Erdi Aroko gerra esaten zaio garai historiko honetan garatutako gerra ereduari, ezaugarri eta berezitasun propioak dituena. Gerra eboluzionatzen joan da historian zehar, garaiko teknologia eta kultura berriekin batera eta Erdi Aroa bereziki, Antzinaroko eta ondorengo Aro Modernoko gerren aldean, oso desberdina den garaia da.
Ezaugarriak
Erdi Aroko gerra gotorlekuen kontrolean oinarrituta zegoen. Garai historiko hau zaldunen garaia bezala ezagutzen den arren, deskribapen hori neurri batean bakarrik da ziurra. Izan ere, nahiz eta egia izan elite europarra zaldian gerrara zihoala, infanteria izan zen garai historiko honetako unitate garrantzitsuena[1].
Beraz, zaldunak ez ziren izan indar nagusia Erdi Aroko gerran, baina garai hartako arteak eta kronikek zaldun hauen balioa handitu zuten. Nobleak zaldunak ziren eta hauek herri xeheak osatzen zuen infanteriaren garrantzia gutxietsi egiten zuten. Horrela, Erdi Aroko gerraren ikuspegi hori, garai hartako nobleek bultzatuta, gaur egunerarte mantendua da.
Garai honetako gerra gotorlekuen kontrolean oinarritzen da, horregatik setioa garai hartako praktikarik arruntenetakoa izan zen. Horrek gotorlekuen defentsa tekniken eta eraso metodoen etengabeko hobekuntza ekarri zuen, bata bestearengan etengabe inspiratuak. Erdi Aroaren hasieran, setiatzeko erabilitako armak antzinatekoak bezalakoak ziren, baina kalitate okerragokoak, manufaktura maila ere txikiagoa baitzen[1]. Askotan esaten da teknologia horien aurrerapena motela izan zela Erdi Aroan, antzinatearekin alderatuta, baina ulertu behar da Antzinateak milaka urte hartzen dituela, eta Erdi Aroak ordea 1.000 urte eskas dituela.
Erdi Aroko setio gerraren lehen aurrerapen originala gotorleku mota desberdin baten agerpena izan zen, gazteluarena . Antzinaroan hiriak eta gune gotortuak bazeuden arren, Erdi Aroko gazteluak oso ezberdinak ziren. Gazteluen eginkizun nagusia garai hartako gobernarien eta boteredunen egoitza izatea zen, horrela euren ondasunak, familia eta jauna babestu egiten zuten. Hori gertatutako gizarte aldaketaren islada da, agintaritza publiko zentralizatu batek gobernatutako gizartetik, kontrol askoz lokalizatuago eta feudalago bateraino[1].
Gotorlekuen garrantziaz gain faktore logistikoa ere kontuan hartu behar da; gizakiak eta animaliak modu eraginkorrean mugitzea eta horiek elikatzea.
Erreklutamendua eta antolaketa
Erreklutamendua
Aurreko garaietan gertatzen zen bezela, armadarako erreklutamendu iturri nagusia gizarte feudalean ezarritako sistema feudobasailatikoa zen. Euren Jaun feudalei zerbitzu militarra zor zioten milaka pertsonaz osatuta zegoen armada. Zerbitzu horren truke, pertsona horiek feudoa jasotzen zuten jaunaren partetik. Talde handi horretan mota eta egoera ezberdin askoko pertsonak egoten ziren: gizon eta emakumeak, jende gaztea eta adinekoa… Guztiak zerbitzu militarra egitera behartuta zeuden. Mendebaldeko eresumetako sistemetan ezberdintasunak bazeuden ere (X. mendetik aurrera batez ere), orokorrean hau zen erabiltzen zen sistema[2]. Erresuma franko-meroviangiar eta bisigodoek zerbitzu militarraren derrigortzea erromatar jatorriko populaziora zabaltzea erabaki zuten, eta ez populazio librera bakarrik mugatu. Neurri horren ezarpenak ez zuen ondorio handirik izan hala ere, inoiz ez baitzen horren armada handirik mobilizatu behar izan, eta garaiko erresumek horren tropa kopuru handiak mobilizatzea gauza zail bat bezela ikusten baitzen. Horrela, erreklutamendu orokorra bertako defentsarako bideratuta egoten zen, eta gerra handiagoetarako soldadu eta tropa trebeagoak bilatzen zituzten[3].
