Kaleko Afari Solidarioak

Ekimenaren aldeko manifestazioa urriaren 27an.
Afari banaketa Egiako plaza honen inguruan egiten zen.

Kaleko Afari Solidarioak (KAS) baliabiderik ez duten pertsonei afariak prestatzeko eta banatzeko herritarren ekimena da. Proposamena 2020ko azaroan Donostian sortu zen eta hiriko hiru lekuetan (erdigunean, Parte Zaharrean eta Egian) kaleko jendeari janaria dohainik eman diete azken urtetan.[1]

KAS ekimena, funtsean, boluntario talde baten bidez egiten da. Boluntarioek etxean prestatzen dituzte afariak eta gero, arratsero, kalean banatzen dituzte. Sarritan, udaletxetik diru gabe dagoen jendeari banaketa puntu horietara bideratu zaie. Hiriaren aipatutako hiru leku horietan mahaiak instalatzen dituzte banaketa egiteko asmoz. KASek ez du alderdi politikoekin loturarik, ekintza komunitarioa baita.

Polemika

2024ko urrian ekimena polemikoa bihurtu zen PP alderdiaren zinegotzien eta auzoko pertsonek burutu zituzten protestaren ondorioz; pertsona horiek delinkuentzia eta kaleko txirotasuna identifikatu nahi izan zuten eta afarien banaketaren aktibitatea bertan behera uzteko eskatu zuten. Hori zela eta Donostiako Udalak debekatu egin zuen Kaleko Afari Solidarioen ekimena Egia auzoan, haien esanetan "segurtasun arazoak" saihesteko. Debekua ekimen solidarioaren aurka antolatutako protesta baten harira hartu zuen Udalak.[2]

Udalaren debekua

Debekua urriaren 23an ahoz jakinarazi zien Udaltzaingoak taldeko boluntarioei. Astelehenean, 21ean ekimenaren kontra baimenik gabe egindako protesta batean sortutako tentsioa zela eta hartu omen zuten erabakia. Herritar batzuek sare sozialen bitartez antolatu zuten elkarretaratzea, "segurtasun handiagoa" eta "delinkuentzia murriztea" eskatzeko. PPren hiru zinegotzi ere izan ziren bertan: Borja Corominas, Vanessa Vélez eta Jorge Mota.[3]

Segurtasun Sailak asteazkenean zehaztu zuenez, atxiloketa batzuk egin zituzten, horietako lau desordena publikoengatik zigortuko zituzten, eta bi "poliziaren lana oztopatzeagatik", guztiak KAS ekimeneko partaideak, nahiz eta eskuineko elkarretaratzea baimenik gabe antolatua izan. Alderdi Popularrak iragarri zuen bilkura astelehenero egiteko baimena eskatuko zuela ondoren.[2] Deialdiak "Lo que no te cuentan de Donostia" talde batek egiten ditu sareen bidez.[4]

Kaleko protesta

Urriaren 27an, igandean, manifestazio batek Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak kolektiboari Egia auzoan ezarritako betoa salatu zuen. 2.000 parte-hartzaile baino gehiagok Eneko Goia alkatearen jarrera gaitzetsi zuten, eta elkartasunari debekurik ez jartzeko eskatu zuten.[5]

Egiako gatazka

Alkateak auzo horretan Udaltzainen komisaria irekiko dela esan du.[6]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «Kaleko Afari Solidarioak» Gipuzkoa Kutxa Solidarioa (Noiz kontsultatua: 2024-12-02).
  2. a b «Udalak debekatu egin du Kaleko Afari Solidarioen ekimena Egia auzoan, "segurtasun arazoak" saihesteko» EITB 2024-10-24 (Noiz kontsultatua: 2024-12-02).
  3. «Kontxatik elkartasun mezua Kaleko Afari Solidarioei eta hauen kontrako protesta, berriz, Egian» naiz: 2024-10-28 (Noiz kontsultatua: 2024-12-02).
  4. (Gaztelaniaz) Redacción; A. E.. (2024-10-28). «200 personas responden a la concentración en Egia de 'Lo que no te cuentan de Donostia'» Donostitik.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-02).
  5. (Gaztelaniaz) «Más de 2.000 personas claman contra Goia y el veto del Consistorio a las cenas solidarias» naiz: 2024-10-27 (Noiz kontsultatua: 2024-12-02).
  6. (Gaztelaniaz) «Goia afronta la seguridad con más detenciones para los mismos delitos» GARA 2024-10-29 (Noiz kontsultatua: 2024-12-02).

Kanpo estekak