Iruña-Veleiako zirkua Arabako antzinako hiri honek erromatar garaian izan zuen zirkua izan zen. 2024an jakinarazi zen aurkikuntza, Veleia inguruko gainazalaren azterketa handi batean aurkitu baitzen egitura hau, beste hainbat eraikinen arrastoekin batera, airetiko arkeologiaren teknikak erabiliz. Hala ere, indusketak egin arte, ez dago jakiterik ea zirkuaren eraikina dagoen lur azpian, edo bakarrik lurrean desagertutako egiturak utzitako arrastoa.[1]
Ezaugarriak
Zirkua 280 metroko luzera eta 72 metroko zabalera duen esparrua da. Erromatar zirku bat da argiki, U formako egitura, kurba dagoelarik hegoaldeko aldean, eta abiaburu nagusi lau antzekoa (carceres) iparraldean duela. Zirkuek erdian luzean izaten zuten spina edo ardatz eraikia ez da nabari 2024ko irudietan. Ikuskizunetarako eraikin bat izan zen, non zaldi lasterketak eta beste ikuskizun batzuk egingo ziren. Lehen kalkuluen arabera, espazio honek 5.000 ikusle inguru har zitzakeen.[2]
Iberiar penintsularen iparraldean ezagutzen diren zirku erromatarretatik hirugarrena izango litzateke, Tarracoko (Hispania Tarraconensis probintziako hiriburua, egungo Tarragona) eta Calagurrisko (egungo Calahorra, "municipium" maila zuen hiria, baskoien hiria seguruenik) zirkuen atzetik. Veleiakoak (hiri hau ere Tarraconensis probintzia erromatarrean zegoen) ordea jatorrizko trazadurari eusten dion bakarra da, ez baitago egungo hirigintzan ezkutatuta. Hispania erromatarreko beste batzuekin konparatuta txikiagoa da, hala nola Toledokoa (423x100m), eta Meridakoa (403x96m);[3] baina Segobrigakozirkuaren (272x75m) antzekoa da tamainaz.[4]