XII. mende erdialdetik aurrera, erreklutamendu sistema feudalean gainbehera bat ematen hasi zen. Erresuma germaniarretan adibidez, enperadorearen basailoek beren betebehar militarren murrizketa handi bat jasan zuten. Beste batzuek betebehar militar horiek diru ordainketen bidez ekidin ahal izan zituzten. Ingalaterran mende horretan betebehar militarren beherakada handi bat eman zen, jada iraganeko gauza bat izatera pasa zela pentsatu arte. Zerbitzu militarra ez zen eragindako sektore bakarra izan. Beste jarduera feudal asko desagertu egin ziren. XIII eta XIV. mendeetan zerbitzu feudalek jasan zuten gainbeherarekin batera, gizartearen desmilitarizazio prozesu bat gertatu zen. Frantzian antzeko prozesu bat eman zen. XIII. mendetik aurrera gorteak tropak biltzeko arazo handiak izan zituen. Nafarroan, XIV. mende erdialdetik aurrera erreklutamendu feudala beste erreklutamendu moten popularizazioak ordezkatu zuen[3].
Mertzenarioei dagokionez, erreklutamendu modu hau uste dena baino lehenago popularizatu zen, VIII eta IX. mendeetan adibidez. Hala ere XII. mendetik aurrera espantsio handiagoa izan zuen. Metodo honek hainbat abantaila zituen beste moduekiko. Alde batetik, soldaduak edozein momentu edo lekutan lortzea ahalbidetzen zuen, edozein egoera militarretan. Bestetik, ondainketak tropa hobeak lortzea ahalbidetzen zuen: entrenatuago eta gerrarako hornituago egoten ziren.
Desabantaila batzuk ere bazituen, esaterako, soldadu horien leialtasuna ordaintzen zen bitartean bakarrik mantentzen zela. Metodo honen zabaltzea XI. mendetik aurrera Europan eman zen espantsio ekonomikoari lotuta zegoen. Normandiarrek XI. mendean Ingalaterra konkistatu zutenean, haien armadako soldadu asko mertzenarioak ziren. Frantzia eta Italia iparraldean XII eta XIII. mendeetan eman zen hazkundea tropa mota hauetan. Hazkunde ekonomikoak eta mertzenarioek zabaltzeak basailuen artean “soldaten” popularizazioa ekarri zuen, batez ere, XIII. mendetik aurrera, eta nahiz eta derrigorrezko zerbitzu militarra egin behar. Erreklutamendu mota hau ohikoena zen jada XIV eta XV. mendeetan, eta orokorrean profesionalizazio, disziplina eta oinarri sendoagoko armadak ahalbidetu zituen. Kontratu militarrak garatu ziren eta gerrarako gizon profesional eta iraunkorrak kontratatzea ohiko gauza bihurtu zen[3].
Boluntarioak
Boluntarioei dagokionez, askotan elite edo monarkiarekin zerikusirik ez zuten pertsonak izaten ziren, nahiz eta horiekin loturak zituztenak ere bazeuden. Hauek zuten ezaugarri komuna armadara joateko derrigortasun eza zen, hau da, ez zieten gerrara joateko deitzen, baina hala ere joaten ziren. Horren arrazoiak mota askotakoak izan zitezken, orokorrean zerbait lortzeko: prestigioa (eliteetako zaldunen artean), botere politikoa (errege edo printzeengan influentzia lortzea), etekin ekonomikoak (gerretan lortutako harrapakinak, lurrak, estortsioa…), edota euren bekatuetatik askatzeko. Gerran parte hartzea igoera sozialarekin lotuta zegoela aporbetxatzen zuten. Armadetan gehiengoa izatera iritsi ziren[3].
