Bartzelonako Lonjako eskolan eta Agapito eta Venancio Vallmitjana anaien tailerrean ikasi zuen. 1880an, Bartzelonako Udalaren beka batekin Erroman zegoela Erramun Berenger III.ari eskainiko zion eskulturaren zirriborroak prestatu zituen. Bere hasierako lanak oso akademikoak izan ziren baina, Parisen egin zuen egonaldi baten ondoren, haren estiloa aldatu zen, Modernismoaren eragin zuzena erakutsiz.[1] Lan handia egin zuen bai Katalunian baita ere kanpoan: Madril, Paris, Brusela eta Buenos Aires. Bere obran hilerrietako arteak garrantzi handia du. Horiekin batera oroimenezko monumentuak egiteko garaian ospe handia lortu zuen. 1892an, margolaria zen Joan Llimona anaiarekin, Cercle Artístic de Sant Lluc sortu zuen. Oso eskultore saritua izan zen.[2]