Gernika |
---|
Mota | hiruhilabetekari abertzale eta humanista |
---|
|
Azken alea | 1953 |
---|
Hizkuntza | euskara, frantsesa eta gaztelania |
---|
Argitaratze lekua | Donibane Lohizune (1945-1951)
Buenos Aires (1951-1953) |
---|
Kolorea | zuri-beltza |
---|
Argitaletxea | Euskal Kulturaren Hedapen Institutua |
---|
|
Ekoizpen osoa | 25 |
---|
Banatze-eremua | Euskal Herria |
---|
Maiztasuna | hiruhilabetekaria |
---|
|
Ideologia | abertzalea eta humanista |
---|
Sortzailea | Rafael Pikabea |
---|
Zuzendaria | Rafael Pikabea (1945-1951)
Isidoro Fagoaga (1951-1953) |
---|
Erredaktoreak | Orixe, Xabier Iratzeder, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Andima Ibinagabeitia, Pierre Lafitte, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Ixaka Lopez Mendizabal, Errose Bustintza, Luis Villasante, Joxe Migel Barandiaran, Isidoro Fagoaga, Dominique Dufau, Etienne Salaberri, Txomin Peillen, Oxobi, Marc Legasse, Mixel Etxeberri, Miguel Astiz, René Lafon, Sebero Altube, Justo Garate, Juan Thalamas, Norbert Tauer, Antonio Maria Labaien, Jon Bilbao, Jon Etxaide[1] |
---|
|
ISSN | 0995-9866 |
---|
Gernika 1945etik 1953ra Donibane Lohizunen eta Buenos Airesen argitaratu zen hiruhilabetekari abertzale eta humanista izan zen.
Historia
Gernika aldizkariaren lehen zenbakia Gernikako bonbardaketaren zortzi urte ondoren atera zen erbesteratu errepublikarren Donibane Lohizuneko bileren fruitu. Bere sortzaile eta lehen zuzendariaren, Rafael Pikabea hitzetan:
«
|
Eup, jaunak! Emen gera gu ere (…) Zeiñ geran? (…) Azkeneko gerratian itxetik kanpora bialiak. Zer nai degun? Irakurri gure esanak, eta laister jakingo dizute nora guazen (…) Atozte bada Alkartuta, danak batian, bultza dezagun gora gure aberri maitia
|
»
|
Rafael Pikabea, Gernika, 1[1]
|
Gernika izeneko aldizkari kulturalak zortzi urtez iraun zuen gorabeherak gorabehera. Espainiako
Gerra Zibilaren ondorioz sortu zen giro latzaren ume da.
Bertan idazten zuten: erbesteratuek nagusiki, Iparraldeko zenbait
herritarrek, zenbait euskalarik eta Francoren diktaduraren menpe
bizi ziren beste batzuek. Bere lerro editoriala eta asmo politikokulturalak
ez ziren kabitzen diktadura ezarri berriaren koordenaden
barnean.
Espainiako Gerra Zibila (1936-39) Hegoaldean, eta II. Mundu
Gerra (1939-45) Iparraldean elkarren segidakoak izan ziren kronologikoki.
Horrek esplika lezake zelanbait desertu kulturalaren modukoa
zabaltzea, eta XXI. mendeko gizakiak garai zail haietako
ezer gutxi izatea oroimenean sarri, letren esparruan behinik behin.
Amnesia hori eten ohi dutenak komunzki Egan (1948an sortua) eta
Euzko-gogoa (1950an sortua) aldizkariak izaten dira. Argitaratze
kontuez ari garela, plazaratutako liburuak benetan urriak izan
ziren, eta geroago azalduko dira.
Izan ere, aldizkariko artikulugintzak idazleari ahalegin txikiagoa
eskatzen dio. Kontuan izan euretako asko militarrek “etxetik bidalitakoak”
zirela, Gernikako fundatzailea eta lehen zuzendaria izan
zen Rafael Pikabeak ironikoki zioen moduan lehen zenbakian. Publikazioaren
eskribatzaileak erromes zebiltzan maiz, legezkotasun
irauliaren intelektual ugari bezala: A. Ibinagabeitia errepresiotik
ihes eginda; Orixe kazetaria, Errepublikarekin euskal idazleentzat
posiblea izan zen patxada galduta; I. López Mendizabal, A. M. Labaien,
Basarri eta F. Krutwig politika-arrazoiengatik atzerriratuta.
