Jean-Robert Ipoustéguy (Dun-sur-Meuse, Frantzia, 1920ko urtarrilaren 6a - Dun-sur-Meuse, Frantzia, 2006ko otsailaren 8a) frantses pintore eta eskultorea izan zen.
Biografia
Pintore izan zen 1950 bitartean, baina margolaritza utzi zuen gero, kolorea menderatzen ez zuelako. Bere kasa hasi zen eskultura egiten, eta berehala osatu zuen lan zabal eta originala, hasieran nahiko abstraktua, baina betiere giza irudiari garrantzia ematen ziona. Sexua eta heriotza dira bere obra osoan nabarmentzen diren gaiak. Material guztiak erabili ditu: burdina, zementua, zura, lurra, brontze trinkoa, plastikoa eta marmola —zuzenean zizelatua—. Teknika horretan maisutasun handia erdietsi du. Bere lanak eskultura hutsak baino gehiago, ikuskizun zirraragarriak dira, argiaren joko konplexuak dituzten jende-multzo monumentalak.
Aipagarriak dira, besteak beste, Mac Geeren omenez (1950), Roger edota hilen herria (1959), Aitaren heriotza (1968), Amaren agonia (1970), Amoranteak (1970) eta Neska gaztea (1990, brontze saila). Behin baino gehiagotan, atzera bota izan zaizkio enkarguz egindako lanak, esate baterako, Filadelfiako katedralak eskatutako Neumann gotzaiaren heriotza (1976). Izan ere, bere lanek beti sortzen dute halako ezinegon bat. 1995ean, jaioterriari oparitu zion eskultura hori, eta hango eliza gotiko batean dago.
Erreferentziak