Identitate digital

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Identitate digitalaren gaineko bideoa.

Identitate digitala[1] edo nortasun digitala Interneten barruan identifikatzen gaituen ezaugarrien multzoa da.[2][3] Nortasun digitala Interneteko jardueraren beraren eta besteen jardueraren bidez eraikitzen da. Nortasun digitalaren eraikuntza lotuta dago teknologia- eta informazio-trebetasunen garapenarekin eta sarean jarrera aktiboa, parte-hartzailea, irekia eta lankidetzakoa izatearekin. Identitate digitala modu askotara konfigura daiteke, eta pertsona berak identitate desberdinak izan ditzake tresna desberdinak erabiliz edo bakarra izan dezake.[4]

Nortasun digitalaren ezaugarriak

Mundu digitala gero eta gehiago erabiltzen dugunez, denborak aurrera egin ahala, ezaugarri horiek ugarituz doaz, eta mundu errealeko ezaugarriekin konparatuz, gero eta antz handiagoa dute; berdintzeko bidean doaz. Internet erabiltzean, han egindakoaren arrastoa edo aztarna digitala uzten ari gara momentu oro, erabiltzen ari garen plataforman bertan, datu pertsonaletatik hasi eta portaeraraino. Hortaz, Internet erabiltzen dugun aldiro, geure buruari buruzko izugarrizko informazio kantitatea uzten dugu eskuragarri.  

Nortasun digitalak identifikazio kontzeptua gainditzen du; izan ere, aztarna digitalak gizabanako gisa identifikatzea baino askoz ere funtzio zabalagoa izan dezake Interneten, beraren bidez bizitza “errealean” bezala edo gehiago ezagutu ahal baikaituzte.

Gure online bizitzako hainbat faktore eta gertakari daude identitate digitalean eragiten dutenak, batzuk gure kontrolpean – gure nortasunaren alderdi pertsonala –, eta beste batzuk gure kontrol zuzenetik kanpo eta beste pertsona batzuen esku daudenak– Identitate horren alderdi soziala –.

Alderdi pertsonala

Pertsona baten identitate digitalaren alderdi pertsonala pertsona horrek sarean egiten duenagatik proiektatzen da: zer esaten duen, nola esaten duen, zer hizkuntza erabiltzen duen, zer gai dituen intereseko eta abar luze bat, funtsean ordenagailuan klik egiten dugun bakoitzean konfiguratzen duguna, gure boto positiboa edo negatiboa gauza bati edo besteari ematen diogunean indartzen duguna, eta abar. [5] Interneteko datu pertsonalen pribatutasunaz eta datu horien erabileraz jabetzea funtsezkoa da nortasun digitala eraginkortasunez kudeatzeko.[4]

Alderdi soziala

Aurrez aurre gertatzen den bezala, interneten dugun nortasunak badu alderdi sozial bat, gure esku ez dauden oinarrizko bi formaren inguruan eratzen dena, gure harremanen baitan baizik. Lehenik eta behin, gure kontaktuen sare sozialean edo gure ikaskuntzaren sare sozialean eragiten digutenak ditugu (lagunak, kontaktuak, jarraitzen ditugun pertsonak, etab.). Horiek dira entzuten ditugunak, hitz egiten dugunak, haien edukia aipatzen dugunak eta Sarearekiko interesa erakusten dugunak. Haietatik, beren portaeretatik, gusturik ezetatik, ekintzetatik eta gurekin partekatzen duten informaziotik, eta informazio hori gure artean nola dabilen, gainerakoek gure nortasunari, gustuei eta abarri buruzko ondorioak ateratzen dituzte. Bestalde, pertsona-talde bat dago (handiagoa edo txikiagoa gure eragin pertsonal edo profesionalaren arabera), eta talde horretan islatzen gara. Gure eragina jasaten duten pertsonak dira (gure jarraitzaileak, gure edukia komentatzen dutenak, etab.), gure lagunak izan edo ez izan – Edo haiekin harremana izan –, eta gurekin ados egon edo ez. Gure hitzak interpretatzen dituzte, haien berri ematen dute eta banaketa-kanal gisa balio diete. Kasu batzuetan, haren hitzak dira, eta ez gureak, Sarean eragin zuzena dutenak eta gure irudimena modu batera edo bestera islatzen laguntzen dutenak.[5]

Erreputazioa beste pertsona batzuek subjektu bati buruz duten iritziari dagokio. Hala ere, ospe hori interesdunak berak ere eraiki dezake, neurri batean. Ildo horretan, garrantzitsua da gogoan izatea nork hitz egiten duen nori buruz, zein lekutan eta nola.[4]