Guztiarekin ere, diasporako euskaldunek jakin zuten entzunarazten
euren ahotsa nola edo hala. Agerkariak ugaldu zituzten Parisen
eta Londresen, Mexikon, Caracasen eta Buenos Airesen.
Xede politikoak zituzten batez ere sarri askotan; ez beti. J. M. Barandiaranek
Baionan sortu Eusko Jakintzak (1947-57), eta Gernikak
berak, euskalaritzaren alorrean gogoangarriak diren ekarpenak argitaratu zituzten adituek diotenez (J. Haristchelharrek, P. Iztuetak...).
Dudarik gabe, darabilgun publikazio honetako artikulu eta
poema batzuek historia egin dute, eta han-hemenka daude jasota
garai-giro honetaz azken urteotan egin diren lanetan; hau da, antologikoak
bihurtu dira. Gaurkotasuna badute, beraz.
Aldizkaria
Aldizkariaren testuingurua zehaztu dugu.
Agerkariak erbestean bizi ziren euskal intelektual ugari batu zituen,
eta tartean baziren euskal idazle esanguratsuak (A. Ibinagabeitia, J.
Mirande, F. Krutwig, Orixe, D. Dufau...).
Gerra Zibilaren ostean errealitatearen irakurketa humanista eta
modernoa egin nahi izan zuten. Giza- eta gizarte- zientzietako
gaiak argitaratu zituzten Euskal Herriko hiru hizkuntzetan. Alderdikeriarik
gabe edozein lumari egin zioten harrera.
Espainiako gerra bukatu (1939) eta sei urtera (1945) jaio zen aldizkaria. Garai
bertsuan II. Mundu Gerra (1939-45) gertatuko zen, eta ondoren
Gerra Hotza (1948-53). Gerra Hotzaren sasoian argitaratu zen
Gernika Donibane Lohizunen eta Buenos Airesen.
Gernikak euskal tradizio humanista berreskuratu nahi zuen, talde
eragilearen editorialetan eta hainbat artikulutan ikusten denez. Tradizio
hori mamitzen funtsean XVI.eko humanistak (Donibaneko J.
Uharte, Azpilkuetako Martin, Vitoriako Frantzisko...), XVIII.eko
Azkoitiko Zalduntxoak eta XIX.eko J. M. Iparragirre aritu dira.
A. Ibinagabeitiak polito azaltzen du zer ulertu behar den humanismo
hitzarekin. Bere ustez edozein iritzi arrazoiaren arabera galbahetu
daiteke, ez dago dogma ukiezinik. Bestetik, kontenplazio
huts “zakarra” ez du onesten, eta bai, aldiz, irekita dagoena. Horrela
jokatzen du berak idazle gazteagoekin (F. Krutwigekin, J. Miranderekin...).
Gernika Lagunarteko partaideek iritzi horien parekoak
azaldu zituzten argitaratu zituzten artikuluetan eta editorialetan.
Oraintsu onartu dute Espainiako Gorteek Memoria Historikoaren
Legea (abenduaren 26ko 52/2007 Legea). Diktaduragatik eta
1975tik aurrera trantsizioan gerra hartako gairik aipatzerik ez zegoenez,
ezin izan da oroitze-ariketa egin estatuan Espainiako ejertzitoa gaizkituko zen beldurrez, gatazka amaitu eta 68 urtera baino.
Gernikakoek, aldiz, ariketa hori aspaldi egina zuten, erbestean zeudenez
gero.
Haiek bertatik bertara bizi izan zuten hondamendia; ezagutu
egiten zuten garaile berriek ezarri zuten askatasunik gabeko
egoera. Esaterako, F. Krutwigek Mendebaldeko zibilizazioaren
ikuspegi etsitua eman zuen, eta bakea eta tolerantzia iruditzen zitzaizkion
gizakiak premiazkoak dituen balioak. Mundua engainagarria
da –pentsatzen zuen- ustekabe galantak eta izugarriak ematen
dizkigu, beraz onar dezagun lagun hurkoaren ikuspegia.