Gerrara joaterako orduan soldadu bakoitzak bere arma propioak eraman behar zituen, eta gerrak irauten zuen bitartean bere mantenua ordaindu behar zuen. Germaniar tribuetan hasi zen ohitura hori Erdi Aroko erresumetara zabaldu zen[3].
Antolaketa
XV. mendera arte armada profesionalizatu baten gabeziak haren agintetza eta antolamenduan eragin zuen. Momentu hartara arte armadaren buruzagitza eta organizazio boterea bertako lider politikoek edukitzen zuten, hau da, monarkak euren erresumetako buruzagi militarrak izaten ziren. Euren lana zen taktika militarren planifikazioa, erreklutamenduaren antolaketa, organizazio logistikoa, finantziazioa… Monarkek gerran egon ezin zutenean edo armadarekin zer ikusia zuten beste gauzetaz kezkatu behar zirenean ofizialak edukitzen zituzten.
Garai horretako monarkiek botereko atal guztiak kontrolatzeko desioak, armadetan behin betiko karguen sorrera bultzatu zuen, lehen aldiz organizazio militarraren bidea hasiz. XIII eta XIV. mendeetan Frantzia eta Gaztelan jada existitzen ziren organizazio egitura batzuk[3].
Armaden konposizioaz hitz egiten hasteko, bi tropa mota ezberdindu behar dira: tropa iraunkorrak eta ez iraunkorrak.
Tropa iraunkorrak
Tropa iraunkorrek kohesio, disziplina eta entrenamendu handia zuten. Hauen barruan ere mota ezberdinak zeuden. Lehenari oste erreala deritzo: tropa hauek fidelitate juramentu bat sinatzen zuten, soldata bat ematen zieten eta erregearen gortean bizitzen ziren. Bigarren mota gotorlekuetako soldaduak ziren: militarki defentsa jardueretarako oso garrantzitsuak eta erabilgarriak ziren. Talde honetako hirugarren eta azken tropa motak ordena militarrak ziren: nahiz eta lurralde oso zehatzetan jardun, berebiziko garrantzia militarra edukitzen zuten. Orokorrean mendebaldeko kristiandadearen mugetan egoten ziren, musulmandarren eta paganoen aurka borrokatzen[3].
Tropa ez iraunkorrak
Tropa ez iraunkorrek Erdi Aroko gerran parte hartu zuten soldaduen gehiengoa eman zuten. Hauen barruan ere mota ezberdinak daude. Lehenak jaurgo-osteak ziren: hauek ordaindutako, derrigorrezko eta erreklutamendu feudaleko soldaduz osatuta zeuden. Zalditeria eta infanteria mota ezberdinak egoten ziren barruan. Bigarren mota kontzeju-ostea zen: Europan XI. mendetik aurrera eman zen hiri-espantsioak bultzatutako tropak ziren. Hirietako defentsan aritzen ziren, bertako buruzagiek erreklutatuta[3].
Guden eboluzioa eta setio teknikak
Erdi Aroan zehar guda asko egon ziren. Behe Erdi Aroan zentratuta, Normandarren Ingalaterrako konkistatikEuskal Herriko Bando Gerretara arte ikusi daiteke lau mende hauetan zehar gerran eboluzio asko egon zirela bai taktiken zein armamentuaren aldetik. Garaiko gizartea aldatzen zihoan heinean gerra egiteko modua ere aldatzen zuten.