Nortasun digitalaren jatorria

Gaur egun, gure informazio gehiena jasotzen duten plataformak sare sozialak, bilatzaileak eta beraiei lotutako zerbitzuak dira gehienbat, horiek baitira norberaren nortasun digitalaren iturburu nagusiak. Nahiz eta guk utzitako hainbat informazio agerian ez geratu, edota gure historial edo perfiletatik ezabatu, informazio hori gorde egiten da; hau da, jasotzen dituzten datu asko ezkutukoak izan ohi dira; ez dira publikoak. Agerian gelditzen diren datuak bilatzaileak erabiliz ikus daitezke, edota sare sozialetan bertan. Izan ere, publikoak dira edonork ikus ditzakeelako, nahiz eta sare sozialetan hainbat gauza pribatu bihur ditzakegun pribatutasun-ezarpenekin.

Plataforma batentzat erraza da Interneten nabigatzen ari den ordenagailu baten identifikazioa egitea. Nabigatzaileak IP helbidea (Identity Protocol) eta ordenagailuaren hainbat ezaugarri uzten ditu plataformaren eskura, eta gehienetan ordenagailu baten ezaugarriak ia bakarrak izaten dira; hau da, helbidea edukitzea matrikula bat eramatearen antzekoa da. Noizbait ordenagailu batekin plataforma batean formalki identifikatzen bagara, hortik aurrera erraza izango da plataforma horrentzat gu identifikatzea, bertan formalki identifikatuta egon ez arren ere, baldin eta beste egun batean ordenagailu hori erabiltzen badugu.

Identitate digitalaren osaketa

Esan daiteke identitate digitala hainbat motatako datuez osatuta dagoela: datu formalez, informalez, errealez edota imajinarioz.

  • Datu formalak dira kontzienteki jartzen ditugunak, hala nola hainbat plataformatako profiletan jartzen ditugun geure buruari buruzko datuak edo deskripzioak.
  • Datu informalak dira kontziente izan gabe sarean guk emandakoak. Esate baterako, argazkiak datu-iturri izugarriak dira, eta bilatzaileak erabiltzen ditugunean, informazioa uzten ari gara bertan konturatu gabe.
  • Datu errealak sarean dauden egiazko datuak dira.
  • Datu imajinarioak dira gure datuak baliatuz beste norbaitek asmatu eta jarritakoak; batzuetan datu okerrak izan daitezke.

Nortasun digitalaren arriskuak eta prebentzioa

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Big Data, norberaren sareko segurtasunerako ere garrantzitsua. Ikusgelako bideo honek Big Datari buruzko erronkak azaltzen ditu.

Guri buruz agerian dagoen informazioa edonork ikus dezake, eta horrek bere arriskuak ditu. Lan bila gabiltzala, adibidez, enpresa batek bilatzailean guri buruzko informazioa erabil dezake, eta datu horiek gure kontra joan daitezke; halaber, edozein ezezagunek gure hainbat datu lor ditzake. Arrisku hori kontrolatzea bakoitzaren erantzukizuna da, horretarako sare sozialetan pribatutasun-ezarpenak ondo ezarriz edota bilatzaileek ematen duten informazioa desegiteko eskatuz.

Interneten erabiltzen ditugun zerbitzu asko doakoak direla uste dugu askotan, baina gehienetan hori ez da egia; gehienetan, zerbitzu horiek gure datuak bereganatzen dituzte, emandako zerbitzuaren truke. Norberaren datu horiek hor daude, eta inork ez daki nora joan daitezkeen etorkizunean. Esate baterako, plataforma batzuek iragarkiak pertsonalizatzen dituzte gure informazioaren bitartez, eta hortik irabazi handiak lortzen dituzte. Jendearen informazioak izugarrizko balioa du hainbat arlotan, eta ezin da jakin zer egin dezaketen informazio horrekin guztiarekin. Kasu horretan prebentziorik onena sarean etikaz nabigatzea da, eta kontziente izatea momentu oro egiten dugun guztia jasotzen ari direla eta horrek etorkizunean eragina izan dezakeela.

Erreferentziak

  1. Euskalterm: [Sare Sozialak Hiztegia] [2016]
  2. garazi.otegi. Nortasun Digitala | euskaljakintza. (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  3. (Ingelesez) 14:00-17:00. «ISO/IEC 24760-1:2011» ISO (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  4. a b c «La gestión de la identidad digital: una nueva habilidad informacional y digital» bid.ub.edu (Noiz kontsultatua: 2020-06-20).
  5. a b (Gaztelaniaz) Castañeda, Linda; Camacho, Mar. «Desvelando nuestra identidad digital» El Profesional de la Informacion 21 (4): 354–360. ISSN 1386-6710. (Noiz kontsultatua: 2020-06-20).

Kanpo estekak