Landetxe Kultur Aretoa. GipuzkoakoOiartzun herrian dago eta herriko kulturgile eta kulturzaleen topagunerako kulturgunea da. Izaera publikoa du, eta jabetza Oiartzungo udalarena da.
Kokalekua
Elizalde auzoko Landetxe plazan kokatua dago, aurreko Egiania edo Landetxe etxea eraitsi eta bere eremuan eraikia. Azpian geratu dira XVI. mendeanUrdinolatarren palazioa zenaren aztarnak. Romana Urdiñolak XIX. mendearen bukaeran eraikitako Egiania edo Landetxetik zutik geratzen diren bakarrak, bertan ezarritako armarria eta zutabeak dira, orain eraikin berriaren atarian kokatu direnak.[1]
Historia
2023ko martxoaren 10ean ireki zituen ateak Landetxe Kultur Aretoak. Oiartzungo herriak zuen gabeziak eraman zuen espazio hau diseinatzera. 2016an hasi zen Udala proiektua hezurmamitzen. Oiartzunek zituen behar estrategikoak aztertu eta lau lehentasun identifikatu zituen: kultur aretoa, zahartze aktiboa sustatzeko jubilatuentzako egoitza berria, euskara indartu eta eragile guztiak elkartuko zituen espazioa eta gizarte zerbitzuak eta zaintza erdigunean jartzeko azpiegitura egokiak. Lau lehentasun horiek izan dira Landetxe sortzeko oinarria. Udalarentzat obra eta eraikina bera baino garrantzitsuagoa izan zen proiektu osoa hasieratik herritarrekin elkarlanean definitzea. Horretarako arloz arlo parte-hartze prozesuak jarri zituen martxan: Kultur eragileekin aretoa diseinatzeaz gain, Oiartzungo kultur eredu propioaren inguruko hausnarketa egin zuen. Euskalgintzako solairua bertako eragileekin elkarlanean diseinatu zen, haien premietara egokitzeko. Jubilatuen beharrak ezagutzeko ere parte-hartze prozesua egin zuen.[2]
Eraikina
Astazaldi Arkitektura Estudioak diseinatutako 780m2ko eraikina da, hiru solairutan banaturik. Egituraz eta ekipamenduz era minimalistan eraikia da. Kanpoaldeko hormak zurez, harriz eta metalez estalita daude, urre zaharraren antzeko tonalitatearekin. Argi naturala sartzen da terrazako leihateetatik eta teilatuko argizuloetatik. Orotara 6,5 milioi euroko kostua izan du.[3] Egoitzak bere barne hartzen ditu: Kultura, ongizatea, zahartze aktiboa eta euskara sustatzeko espazioa,[4] modu honetara banatua:[5]
0 solairua
Kulturgunea dago, auditorio moduan pentsatua. 249 eserleku ditu. Harmailak automatikoki ireki eta gordetzen dira, eta jasota daudenean 600 pertsonentzako tokia du auditorioak. Entsegu-gela, kamerinoak, bulegoak eta beste zerbitzuak ere baditu.
1. solairua
“Gazte Izanak” jubilatuekin eta oro har herriko adinekoekin lan egiten duten beste elkarte batzuen eremua. Bertan kokatzen dira, baita ere, ile-apaindegia eta podologia zerbitzuak. Espazio horien ondoan taberna dago, terraza handi batez hornitua.
2. solairua
Euskararen eremua. Udal euskara zerbitzua bertan kokatu da, eta horrekin batera UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea), Oiartzun Irratia, Intxixu AEK euskaltegia eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunea.
Iruditegia
Gune-banaketa
Kultur aretoa
Kultur aretoko sarrera
Aretoa
Aldagelak
Jubilatuen egoitza
Euskalgintzaren solairua
Taberna
Xabier Leteri eskainitako eskultura
Bataio agirian jasotakoaren arabera, Xabier Lete BergaretxeEgianian jaio zen, 1944ko apirilaren 5ean, kultur areto berria egin den tokian. Sortzaileak euskal kulturan utzitako aztarna beti presente izateko, Eneko Salaberriak egindako 'Lete' eskultura jarri da idazlea jaio zen etxearen ondoan, kultur aretoko sarrera nagusiaren alboan. Horrela Leteren jaiotetxetik metro gutxira, txoko berria du bere memoriak.[6]
Inaugurazio ekitaldia 2024ko urtarrilaren 14ean egin zuen udalak, Letek 80 urte beteko zituen urtea zela kontutan hartuta.[7]