aldizkarian modernistatzat har daitezkeen hamabi olerki argitaratu zituen. Estilo honen motiboak behin eta berriro errepikatzen dira: lorategiak, ilunabarrak, udazkenak..., baina barruko paisaiaren sinbologia galdurik dute, baliabide espazial hutsak dira. Metrika eta errima errespetatzen ditu: errima kontsonantea, lauko txikiak, erredondilak, sonetoak... Beste arte batzuk ere islatu nahi ditu bere olerkietan, hala nola, pintura eta eskultura, eta mundu sentsoriala jaso nahi du: usainak, soinuak... Hizkuntza erotikoaz baliatu zen, haragizko desioa aipatzen baitzuen; horrek harridura handia eragin zuen bere nortasuna jakitean.[14]
Baina bere poesiak aldaketa nabaria izan zuen aldizkari abangoardistenetan, Grecia, Cervantes eta Ultra-n, argitaratzen hasi zenean. 1918a lehenengo manifestu ultraistaren urtea izan zen. Horrela, "El madrigal de tus sortijas" (Zure eraztunen madrigala) prosazko olerkiak poesia ulertzeko moduan jada trantsizioa islatzen zuen. Tonua modernista bazen ere, bizitza modernoaren elementuak biltzen zituen: "anpoila elektriko handiak". Bere lehen poema abangoardista garbia "Cuatro Vientos" (Lau Haize) izan zen, 1919ko ekainean Cervantes aldizkarian argitaratua, Cansinos-Assens- ek "Los poetas del Ultra" izenburuarekin egindako aukeraketa baten barruan. Poemak Madrilgo aireportua eta gertatutako istripu bat aipatzen zituen, mundu modernoaren gorespen argia eginez. Lehen abangoardiak bezala, tipografia ere erabili zuen.[14] Sánchez Saornilek Ultraismoarekin izan zuen lotura, zalantzarik gabe, kointzidentzia bat izan zen, Manifestuaren 10 sinatzaileetako batzuk Los Quijotes-en ohiko kolaboratzaileak zirelako, bera ez baitzen tertulia edo ekitaldi publikoetara joaten. Bere izenarekin sinatu zuen lehen poema "Hora" (Ordua) izan zen, puntuazio markak guztiz ezabatzen dituena. Poemarik abangoardistenak 1921ean Ultra-n argitaratutakoak dira, non loturarik gabeko irudiak, amaitu gabeko esaldiak eta hiri bizitzako motiboak erabiltzen zituen. Garbitasun estetikotik konpromiso politikora igarotzeak Espainiako bizitzaren politizazio gero eta handiagoa islatzen du.[1]
Garai honetako maitasun poesiak anbiguotasuna du ezaugarri nagusia. Ez bakarrik ezizen batez sinatzen zuelako, ezpada erabiltzen zituelako errautsa, gaua, isiltasuna, iluntasuna, ispilua, ura, ametsak... bezalako metaforak, beste poeta lesbiko batzuekin ( Carmen Conde eta Ana María Martínez Sagi) partekatutako kode arrunt bati erantzuten ziotenak.[15]
Queer teoriaren arabera, poema modernista eta abangoardistetan, Sánchez Saornilek, ezizena erabiliz, gizarte patriarkalak ezarritako rol generikoetan sartzeko beharra salatzen zuen, idazle gisa zilegitasuna lortzeko zuen modu bakarra zelako. Gainera, izenaren eta ezizenaren aldizkako erabilera (alferrikakoa, bere poemen egiletza oso ezaguna zelako ultraisten zirkuluetan beren eduki erotikoagatik) baliatzen du identitate alternatiboak aurkezteko, zeinekin emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriak berraztertu eta zalantzan jarri ahal dituen.[16]
Konpromiso politikoa
