Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko.
Ile, bilo edo ule animaliek, bereziki ugaztunek, azalean izaten duten harizpi proteikoa da, bereziki alfa-keratinaz osatua eta dermisean dauden folikuluetatik hazitakoa [1]. Ile bakoitza bi atalez osatuta dago: ile-folikulu batean txertatuta dagoen sustraia eta epidermiseko gainazaletik gorantz proiektatzen den zurtoina. Bestalde, begiko geruza korneoko keratinaren eta ileko keratinaren arteko ezberdintasuna da ileko zelulak elkarri lotuta agertzen direla. Horri esker, keratina oso gogorra sortzea posible da.
Larruazal-eranskin hori ia gorputz-azalera osoan zehar banatzen da, oin-zolako eremuetan, zilborrean eta mukosetan izan ezik. Heldu baten kasuan, gutxi gorabehera, bost milioi unitate daude gorputzeko zonalde desberdinetan. Buruan milioi bat inguru daude, eta zehazki 100.000 eta 150.000 artean buru-larruazalean. Buruko ileak buruan beroa mantentzen laguntzen du. Garezurrari kolpeen aurkako babesa ere ematen dio, eta horri “adatsa” deritzo. Beste alde batetik, betileek begiak babesten dituzte, haietan sar daitekeen argi- eta hauts-kantitatea murriztuz. Azkenik, bekainek begiak babesten dituzte kopetatik erori daitekeen izerditik.
Gizakietan bereziki buruan agertzen da, emakume eta gizonetan banaketa-eredu desberdinak izanik. Era desberdinetako ile jarrera, hala nola, orrazkerak eta depilazioa, asko aldatzen dira kultura eta garai historiko batetik bestera. Sarritan, pertsona baten sinesmen pertsonalak edo gizarte-maila adierazteko erabiltzen da, hala nola, adina, sexua edo erlijioa [2].
Ilearen anatomia
Ilearen anatomiari dagokionez, ile mota guztiek egitura bera dute. Hala ere, ilearen inplantazioa sakonagoa da adatsean, folikulua hipodermiseraino iristen baita. Sebo-guruinak organo jariatzaile exokrinoak dira, hain zuzen, sebo izeneko substantzia koipetsua sortzen dutenak. Guruin horiek, folikulu barnean dermisaren erdialdean kokatzen dira, larruazal osoan zehar barreiatuz, oin-zolako eremuetan izan ezik. Era berean, bereziki ugariak dira buru-larruazalean, aurpegian, pubisean, besapean eta bularraldean.
Ile bakoitzari lotuta, muskulu-zuntz lauak agertzen dira (ilearen muskulu zutitzaileak). Muskulu horien uzkurdurak, ileak tentetzen ditu, horiek azalarekiko duten angelua aldatuta. Prozesu horri esker, ilearen gaitasun isolatzailea areagotzen da, hotzaren kontrako babesa eskainita.
Besapeetako eta genitaletako ile-folikuluetan izerdi-guruin apokrinoak ere badaude. Horiek dira, neurri batean, pertsona bakoitzaren gorputz-usain bereizgarriaren eragileak.
Beste alde batetik, ilearen zurtoinak hiru geruza ditu: muina, kortexa eta kutikula edo tegumentua. Muina, laxoki lotzen diren zelula keratinizatuez osatuta dago. Honen inguruan kortexa dago, eta bertan, pigmentu-pikor gehienak finkatzen dira. Kortexa, kutikula edo tegumentu batez estalita dago. Kutikulan zelulak itsatsita edo bananduta egon daitezke, ezkatak osatuta [3][4].
Konposizio kimikoa
Ilea keratina proteina haritsuz osatuta dago, eta giza genomak 54 keratina-proteina kodetzen ditu. Horrek zisteina aminoazidoaren kantitate handia du. Keratina proteinak kateetan antolatzen dira, horiek modu paraleloan kokatuz [5] hiru lotura-motaren bidez: disulfuro-zubien, hidrogeno-zubien eta azido eta baseen arteko gatz-zubien bidez. Urak aipatutako azken bi zubiak hausteko gaitasuna du, modu itzulgarri batean.
Funtzioak
Babesa
Adatsak eguzkitik eta hotzetik babesten du buru-azala. Gizakiaren kasuan, bekainek eta betileek kopetatik eror litekeen izerditik babesten dituzte begiak. Sudurreko ileek eragozten dute sudur-hobietan aireak eduki ditzakeen partikulak sartzea. Kolpeak eta urradurak leuntzeko ere balio du. Intsektuen ziztadak zailtzen ditu, eta gorputzaren tenperaturaren kontrola hobetzen du disipazioaren bidez.
Berotasuna
Gizakiek arropa eta bero mantentzeko beste bitarteko batzuk garatu dituzte. Buruan dagoen ileak isolamendu termikorako iturri gisa balio du nagusiki. Erradiazio ultramorearen esposizioaren aurkako babes gisa ere balio du. Horrez gain, giza gorputzeko ileak lagundu egiten du barne-tenperatura erregulatuta mantentzen. Gorputza hotzegi dagoenean, ile-folikuluei itsatsita dauden pili arrektorearen muskuluak altxatu egiten dira, eta folikulu horietan ileak gauza bera egiten du. Ile horiek, orduan, epidermisaren gainetik beroa harrapatzeko geruza bat osatzen dute. Prozesu honi piloerekzioa deritzo [6].
