Granadako Gerra (gaztelaniaz: Guerra de Granada) 1482 eta 1491 arteko kanpaina militarrak izan ziren, Fernando II.a Aragoikoak eta Elisabet I.a Gaztelakoak Granadako Erresuma konkistatzeko asmotan eginak.[1] Kristauek Boabdilen eskuetan zegoen Iberiar Penintsulako azken eremu musulmana hartu zutenean, Errekonkista deitu izan dena amaitu zen. Gerraren ondorioz, 1496an Alexandro VI.a aita santuak errege-erregina katolikoak titulua eman zien Elisabeti eta Fernandori.
Hamar urteko gerra ez zen etengabeko kanpaina, baizik eta udaberrian hasi eta neguan amaitzen ziren saiakerak. Gaztelar armadak bere gain ahalegin handiena hartu zuen, aragoiarrek itsas-armada eta zenbait artillari besterik ez baitzituzten eraman. Musulmanen arteko barne-borrokak bere posizioa ahuldu zuen.
Gerra 1491ko azaroaren 25eko Granadako Hitzarmenaz (edo Kapitulazioaz) amaitu zen, Granadako setio eta gudu luzearen ondoren.[2] 1492ko urtarrilaren 2an, Gaztela eta Aragoiko errege-erreginak Alhambrara sartu ziren, konkistari amaiera emanez.[3] On Iñigo López de Mendoza Tendillako kondea izan zen konkista ondoko Granadako lehen alkatea, Donostia Kulturaren arabera.[4]
Erreferentziak
Kanpo estekak