Mugimendu ultraistatik alde egin zuen, korronte honek defendatzen zuen literatura berritzeko nahia ez zelako letren mundua iraultzen ari; horregatik ekin zion kazetaritza lanari eta konpromiso politikoko literatura idazteari. Anarkismoaren dibulgatzaile bikaina izan zen. Garaiko gizartea onbideratu nahi zuen, eta horretarako, indarrean zeuden botere egiturak desegin, nagusi ziren kultura formen iraultzaren bidez, eta berdintasunezko gizarte berri bat sortu, zeinen kideak kapitalismoa eta erlijioa bezalako kanpo-indar alienanteetatik libre izango liratekeen. Madrilgo CNT hedabide libertarioan aritu zen idazkari lanetan 1933ko erdialdetik. Han, Literatura nada más (Literatura, besterik ez) saiakera argitaratu zuen. Bertan, agerian utzi zuen bere bilakaera pertsonal eta literarioa, abangoardiako estetikatik politikoki konprometituta zegoen literaturara pasatu zen, eta abangoardiari eraso egin zion "ikonoklasta burgesak" besterik ez zirela baieztatuz.[12]
1936an, Madrilgo bataila zela, "Madrid, Madrid, mi Madrid" (Madril, Madril, ene Madril) poema idatzi zuen, Mujeres Libres aldizkariaren 6. zenbakiaren azala izango zena.[17] Poema hau bere Romancero de Mujeres Libres-en (Mujeres Libres-en erromantze-bilduma) sartu zen. Liburu honetakoak militantziatik idatziriko poemak dira, sentimendu iraultzaileak pizten saiatzen dira. Horren adibide garbia, "Himno de Mujeres Libres" (Mujeres Libres-en himnoa).[1] Etapa honetan poemaren edukia forma baino garrantzitsuagoa da. Bere helburua emakumezkoen borroka eta emakumeak gizartean duen presentzia nabarmentzea da. Horrela, "Romance de La Libertaria" (Emakume libertarioaren erromantzea) edo "Romance de la vida, pasión y muerte de la lavandera de Guadalmedina" (Guadalmedinako ikuzlearen bizitza, pasio eta heriotzaren erromantzea) bi emakume iraultzaileri eskainitakoak dira: María Silva Cruz eta Encarnación Giménez.[18] "Romance de la Libertaria" poeman María Silva Francisco Cruz "Seisdedosen" bilobaren bizitza glosatu zuen, Casas Viejaseko sarraskian heriotzatik ihes egin zuen baina bi urte geroago fusilatuko zuten anarkista. Bere prosa Mujeres Libresek argitaratutako Horas de revolución (Iraultza orduak) liburuxkan ere bildu zen. Berau osatzen duten hogeita hamahiru artikuluek ez daramate inolako erreferentziarik.[6]
Barne erbesteko olerkiak
Badirudi Sánchez Saornilek inoiz ez ziola poesia idazteari utzi. Espainian argitaratzerik ez zuenez, olerkiak Hego Amerikara bidaltzea erabaki zuen, baina ez zuen erantzunik jaso eta ez zuen kopiarik gorde. Horregatik, etapa honetatik argitaratu gabeko poema batzuk baino ez dira gordetzen. Sonetoak dira batez ere, eta haien funtsezko kezka heriotzaren hurbiltasuna, bere bizitzaren balantzea eta transzendentzia nahia dira.[1] 23 olerki dira. Haien gai nagusiak heriotza ez onartzea eta bizitzeko nahia dira, eta oinarriturik daude bere bizitzaren auto-azterketan, gaztaroaren oroiminean eta Jainkoari zuzendutako deian, zeinen existentzian sinetsi nahi zuen zalantza uxatu ezin bazuen ere. Ni poetikoak haratago bat, justuago eta berritzaileagoa, dagoela sinetsi nahi du, baina ideia hori gezurra dela susmatzen du eta heriotza onartzeko lasaitasuna eskatzea besterik ez zaio geratzen.[12]
Erreferentziak
↑ abcdefgMartín Casamitjana, Rosa. «Lucía Sánchez Saornil: de la vanguardia al olvido». DUODA: estudis de la diferència sexual, [on line], 1992, 3. zk, 45-66. or., https://www.raco.cat/index.php/DUODA/article/view/60001 [2021-03-19an kontsultatua].
Ackelsberg, Martha A. Mujeres Libres. El anarquismo y la lucha por la emancipación de las mujeres, Barcelona, Editorial Virus. 2000. {{ISBN|84-88455-66-6}}
La mujer en el anarquismo español. Edición CNT. Madrid. 2017. {{ISBN|978-84-697-5532-7}}