Lau Behi Donostiako laukote honek rock&roll, rhythm&blues eta funk doinuak jorratu zituen lehen diskoetan, baina urteak pasa ahala power-pop musikaren ildora gerturatu zen. Hiru disko luze eta Txakun taldearekin partekaturiko EP bat argitaratu zituen. Taldekideen artean Mikel Azpiroz zegoen, azken urteetan estudioko musikari gisa nabarmendu den teklatu jotzailea.
Taldea
Lau Behi taldea 1994ko udan sortu zuten Mikel Azpiroz (gitarra, hammond organoa eta ahotsa), Alberto Bosch (baxua), Juanra Etxaburu (bateria) eta Txenan Calvok (gitarra). Donostiako pop eta blues taldeetan aritutakoak ziren horietako batzuk, Blues Stop taldean esaterako, eta gisa horretako doinuak jorratzeko osatu zuten talde berria. Donostia inguruko taberna eta areto txikietan emanaldi ugari egin ondoren, berehala argitaratu zuten lehen diskoa, Lau behi (IZ, 1995). Hammond organoa, pianoa eta gitarra elektrikoaren gainean eraikitako rock&roll eta rhythm&blues kutsuko kantuak aurkezten zituen laukoteak estreinako lan hartan. Daniel Lazerus soinu hartzaile estatubatuarrak grabatu zuen diskoa; Joe Cocker, Violent Femmes edota Mike Oldfieldekin lan egindakoa da Lazerus. Gehienbat Gipuzkoan izan zuen oihartzuna diskoak, eta bertan eman zituen kontzertu gehienak, tarteka Bizkaira, Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira atera arren.
Bigarren diskoari heldu aurretik, hiru kantu grabatu zituen Txakun taldearekin partekatutako Merke & ona EPrako (IZ, 1996). Udan bi taldeen promozioa egiteko helburuz kaleratu zuen IZk disko konpaktu labur hori. Lau behi-bi (IZ, 1996) aurrekoa baino gitarreroagoa gertatu zen; kantuak landuagoak eta jantziagoak zeuden, eta rhythm&blues musikaren eraginari eusten zion (Allman Brothers, Steve Ray Vaughan...), baina funk eta country ukitu koloretsuak ere erakusten zituen. Kontzertuz kontzertu, ahoz aho, pixkanaka-pixkanaka taldearen izena hedatuz joan zen, betiere Euskal Herrian garai hartan gehien entzuten ziren musiken estiloetatik kanpo egon arren.
Taldeak kontzertuetan etenaldia egin zuen 1998an, hurrengo lana prestatzeko. Tarte horretan Txenan Calvok taldea utzi zuen, ez baitzuen oso gustuko estilistikoki hartzen ari zen bide berria. Izan ere, power-pop aldera jotzen zuten Lau Behiren kantu berriek, indarra melodietan jarriz. Lan berria kaleratzeko proposamenari IZk entzungorrarena egin ostean, Oihuka diskoetxeak argitaratu zuen Lau Behiren azken lana: Emakume interesgarriak (2000). Diskoan Joseba Tapiak kolaboratu zuen, besteak beste. Mikel Azpirozek horrela azaldu zuen disko horren aldaketa nagusia: "Lehen, abestia gure zerbitzura jartzen genuen, gure posibilitateetara eramaten genuen, baina orain gure posibilitateak abestira moldatu ditugu... Heldutasun batera iritsi gara, unidade batera kontzeptu aldetik; energia guztia abestiaren blokera eraman dugu eta bloke indartsu bihurtu dugu. Orain lortu dugu Lau Behiren nortasunik sakonena". Kantu zuzenak, apaingarri gutxikoak eta melodikoak biltzen ditu Lau Behin azken lanak.
Diskoak CD-ROM bat zekarren azken pistan, "Ez dakit" izenekoa. Hainbat sari jaso zituen: SGAErena, Bartzelonako Movius saria, eta Espainiako diseinatzaileen Laus saria, hain zuzen ere.
Lau Behiko taldekideetatik Azpirozek egin du ibilbiderik oparoena musikan. Estudioan zein zuzenean hainbat talde eta bakarlarirentzat lan egiteaz gain (Jabier Muguruza, Negu Gorriak, Anari, Anje Duhalde, Parafünk...), Elkano Browning Cream taldeko partaide eta konpositorea da. Alberto Bosch Parafünk-eko kidea izan zen, eta gaur egun Hotel taldean ari da.
2016an abesti onenak biltzen zituen diska kaleratu zuten.
Diskografia
- Lau behi (1995, IZ)
- Merke eta ona (1996, IZ)
- Bi (1996, IZ)
- Emakume interesgarriak (2000, Oihuka)
- Onenak (2016, Mamusik)
Kanpo estekak