Leon Tornikio Kontoleon (latinez: Tornicius Condoleo, italieraz: Tornichio) Italiako katapana izan zen 1017ko maiatzetik irailera arte.
Italiara joan aurretik Zefaloniako strategosa izan zen. Strategos gisa Basilio Mesardonitesi lagundu zion Apulian, 1011n lombardiar matxinada bukatu zen arte.
Basilio hil zenean 1016 edo 1017an Leon izan zen bere ordezkoa, Italiara berriro itzuliz 1017an. Garai horretan Melo Barikoa berriro matxinatu zen, oraingoan normandiar mertzenario talde baten laguntzarekin, normandiar Drengoten gidaritzan. Leon Tornikoek bere jenerala zen Leon Pasiano bidali zuen eta Arenulan zeuden bi armadak, Fortore ibaiaren ondoan. Lehen gudu honen emaitza ez da oso argia: Gilen Apuliakoa kronistaren arabera ez zen irabazle argirik egon, eta Leo Ostiakoaren arabera garaipena Melorentzat izan zen. Leon Tornikio katapanak ondoren bere esku hartu zuen gidaritza eta bere armada bigarren gudu batera bidali zuen, Civitatik gertu. Bigarren gudu honetan Leon Pasiano bizantziarra hil zen eta Melo Barikoak irabazi zuen, nahiz eta Lope Protospatario eta Bariko kronista anonimoaren arabera galdu zuen. Hirugarren guduan ziurtzat ematen da Melok irabazi zuela. Vaccarician izan zen eta Fortoretik Traniko portura arte dagoen eremu guztia Meloren esku geratu zen. Irailean Leon Tornikio Kontoleon bere kargutik kendu zuten eta Basilio Boioanes jarri zuten. 1017ko abenduan iritsi zen Italiara.