- Artikulu hau gipuzkoar politikariari buruzkoa da; Uruguaiko presidente izandakoa gaitzat duena beste hau da: «José Mujica»
Jose Muxika Muxika (Ormaiztegi, 1894ko abuztuaren 3a - Donostia, 1981eko apirilaren 18a) gipuzkoar legegizona eta politikaria izan zen. Serapio Muxikaren semea zen. Zuzenbideko ikasketak egin zituen Madrilen, eta futbolaria izan zen gaztetan Irungo Real Unión eta Madrilgo Real Madrid taldeetan.
Eskuindar erregezalea zen eta Donostiako Diario Vasco egunkariaren sortzaile izan zen, beste zenbaitekin batera, 1934an. Eskuineko koalizioaren barnean zegoen Unión Regionalista Guipuzcoana taldeko hautagaia izan zen 1936ko hauteskundeetan eta, Espainiako Gerra Zibilean kolpistak hirian sartu eta gutxira, Donostiako alkate izendatu zuten (1936ko urria). Hala ere, jarrera ausarta agertu zuen frankisten gehiegikerien aurrean eta, ondorioz, 1937ko otsailaren 3an kargutik kendu eta erbesteratu egin zuten.[1]
Historia gaiak landu zituen bere idatzietan. Obra nagusia: Carlistas, moderados y progresistas (1950, Karlistak, moderatuak eta progresistak).
Erreferentziak
- ↑ «Mugica Mugica, José - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).