Kumulu

Artikulu hau hodeiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kumulu (argipena)».
Kumulua

Kumuluak
Altitudea: 2 kmtik behera
Prezipitazioa: Kumulu humulis eta mediocrisek jeneralean ez, baina congestusek batzuetan bai.
Laburdura: Cu
Ikurra:

Kumuluak (latinez: cumulus, "pila", "mordoa") garapen bertikal nabarmena eta ertzak ongi definituak dituzten hodei bakartuak dira. Hodei kotoikarak dira eta gainaldeak, askotan, azalorearen antza izaten du. Zuri distiratsuak dira eguzkiaren argia islatzen dutenean. Azpialdea ilun eta horizontal samarra izaten dute[1]. Bakarrik, lerrotan edo taldetan ager daitezke.

Kumulu motak

Hodei genero honetan lau espezie daude [2]:

  • Humilis: Garapen bertikal txikia. Altuak baino zabalagoak izaten dira. Eguraldi oneko hodeiak, ez dute euririk ekartzen.
  • Mediocris: Garapen bertikal moderatua. Gainaldean konkor eta kimuak izan ditzakete. Altuak bezain zabalak ikusten dira. Ez dute euririk ekartzen.
  • Congestus: Garapen bertikal handia. Gainaldea azalore itxurakoa. Zabalak baino altuagoak ikusten dira. Euri zaparrada laburrak eragiten dituzte.
  • Fractus: Inguru irregular eta saretua. Euri-hodeien azpiko aire hezean sortzen dira.

Baldintza meteorologikoak egokiak direlarik (ezegonkortasuna, hezetasuna eta gradiente termikoa) congestus motako kumulua kumuluninbo bilakatzen ahal da.

Sorrera

Sakontzeko, irakurri: «Arraste (meteorologia)»

Konbekzioz sortzen dira, hau da, aire masa bero eta hezea gorantz igotzen hasten da eta altueran hoztu ahala hezetasun hori kondentsatu egiten da. 45 minutu nahikoa dute eratzeko. Aire masa txikiak izaten dira eta ondorioz hodeiak ere txikiak izan ohi dira. Orokorrean hodei asko pilatzen dira eremu txiki batean.

Prezipitazioak

Ez dute prezipitaziorik ekartzen. Aire masa beroaren eta hotzaren arteko desberdintasuna oso handia bada masa handi bat azkar igoko da gora eta kumuluninbo erraldoi bat eratu dezake. Orduan trumoi-ekaitza sortuko da.

Iruditegia

Erreferentziak

  1. Euskalmet: Kumulua[Betiko hautsitako esteka]
  2. Pretor-Pinney, Gavin (2006). Guía del observador de nubes. Salamandra, ISBN 978-84-9838-130-6

Kanpo estekak