Zalditeria
Taktikei dagokionez, kontuan hartu behar da Goi Erdi Arotik gatozela. Garai honetan gerrak infanteriarekin egiten ziren batez ere, hala ere, estriboen erabilpenak zalditeriaren erabilera handitu zuen. Hasieran, zalditeriak pisu gutxi izan zuen, baina feudalismoak aurrera egin ahala jaun feudalek zaldun gehiago lortu zituzten, hauek hornitzeko material gehiagorekin. Zalditeriaren erabilpen zabalaren lehenengo adibidea gurutzadak izan ziren. Nahiz eta jende gehiena oinez joan noble batzuk zaldiz joan ziren bere basailu eta jaun feudalekin. Zalditeriak gero eta garrantzia gehiago hartu zuen Erdi Aroan zehar. Hala ere, XIV. mendeko krisiaren ostean zalditeriaren erabilpena jeitsi egin zen. Hiru arrazoiengatik gertatu zen:
Nobleen diru sarreren beherakada eta zaldunak mantentzeko ahalmenaren galera.
Arku luzeen erabilpena. Crecy-ko guduan frantsesen zalditeria guztiz suntsituta gelditu zen Ingalaterrako arkulariengatik.
Pikarien erabilera. Entrenamendu gutxiko tropekin eta horniketa gutxi behar zituzten gizonekin. Lantza bat bakarrik behar dute, zalditeria gelditu zezaketen. Nekazarien erreboltetan oso ohikoa izaten zen.
Hortik aurrera zalditeria erabiltzen jarraitu zen, nahiz eta gutxiago izan. Batzuetan gorakadak izango ditu eta beste batzuetan berakadak. Bigarren Mundu Gerra arte erabiltzen jarraitu zen. Zalditeriaren beherakada hirien goraldiarekin lotu daiteke. Hirietan noble gutxiago zeudenez askoz errezagoa zen infanteria edukitzea. Kontuan eduki behar da gehienetan hiriak harresi batez inguratuta zeudenez zalditeriak ezin zuela gauza askorik egin. Batez ere Italiako iparraldean ikusi daiteke.
Bolbora
Bolboraren zabalpenarekin aldaketak eman ziren doktrina militarrean. Kanoiak oso konpaktuak diren, eta formazioak erraz apurtzen zituzten (pikeroen formazioak adibidez), hauek lantza harresi bat egin behar zutelako bata bestearen ondoan jarriz. Unitate bizkor eta maniobragarrien beharra zegoen. Unitate bizkor hori zalditeria zen, artileriaren aurko oso aproposa baitzen. Artileriaren laguntzaz harresiak botatzea errezagoa bihurtu zen, eta honek mertzenarioen kontratazioa bultzatu zuen hiriak ahalik eta hoberen babesteko.
Infanteria
Infanteria ez zen asko aldatu Erdi Aroan zehar. Aldaketa batzuk eman ziren materialetan, batez ere defentsarako eta erasorako. Aipagarriak dira sare kotak, ezpaten zabalera, balezten eta arku luzeen erabilera…. Taktiketan ematen den aldaketa handiena pikarien berrerabilpena izan zen. Artileriaren erabilpenarekin gauzak asko aldatu ziren taktika eta abarretan. Infanteriak linea luzeak egiten zituen nahiz eta ez oso sakonak izan.
Setioak
Azken elementu garrantzitsua setioak dira. Nobleen etxebizitzak dorreak izaten ziren. Hauek nobleen lurrak kontrolatzeko eta nobleen boterea erakusteko bakarrik erabiltzen ziren, ez gotorleku modura. Feudalismoak aurrera egin ahala aldatu egin zen. Jaun feudalak botere eta diru gehiago lortzen hasi ziren. Nobleen arteko gerrak ere areagotu ziren, beraz beraien etxeak gotorleku bilakatu zituzten. Hasieran harresi bat jartzen zuten. Suteez babesteko barneko dorrean harria erabiltzen hasi ziren. Beranduago kanpoko harresirako ere erabiltzen hasi ziren. Adibide esanguratsuak Gaillardeko gazteluaFrantzian edo Zaldunen KrakaSirian dira. Artileriaren erabilerarekin gaztelu hauen funtzioa galdu egin zen, harresiak erraz botatzen baizituzten, eta planta Italiarreko gazteluak eraikitzen hasi ziren, horma lodiagoekin.
