Musika-munduko familia bateko semea zen, eta konposizio- eta zuzendari-ikasketak egin zituen Bartzelonako Udal Musika Eskolan; han, Vicenç Maria de Gibert izan zuen irakasle. Musikagile gisa, batez ere ahotserako musika-lanak egin zituen: Poema nadalenc (Gabonetako olerkia), bakarlari, koru eta orkestrarentzat; Agar, koru-olerkia; eta El rústec villancet, baserri-giroko gabon-kanta, lau ahots eta orkestrarako lana. Bartzelonako hainbat musika-eskolatan ibili zen solfeoa, musikaren historia eta estetika, erlijio-obrak, kanta herrikoiak eta sardanak irakasten, baina ospea Orfeó Català abesbatzaren zuzendari gisa hartu zuen. Koru horren zuzendaritza 1945ean hartu zuen, eta 1977an utzi behar izan zuen kargua, osasun-arazoak zirela eta. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Milleten ahalegin eta lan handiari esker, berrosatu ahal izan zen abesbatza ezaguna.