Larrun eta Sarako leizeetatik gertu dagoen mendate honetan usoaren ehizan ibiltzen da. Oso lepo bilatua eta aktiboa da usategiko ehiza-garaian. Gailurrean zaintza- eta tiro-postuak daude.
Lizarrietako pasabidea udazkeneko hegaztien migrazioaren ikusteko Pirineoko gune nagusietako bat da, Pirineoko migrazio-lepo nabariena da, guztien artean mendebaldekoena, eta 441 metroko altitudearekin, baxuena ere bada, Ibanteli (698 m) eta Atxuria (756 m) tontorren artean.
Altitude baxuak klima jasangarri bat ematen dio. Organbidexkan egoten diren haize indartsuak ez daude hemen, ez eta Lindus-eko hezetasun handia ere. Baina, batzuetan, hemen ere, hegoaldeko haizeak hegazti migratzaileak gerarazi egiten ditu hainbat egunetan. Eta halakoetan haizea aldatzen denean (iparraldekoa edo ipar-ekialdekoa jarrita), biratu bezain laster ordu gutxitan ehunka mila hegazti migratzaileen fluxua sortzen du.[2]
Populazioaren erregresio handia jaso duen Miru gorri migratzailearen jarraipena egiteko gune garrantzitsua da hau, baina beste hegazti-espezie asko ere ikus daitezke hemen. Belatzak eta uretako espezie asko ikusten dira, bereziki antzarak.[2] Guneak interes handia du hegazti harraparien, kurriloen eta usoen migrazioaren jarraipenean. Gaur egun, CPAL («Comptage, protection et animation à Lizarrieta») elkarteko ornitologoak arduratzen dira behaketa sistematikoa egiteaz. Zenbaketa horien emaitzak eskuragarri daude Frantziako migrazio-atarian. Atari horretan, internautek datu horiek zerrenda edo grafiko gisa kontsulta ditzakete, eta migrazioaren datuak alderatu Frantziako beste lekuetakoekin edo beste urte batzuetakoekin.[3]