Zeta zuhaitza edo Konstantinoplako akazia (Albizia julibrissin) Fabaceae familiako zuhaitz hosto-erorkorra da. Jatorriz Asia hego-mendebalde eta ekialdekoa, mundu zabalean hedatua dago gizakiaren eraginez. Apaingarritzat erabilia da, albizia mota honek lore ederrak baititu, ponpoi arrosa itxurakoak, eta eite zabal eta hosto arinak baititu, itzalpe leuna emanez. Baina erraz bertakotzen denez, ugalketa sexual eta asexual emankorrak lagunduta, munduko hainbat eskualdetan landare inbaditzailetzat hartzen da, batez ere AEBetan.
Azpi-espezie, barietate eta kultibar ugari deskribatu dira: lore kolorearen arabera (arrosa, zuria, horia edo gorria), hosto kolorearen arabera (berdea, brontzea, gorrixka) eta eitearen arabera (eroria, zapala...)
Lore arrosa eta gorriak
'Athens County' - Lore arrosak. Hotza jasaten ez duena.
'Boubri' ('Ombrella', 'Umbrella') - Lore arrosa bizia. Eite zabala: 8-12 m garai eta 6-10 m zabal. Hosto berde ilunak. Hotza ondo jasaten du.