Gipuzkoako Sega Txapelketa urtero jokatzen den sega-proba da.
Kategoriak eta egin beharreko lanak
Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak, sega modalitatearen barruan, hiru txapelketa hauek antolatu ohi ditu urtero-urtero: azkartasunezko txapelketa, ohiko erako txapelketa eta sega-sail txapelketa.
Egin beharreko lanak
Ohiko erako sega txapelketa: Denbora-tarte jakin batean ahalik eta belar kilo gehien ebakitzea da jarduna. Finalera lau edo bost segalari sailkatzen dira, aurretik egiten den kanporaketa gainditu ondotik. Gizonezkoek 60 minutuko lana egin behar dute finalean; eta, 30 minutukoa, kanporaketetan. Emakumezkoek, berriz, 20 minutuko beharra dute finalean, eta ordu laurdenekoa sailkatze-saioetan.
Sega-sail txapelketa: Azalera jakin bateko belar-sailak ebakitzea da lana, ahalik eta bizkorren. Azkartasunezko modalitatearekin erkatuta, lan luzeagoak izaten dituzte. Mila metro koadroko lana dute gizonezkoek; eta, laurehun metro karratukoa, emakumezkoek. Modalitate honetan segaketaz gain, txukuntasuna ere epaitzen da, eta horren araberako denbora-zigorrak ezar diezazkiekete epaileek kirolariei.
Azkartasunezko sega txapelketa: Azalera jakin bateko belar-sailak ebakitzea da lana, ahalik eta bizkorren. Gizonezkoek 100 metro karratuko sailetan lan egin behar dute; emakumezkoek, 50 metro karratuko sailetan. Hamar segalari baino gehiagok txapelketan izena eman badute, lau kirolaririk onenek azalera bereko beste sail bat moztu behar dute txapelduna zein den erabakitzeko. Horretarako, sail guztiak ebakitzeko behar izan dituzten denborak eta epaileek irizten dizkieten zigor-segundoak batu behar dira.