J. Etxaidek ere ahalegin berezia egin behar izan zuen Espainiako
Elizaren jokabide gaitzesgarria onartzeko, bera ere fededuna zen
aldetik.
Gernika aldizkariak aukeratu zuen lerro editorialaren ondorioz
itxi zuen. Inongo alderdik inposa ziezaiokeen diziplinatik aparte
egon nahi izan zuen. Aldizkaria sortzeko ekitaldian “Euzkadi ofiziala”
bidaide bazuen, gero askatasunez jokatu zuen, eta tirabirak
izan zituen beste erbesteratu batzuekin. Azkenean EAJko abertzaletasunaren
sektore ofizialek laguntza ukatu, eta ekonomikoki ito
egin zen. J. Miranderi publikatu zizkioten artikuluek non abertzale
demo-kristauen zintzotasuna kritikatzen baitzuen, ez zuten noski lagunduko
alderdiaren erabakia aldatzen.
Gernika aldizkariak euskal idazleak batzeko balio izan zuen. Gerraoste minean
ez zegoen azpiegitura editorialik, ezta merkaturik ere. Aldizkariak
eskaintzen zuen topagune zabala arnasbidea izan zen hainbat
idazlerentzat, eta komeni izan zitzaien aprobetxatzea. Orixek
zioen: “revista... donde cabíamos peces de todos los colores”. Aldizkari
eklektikoa, beraz.
Lapurtera klasikoaren proposamena Gernikako orrialdeetan
egin zuen F. Krutwigek.
Aldizkaria bultzatu zutenen esanetan, hainbat luma erdaldun
zein euskaldunek parte hartu zuten proiektu honetan, eta pozik zeuden jasotako oihartzunarekin.
Itxura guztien arabera, Isidoro Fagoaga zuzendariak poltsikotik ateratako sosei esker bizi izan zen
publikazioa azken urteetan. Independentzia ideologikoak sostengu ekonomikoa behar zuen. Azken garai batean, bai zuzendariak eta bai aldizkariak Buenos Airesen kokatu behar izan zuten.[2]
Literatura
Hiru taldetan sailkatu ditugu euskarazko idazleak: Lore Jokoen
ondorengoak, Gerra Zibilaren aurreko giroaren jarraitzaileak eta,
azkenik, berritzaileak.
A. Lehen taldekoak arrakalatuta dagoen mundu baten azken erakusgarriak
dira. Batzuk kontzienteak ziren horretaz (D. Dufau),
beste biak ez (I. Larramendi eta J. Aldabe). Mundu tradizionala eta
euskara elkarrekin ezinbestean lotuta ulertzen zituzten. D. Dufau
konturatzen zen lauso artean bazen ere, euskarak goi mailako irakaskuntzan
sartu behar zuela, salbatuko bazen. Hala ere, D. Dufauk
gehienetan euskararen aurrerabidea jartzen zuen A. Xahoren
mito burgoien abaroan, lamien balizko laguntzaren pentzura, edo
Gernikako Arbolak zituen sustrai sendo eta sinbolikoen baitan.
Ekintza eraginkorrean premiaz jabetzen zen, baina urrun dago Iparraldeko
gizarteari programa egingarria proposatzetik.Lehen talde honetan daude baita I. Larramendi eta J. Aldabe ere.
Gizarte estatikoa islatzen zuten beren bertsoetan, eta laster orokorrak
izango ziren aldaketak ez zuten idazlanetan lekurik. Bi azken idazle horiek
errealitatearen irakurketa estatikoa eta kostunbrista egin zuten.
B. Gerra aurreko giroaren jarraitzaileek ere ikuspegi nostalgikoa
zeukaten. Basarri bertsolaria baserriei lotu zitzaien euskarari eusteko,
nahiz eta kolokan ikusten zituen. Orixek ortodoxian babesten
zuen bere burua kosta ahala kosta, eta hirian katolikotasun praktikantea
minoritarioa zela jakinda ere.
C. Berritzaileen taldea dugu azkena.
E. Erkiagak berrikuntza saioak egin zituen, eta F. