Aretxabaleta Kirol Elkartea 1946an sortu zen eta aurreneko partidak Arrasaten jokatu zituen. 1947an herrian futbol zelai bat eraikitzea pentsatu zen. Hasierako asmoa Markoleko lurretan eraikitzea bazen ere lurjabeek diru gehiegi eskatzen zutela iritzita herriaren iparraldean dagoen Bedarretan egitea erabaki zen. Unión Cerrajera sarrailagintza enpresak utzi zizkion lurrak Aretxabaleta Kirol Elkarteari eta lurzorua atondu ondoren Bedarretako futbol zelaia inauguratu zuten 1949ko apirilaren 4an. Athletic eta Eibar izan ziren aurrez aurre eta bilbotarrak 3-1 emaitzaz nagusitu ziren. Telmo Zarrak jaso zuen garaikurra.
1952an ordea Unión Cerrajerak lantegia handitzeko asmoa azaldu zuen eta horretarako futbol zelaiko lurrak bueltatzeko eskatu zion Aretxabaleta K.E.-ri[1].
Ibarra futbol zelai zaharra
Futbol zelai berria eraiki beharra zegoen eta hasierako egitasmoari heldu zioten berriz, Markole inguruko lurretan eraikitzeari hain zuzen ere. Herritarren artean diru bilketa antolatu zen, esate baterako herriko tabernariek saldutako ardo litro bakoitzeko 0'5 pezeta eman zizkioten elkarteari hurrengo hiru urtetan. Ibarra zelaia Deba ibaiaren beste aldean kokatu zutenez zubi bat ere eraiki behar izan zen herritarrak estadiora iristeko.
Ibarra izena jarri zioten XIX. eta XX. mendeetan inguruan izan zen bainuetxearen omenez, haren sonak jendartean irauten baitzuen oraindik, dagoeneko eraitsia zegoen arren. 1954ko abuztuaren 29an izan zen inaugurazio partida. Ordukoan Deportivo Alavés eta Eibar izan ziren gonbidaturiko taldeak[1].
1967an hobekuntza lanak egin ziren. Lurra eta belarra aldatu ziren, ureztatze sistema bat ezarri zen, arekak eta erretenak eraiki ziren... Elkarteko zuzendaritzak pentsatu zuen futbol zelaia egoera onean mantendu nahi bazen ahalik eta gutxien erabili beharra zegoela eta horretarako Markole baserriaren ondoan hare eta lurrez egindako futbol zelai gehigarri bat ezarri zuten, "Anexoa" izenaz ezagutu izan zena. Ez zituen arauzko neurriak betetzen, txikiagoa zen, baina entrenamendutarako eta behe mailatako partidetarako erabili izan zen[1].
1970. urtean tribuna bat altxatu zen. 200 ikuslerentzako tokia zuen. 1975. urtean kiroldegi parean estali gabeko harmaila batzuk eraiki ziren. Aretxabaleta Kirol Elkartearen kirol unerik onenak izan ziren, Espainiako Afizionatuen Kopa irabazi zuen 1972an eta Hirugarren mailara igotzea lortu zuen. Errege Kopan ere hiru kanporaketa jokatu zituen.
Ibarra futbol zelai berria
1990ean Aretxabaleta Kirol Elkartea eta Udala harremanetan jarri ziren belar artifizialeko zelai bat egiteko helburuaz. Zelai berria aurrekoaren gainean egitea erabaki zen baina kokapena pixka bat aldatu egin zen; zelai berriak aurrekoaren zati bat eta anexoa hartzen zituen bere baitan. Zelaiaren beste erdia hutsik gelditzen zen. Udalak zati huts hari beste erabilera bat eman nahi zion. Zelai berria egiteko lanak 1994an hasi ziren eta 1995eko otsailaren 25ean jokatu zen aurreneko partida ofiziala. Emakumezkoen partida izan zen Aretxabaleta eta Bergararen artekoa[1]. 1996an Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko abuztuaren 21ean Errealak eta Alavések lagunarteko partida bat jokatu zuten bertan[2].
Hutsik gelditu zen zelai zati hark bere horretan jarraitu zuen inolako egitasmorik burutu gabe hogei bat urtez. 2018an futbol 7-rako egokitutako zelai bat eraiki zen[1], pixkat lehenago (2016an) zelaiaren beste muturrean skatepark bat ezarri zen.[3]
Futbol zelaiaren neurriak
Ibarra futbol zelaiak 104 x 68 metrotako neurriak ditu[4]. Tribuna bat ere badu mendebaldean eta guztira 500 ikuslerentzako tokia dago.[5] Estadioaren barnean taberna txiki bat ere badu.
Txapelketak
Aretxabaleta Kirol Elkarteko taldeek parte hartzen duten ligetako partidez gain beste txapelketa batzuk ere jokatzen dira.
Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketa: 2005ean izan zuen aurreneko ekitaldia eta bailarako taldeez gain Gipuzkoako beste hainbat taldek ere hartzen dute parte.[6]
Genuine Txapelketa: 2022an jokatu zen aurreneko aldiz. Athletic, Erreala, Alavés eta Eibar izan ziren partehartzaileak.[7]