Linda Preiss Rothschild (Filadelfia, Pennsylvania, AEB, 1945eko otsailaren 28a) estatubatuar matematikaria da.
Biografia
1966an lortu zuen lizentzia Pennsylvaniako Unibertsitatean, eta 1970ean Matematikako doktoregoa, Massachusettseko Teknologia Institutuan. Princetongo Unibertsitatean baztertu egin zuten graduazio-lana, unibertsitate hartan gizonezkoak bakarrik onartzen zituztelako aitzakian. Hainbat erakundetan eta unibertsitateko irakasle bisitari gisa lan egin ondoren, matematikako irakasle laguntzaile izendatu zuten Wisconsin-Madisongo Unibertsitatean 1976an, eta irakasle, 1979an.
1983az gero, Kaliforniako Unibertsitateko matematika-irakaslea da San Diegon. Rothschildek ekuazio partzial diferentzialak, analisi harmonikoak eta, azken urteetan, aldagai konplexuen alderdi analitiko eta geometrikoei buruzko lanak egin ditu nagusiki. Bestalde, kezka berezia erakutsi du matematiketan jardun nahi duten emakumezkoekiko, eta lan handia egin du haien prestakuntzaren alde. Besteak beste, Matematiketan Diharduten Emakumezkoen Elkarteko lehendakari izan zen 1983tik 1985era, eta Amerikako Matematika Elkarteko lehendakariordea, 1985etik 1987ra.
Erreferentziak