Janbattitt Duhalde

Janbattitt Duhalde
Bizitza
JaiotzaParis1674ko otsailaren 1a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis1743ko abuztuaren 18a (69 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria, idazlea, apaiz katolikoa eta sinologoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa
Erlijio-ordenaJesusen Konpainia

Jean-Baptiste Duhalde (Azkaine, 1674ko otsailaren 1a - Paris, 1743ko abuztuaren 18a) josulaguna zen, argitalpen sorta aberats baten bidez Txina XVIII. mendeko Europan ezagutarazi zuena.

Bizitza

Janbattitt Duhalde Azkainen sortu zen 1674ko otsailaren lehenean. Jean Elizalde Zerbitzari apaiz azkaindarrak idatzi zuen “Azkaine gure sorterria” izeneko liburu ederrean erraiten digunez, Janbattitt Duhalde Uhalde baserriko semea zen. 1692an, hemezortzi urte zituela, Jesusen lagundian sartu zen eta jesuita edo josulagun ibili zen, Parisen, 1743ko agorrilaren 18an hil zen arte.

Jesuitek Parisen zeukaten kolegioan aritu zen irakasle. Bertan zegoela, Txinako lurraldeetan barna misiolari zebiltzan josulagunek igortzen zuten informazio oro bere eskuetatik pasatzen zen, eta horretaz baliaturik, Txinari buruzko datu eta ezagupenak biltzen zituen proiektu baten buru izan zen 1711tik 1743ra arte, hau da, zendu zen arte. Datu horiek guztiak “""Lettres édifiantes et curieuses, écrites des Missions étrangères, par quelques missionaires de la Compagnie de Jésus""” izenburu luzeko publikazio mardulean, hogeita hamalau liburukitan, plazaratu zituen. Liburuki hauen argitalpena 1776. urtean amaitu zen.

Horretaz gain, Michel Le Tellier-en idazkari izan zen, baita 1729. urtean, erregentearen semeen aitorlea ere.

Haatik, aipaturiko liburu bilduma erraldoi hori ez zen izan Duhaldek idatzi edota zuzendu zuen bakarra, latinez ere hainbat idazki idatzi eta plazaratu baitzituen. 1724an, giristinotasunari buruzko tratatu bat plazaratu zuen: “Le Sage chrétien, ou les Principes de la vraie sagesse, pour se conduire chrétiennement dans le monde” izena zuena.

Txinari buruzko liburu bilduma

Lehen erran dudan bezala, misiolari jesuitek Txinatik igorritako informazioa baliatuz, Pariseko Jesuiten Kolegioan liburu bilduma bat, osora hogeita hamalau liburuki, plazaratzen hasi ziren 1711. urtean eta 1776ean amaitu. Hastapenetatik hil zen arte, hau da, 1743. urtera arte, Janbattitt Duhalde izan zen publikazio erraldoi horren zuzendari eta bideratzaile nagusia.

Lehen lau liburuetan biziki deskribapen aberats bezain exotikoak hedatu zituen Txinako inperioaz eta txinatarren menpeko Tartariaz. Liburu hauek hautsak harrotu zituzten XVIII. mendeko Europan, eta Txinarekiko apeta eta jakin-mina kontinente osora zabaldu zituzten. Lau liburu horietan Txinako zibilizazioaz, usadioez, geografiaz, erlijioaz, filosofiaz, zeremoniez, mintzairez, idazkeraz, etikaz, enperadoreaz, haren gobernamenduaz, nobleziaz, erakunde militar eta polizialez, laborantzaz, txanponaz, zientziaz, medikuntzaz, portzelanaren fabrikazioaz… eta abar luze batez informazio zehatza eta zabala ematen zen.

1738an aipatu lau liburuak ingelesera itzuli zituzten, eta hortik aitzina Europako gainerako hizkuntzetara. Voltaire berak ongi laudatu zuen Luis XIV.a erregearen agintaritzapeko idazleen katalogoan, Duhaldek eta bere lan-taldeak burutu eta plazaratutako liburu-bilduma entziklopedikoa.

Liburu bilduma hau izugarri famatua izan zen XVIII. eta XIX. mendeetako Europan, Txinari buruzko informazioa ukaiteko ezinbesteko iturria baitzen. 1836an, Augustin Pyrame de Candolle botanikari handiak Txinan aurkitutako landare ezezagun bati Duhaldea chinensis izena jarri zion. Orduz geroztik, Asia aldeko landare genero oso batek Duhaldea izena du.

Description... liburuaren azala.

Loturak

  • Joseba Aurkenerena: Janbattitt Duhalde, Europan Txina ezagutarazi zuen azkaindarra. [1]