Bazter honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. VII. mende inguruan; izan ere, Enontekiö bizilaguneko Ounasjärvi aintziran aurkitu diren lehenengo biztanle hauen aztarnak k.a. 6.000. urtekoak dira gutxi gorabehera. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samitarren jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano ArtikotikFinlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Garai honetako bizi-aztarnak aurkitu dira, haien artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [1].
Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. 1960ko hamarkadan basogintza eta esne-industria garatu ziren eta jarduera hauek udalerriko ekonomia monopolizatu zuten garai hartan. 1966. urtean esaterako, produktuak esportatzeko ordutik Kolarin bukatuko zen trenbidea amaitu zuten. Industria udalerrira iritsi zen eta 70eko hamarkadan, burdin-meatze, kareharri-harrobi eta porlan-fabrika bana ireki zituzten. Kolaritarren bi bostenek bertan egiten zuen lan 1987. urtean meatzea eta fabrika itxi zituzten arte. FinlandiakoGobernuak emandako diru laguntzei esker, sektore turistikoa bultzatzearen alde egin zuten herritarrek [3][4].
Nahiz eta gaur egun, gero eta egitura garatuagoak heltzen diren turismoari esker, hala nola 1998. urtean eraikitako geltoki berria, iparrean ez dauden herriek urtez urte biztanleria galtzen dute. Ylläs muinoaren inguruan dauden herriek bestalde, turismoak neguan eskaintzen dizkien etekinak baliatu eta biztanleria mantentzea, eta kasu batzuetan igoztea, lortu dute [5].