Bi teknika
Gaztelu hauek setiatzeko bi modu izaten ziren normalean. Gehien erabiltzen zena gotorlekuaren kanpoan armada ezarri eta barrukoak errenditu arte itxarotea zen. Barrukoen horniketarako beharrezkoak ziren materialen blokeoa ezartzen zen barrukoak errenditzeko. Teknika honen alde negatiboa asko irauten zutela da. Batzuetan zailena armada handi bat denbora luzez hornitzea zen setio garaian, izurrite eta goseteetara arriskatuz.
Bigarren teknika gotorlekua zuzenean erasotzea zen. Teknika honekin soldadu asko galtzen zituzten, barrukoek abantaila asko baitzuten. Soldaduen heriotza murrizteko ingenieria erabiltzen zen: setio armak, eskailerak eta harresi azpiko zuloak. Setioaren hasieran arkulariak eta ballestariak geziak jaurtitzen aritzen ziren, erasotzaileek bere armak egin arte. Arma hauek normalean 4 izaten ziren:
Katapultak: korda batzuen tortsioaren indarrez funtzionatzen zuten eta objektuak jaurtitzeko erabiltzen ziren.
Arieteak: egurrezko enbor bat zen, bere aurreko aldean metalezko buru batez osatuta. Soldadu askoren artean hartu eta ateen kontra edo hormen kontra kolpatzeko erabiltzen ziren. Normalean estalita egoten ziren defentsagileetatik babesteko.
Trabuketeak: grabitatearen bidez funtzionatzen zuten eta katapultak bezala objektuak jaurtitzeko erabiltzen ziren.
Setio dorreak: dorre mugikor altuak izaten ziren, harresien altuerakoak. Hauetara sartzeko erabiltzen ziren. Eskaileren bidez igotzen zen normalean dorrearen goiko aldera eta geziez estaltzeko babesa zeukaten.
Setio armez gain meatzariek (gaur egungo zulatzaileak) harresiaren azpian zulo bat egiten zuten, ondoren egindako zuloaren sostenguei su emateko eta honela harresiak erorrarazteko. Teknika hauek oso garestiak ziren. Gainera, gaztelura pasatzea lortzen bazuten bertan defendatzaileekin borrokatu behar zuten gaztelua hartzeko eta ez zen beti lortzen.
Itsasoko gerra
Itsasoko gerrak Erdi Aroan arreta gutxi jaso ohi du, lehorreko borrokaren printzipio berberen arabera garatzen diren itsas batailak besterik ez balira bezala. Helburu nagusia etsaiarengana heltzea eta itsasontzia abordatzea zen. Helburu hori lortzeko, hala ere, urrats asko eman behar ziren, eta horiek osotasunean hartuta agerian uzten dute itsasoko borroka zela Erdi Aroko gerraren alderdi tekniko eta logistiko zorrotzena. Europako herrialde gehienek, itsasontziak eraikitzeko gastuak oso handiak zirenez, itsas armada baten existentzia eragozten zuen, eta beraz, noizean behin gobernanteek merkatarien itsasontziak gerrarako erabiltzen zituzten.[1]
Europako itsasoko nagusitasunak haien lurraldeetatik urrun arrakastarekin lan egitea ahalbidetzen zuen. Belazko nabigazioaren aroan zehar itsasoko borrokak naturaren eskuetan zeuden; eguraldia, korronteak, haizeak… Europak bi itsas-baliabide oso desberdinduak zituen; alde batetik Mediterraneoa, erlatiboki lasaia zena eta klima erregularra zeukana eta bestaldetik, Atlantikokoa eta Baltikokoa, non ozeano indartsuago bat zegoen baldintza klimatiko gogorragoekin.
Bestalde, borroka batean erasotzerako orduan, itsas-ontziaren posizioa baldintza klimatikoen arabera erabakigarria izan zitekeen. Adibidez, abantailatsua izaten zen erasoa egitea haizea zure parte egoten bazen. Atlantikoko portu gehienak haizebean kokatuta zeuden, bestalde, Ingalaterrakoak haizealdean kokaturik, abantaila handi izanik. Mediterraneoko Itsas konfliktoetan, mendebaldeko potentziak abantaila zuten haizeei esker, eta horren ondorioz, Erdi Aroko kristautasunaren eta Islamaren arteko borroka kristauen alde dekantatzen zen, kristauak iparraldeko eta mendebaldeko kostetan zeudelako, eta Islama ekialdeko eta hegoaldeko kostetan zegoelako.
Itsas gerrako teknikaren eta teknologiaren arabera, aipatu bezala, portuen kokapenak garrantzi handia zuen floten mantentzerako. Iparrorratza erabilgarria bilakatu zen XIII. mendean, hortaz gain, beste tresna batzuk barneratu ziren, astrolabioa bezala, nabigatzaileei bere latitudea kalkulatzea uzten ziena. Aipatutakoak aparte, XIII. mendetik aurrera nabigazio eskuliburuak egiten hasi ziren, bertan bidaietako esperientziak kontatzen zituzten. Hala ere, orokorrean laguntza teknikoen gabezia zegoen.
Mediterraneoko Europaren eta Atlantikoko Europaren itsas eraikuntzaren artean desberdintasun tekniko garrantzitsuak existitzen ziren. Iparraldean eta Atlantikoan, itsas ontziak gogorrak gainditzeko diseinatuak zeuden. Mediterraneoko eraikuntza metodoa, aldiz, merkeagoa zen, egur kantitate txikiago bat behar baitzuen. Gerrako ontzien kantitatea txikia zen, eta merkataritza ontziak egokituak eta konfiskatuak izan zitezkeen. Hasiera batean, gerrarako itsas ontziak arrauneko ontziak ziren. Bertan, irudimen popularrak esaten zuenaren kontra, galerako esklabuak ez ziren inoiz ugari izan, eta gutxitan konfiatu zen horietan gerrarako, normalean, arraunlariak ere gerlariak bezala parte hartzen zuten profesionalak ziren. Arraunak erabiltzeaz utzi zenean, ontziak altuera handiagoarekin eraikiak izaten ziren, berehalako abantaila lortzen baitzen borrokan.
Gerra taktikaren arabera, etsaiaren ontzi bat hondoratzea, galera bat bezala ikusten zen. Buzoen erabilera ontzien beheko partean zuloak egiteko, teknika ezagun bat zen, baina ez zen aldi askotan aurrera eraman, borrokaren helburuetako bat etsaien ontziak bereganatzea baitzen. Ontziek distantzia motzean borrokatzen zuten, jaurtigaien jaurtiketaren bidez, abordatze eraso batekin jarraituz. Etsaiaren ontzian sartuta, lehen helburua etsaia itsustea zen, horretarako askotan erabili izan zen su-grekoa, urarekin itzali ezin zen sua. Baleztariak arma erabakigarri bat ziren ere, eta idatzi batzuen arabera, baleztarien arloan katalanak onenak ziren[2].
Francisco Garcia Fitz (1998). Ejércitos y actividades guerreras en la edad media europea. Arco Libros.
Matthew Bennett (2010). La guerra en la Edad Media, Akal. Madrid.
Matthew Bennett et all. (2009). Técnicas Bélicas del Mundo Medieval 500 a.c.-1500 d.c.: Equipamiento, Técnicas y Tácticas de Combate. Libsa; N.º 3 edición.
Maurice Keen (2005). Historia de la guerra en la Edad Media. A. Machado Libros. Philippe Contamine (1984). La guerra en la Edad Media. Labor, Barcelona.