Estetika
Hainbat giza kulturatan ileak zaintza eta garrantzi maila handia izan du. Ilearen presentzia esanahi askotako sinbolo estetikoa izan da: sendotasuna, jakinduria, esperientzia, gizontasuna/feminitatea, askatasuna, esklabotza, moda, erlijioa, erosteko ahalmena, estamentu soziala, ideologia politiko-filosofikoa, identitate kulturala, besteak beste.
Ukimenaren zentzua
Nerbio folikularraren hartzaileek eta nerbio-hartzaileek larruazalaren barruan antzematen dituzte ilearen ardatzen desplazamendua eta bibrazioa. Ileek airearen mugimenduak hauteman ditzakete, baita objektu fisikoen ukimena ere, eta ektoparasitoen presentziaren kontzientzia sentsoriala ematen dute. Ile batzuk, adibidez, betileak, bereziki sentikorrak dira kaltegarriak izan daitezkeen materiaren presentziarekiko[7].
Ezaugarriak
Keratinaren harizpi-egiturari zor zaizkion ilearen ezaugarriak hauek dira: elastikotasuna, erresistentzia eta porositatea.
Elastikotasuna
Ileak bere forma naturalera itzultzeko duen gaitasuna da, apurtu gabe. Edertasun-prozedura kimiko gehienetan (tindagaiak, dekolorazioa, ondulazioa), elastikotasun-proba egiten da, ilea ez gainprozesatzeko.
Erresistentzia
Ilea «indartsua» da, kutikulu-zelulak zementu gisa jokatzen duen substantzia kimiko konplexu batekin lotuta daudelako, eta kortexari ere lotuta mantentzen dituelako. Ileak erresistentzia du:
Haustura: ile osasuntsuak 50-100 g-ko karga jasan dezake, eta hori zenbait eragile kimikok alda dezakete.
Beroa: ile batek 140°C-ko tenperaturak jasaten ditu lehor dagoenean, eta 200°C-rainokoak bustita dagoenean.
Usteldura: keratinaren egituren eta sufre-edukien bidez ilea oso erresistentea da.
pH aldaketak: zuntz kapilarra muturreko soluzio azidoen edo alkalinoen eraginpean jartzen denean, ahuldu egiten da.
Ileak likidoak xurgatzeko duen gaitasuna da. Ura xurgatzen denean, zuntza puztu egiten da. Ile bustia pixka bat luzeagoa eta harroagoa da. Uraren xurgapena eta zuntzaren puztea, batez ere, ingurunearen pH-aren araberakoak dira. pH alkalinoak zuntz kapilarra puzten laguntzen du.
Sailkapena
Kizkur patroiaren arabera
Ilearen egitura disulfuro-zubiak dauden moduaren araberakoa da, baina, funtsean, DNAn dagoen informazioak zehazten du hori:
Leuna edo lisotrikoa: Folikuluaren forma biribila da, eta larruazalaren gainazalarekiko bertikalki dago kokatuta, harekin angelu zuzena osatuta. Disulfuro-zubiak paraleloan daudelako sortzen da egitura hori.
Izurtua edo zinotrikoa. Forma obalatua du ,eta haren orientazioak larruazalarekiko angelu zorrotz bat osatzen du.
Kizkurra edo ulotrikoa. Forma eliptikoa du, eta orientazioa azalaren gainazalarekiko paraleloa da. Disulfuro-zubiak diagonalean daude, eta espiral bat eratzen dute.
Lodieraren arabera
Hiru motatakoa izan daiteke: fina, tartekoa eta sendoa.
Hazkuntza faseak
Ilea ez da mugarik gabe hazten, ile-zikloa deritzon hazkunde ziklikoa baitu. Folikulu bakoitzak, bere zikloa egiten du [8].
Fase anagenoa
Fase honetan ilea papilari itsatsita dago, eta jaio eta hazi egiten da. Fase honek gutxi gorabehera 2-8 urte bitartean irauten ditu, eta folikuluaren itxura tipula baten antzekoa da, zabalagoa oinarrian zurtoinean baino. Fase honetako ilea etengabe hazten da, folikuluaren matrizeko zelulak mitosiaren bidez etengabe zatitzen direlako.
Katagena fasea
Trantsizio-fasea da. Hiru bat aste irauten ditu, eta aste horietan ilearen hazkuntza eten eta papilatik bereizten da, matrizeko zelulen jarduera gelditurik. Folikuluak itxura zilindrikoa hartzen du.
Fase telogenoa
Ilearen atseden eta erortzeko fasea da. Hiru hilabete inguru irauten ditu eta ilearen sustraiak pospolo itxura hartzen du.
Gaixotasunak
Hainbat dira ilearekin lotutako gaixotasunak
Alopezia ilearen galera anormala da. Buru-larruazalari edo ilea dagoen larruazaleko beste eremu batzuei eragin diezaieke, hala nola betileei, besapeei, genital inguruari eta bizarrari [9].
Moniletrix ile-zurtoinaren lodierarekin loturiko nahasmendua da. Ileak errosario-itxura hartzen du ,eta meheagoa den lekuetan behar baino lehenago apurtzeko joera du. Herentziaautosomiko dominantea du.
Trikorrexis inbaginatuabanbuzko ilea bezala ezagutzen da. Ilearen zurtoinaren deformazio tekniko eta ahurrak dira, banbura gogorarazten dutenak. Modu traumatikoan gerta daitezke ile arrunten gainean, edo sortzetikoak izan daitezke. Keratinizazioaren efektu igarokor baten ondorio izan liteke. Netherton sindromearen bereizgarria da ile mota hori.
Ile hazkunde kizkurtuaren nahasmendua: Ile kaltetuak sustraietik kizkurtuta hazten dira, ardatzaren gainean errotaturik.