Kristo Ebolin geratu zen

Aliano herria, zeinetan deserriratuta egon baitzen Carlo Levi idazlea.

Kristo Ebolin geratu zen (italieraz, Cristo si è fermato a Eboli) Carlo Levi idazle italiarrak 1945ean argitaratu zuen eleberri bat da, euskaraz 1997an agertu zena, Koldo Bigurik itzulita. Liburuak arrakasta handia lortu zuen berehala bai Italian eta bai kanpoan ere eta idazlearen margolari karrerari berari egin zion itzala. Istorioa zinerako eta telebistarako egokitu zuten 1979an Gillo Pontecorvok eta Francesco Rosik: Gian Maria Volonté antzezleak jokatu zuen Carlo Levi idazlearen papera.

Eleberri honetan, Italiako hegoaldean, Estatuak abandonaturik bizi ziren nekazarien bizimodu latza salatu zuen. Leku abandonatu haietara Kristoren beraren hitza ere ez zelako iritsi ipini zion izenburu hori bere lanari. Carlo Levi Italiako faxismoaren garaian 1935etik hasita hiru urtez deserriratuta egon zen bazter hauetan, Lukania (edo, gaur egun, Basilicata deitzen den) eskualdean, eta esperientzia horretan oinarrituta idatzi zuen bere eleberririk ospetsuena den hau.

Liburua 1944an idatzi zuen, Italiarentzat eta autorearentzat berarentzat dramatikoa zen garaian, Levi Florentziako erresistentzia antolatzen zebilelarik, etxe batean ezkutaturik eta bakardadean, nazi eta faxistengandik babesteko.

Liburuaren kontagaia

Levik 1935-36 bitartean Lukanian egindako erbestealdia da; oroitzapen-liburua da, beraz, baina literatura-balio ukaezinak dituena. Narrazioa gertakari gutxitan oinarrituta dago, herri baztertu batzuetako pasadizo arruntetan, baina haien bidez Levik nekazarien unibertsoa aurkitzen du, berak ezagutzen duen zibilizazio hiritarrarekin zerikusirik gabea: unibertso zahar bat, lurrari loturiko tradizio aspaldikoen, gorabehera naturalen, animalien eta espirituen munduaren jiran bizi dena, magiazko sinesteen eta ohituren indarra galdu ez duena. Autorea jakinmin eta errespetu handiz hurbiltzen da mundu horretara, bere azalpen ia etnografikoetan herriko eta biztanleen hainbat irudi interesgarri erakutsiz: otso-aztia, urdanga-osatzailea, Giulia sorgina, malariak jotako nekazari eta umeak, kritika soziala egiten duten herri-antzezpenak... Nekazarien sinesteek ere beste mundu bat osatzen dute, interes handikoa, haren aspaldiko bandiduen altxor ezkutuekin, giza jendeari adarra jotzea maite duten monachicchio izeneko espiritu jostariekin, maitasun-edabeekin, senarra Ameriketan duten emakume abandonatuekin...
Baina tradizio hain aberatseko nekazari mundu horren beste aurpegia agertzen denean, nekazariek nozitzen dituzten zapalkuntza eta pobrezia latza, gaixotasun sendagarrien mehatxu hilgarria, lur erreak emandako uzta txarrak, zerga zentzugabeak, Abisiniako gerrara joateko engainuak, bidegabekeria sozial izugarriak, eta ugazaben axolarik eza eta nagusikeria ikusiko ditugu. Hori esan nahi du izenburuak, ez denbora, ez Historia, ez arrazoia ez eta itxaropena ere ez zirela inoiz iritsi lur haietara; Estatua bere gerrekin, carabinieriekin, zergekin eta utzikeriarekin bakarrik iritsi zela hara.
Egoera horretan, Carlo Levi pintoreak mediku lanetan hasi beharra sentitzen du, bere inguruko jende zoritxarreko haiek nolabait sendatzen saiatzeko, sendagairik gabe, tresnarik gabe, harik eta gizarte hartako handikien gaiztakeriak debekatuko dion arte. Herriko burges eta lurjabe zikoitz, dirugose eta elkarrenganako etsaitasunez beterikoen aldetik eta Erromako Estatu urrun eta zitalaren aldetik, oztopoak eta debekuak baino ez datoz. Horiek dira Leviren iritziz Italiako Hegoaldekoaren eta, oro har, Italia osoaren hondamenaren erantzunkizuna dutenak. Nekazarientzat Ameriketara joatea da miseria horretatik ihes egiteko era bakarra, eta horregatik haien etxeetan Amabirjinaren irudiekin batera Estatu Batuetako presidentearen argazkia ere egon ohi da, itxaropenaren eta bizimodu hobearen sinbolo gisa. Horregatik, herri haietan emakume asko bakarrik daude, senarra noizbait alde egin eta sekula itzuli ez zelako, emakumeak ume piloarekin utzita, edo umeetako batzuk berarekin eramanez, askotan betiko.
Horiek dira liburu honen gaiak, bihozkortasun eta zorroztasun miragarriz kontatuak, eta eleberria aspaldi idatzi zen arren, ez da inola ere liburu zaharkitua, bertan salatzen diren arazoetako askok oraindik konpondu gabe dirautelako.

Kanpo estekak