Goi Mailako Enpresa Ikasketen Institutuan eta Merkataritzako Goi Mailako Ikasketen Eskolan graduatu zen, eta prokuradore izan zen gorteetan Francisco Francoren erregimenaren garaian. Kirol gaietan aritu zen batez ere eta alor horretako zinegotzi izan zen Bartzelonako udalean. Ondoren kirol ordezkaritza nazionaleko ordezkari izan zen Katalunian, eta Espainiako kirol ordezkaria 1967-1971 bitartean. Nazioarteko Olinpiar Batzordeko kide izendatu zuten eta 1973an Bartzelonako Diputazioko presidente hautatu zuten. 1977an, Olinpiar batzordeko presidenteorde zela, Espainiako enbaxadore izendatu zuten Sobietar Batasunean, eta 1980. urtetik aurrera Olinpiar Batzordeko presidente izan zen.
Kargu horretan egon zen bitartean hainbat lorpen izan ditu: Olinpiar Jokoei boikota egiteko joera ezabatu zuen, lan handia egin zuen doping-aren kontra, kirolari profesionalei jokoetako lehiaketetan parte hartzeko aukera eman zien. Berak sortua da, orobat, Olinpiar Museoa, Suitzan egoitza duena. 1997an berriz ere Olinpiar Batzordeko presidente izateko hautatu zuten, 2001. urtea arte. 1998an Asturiasko Printzea saria eman zioten. 2010ean hil zen.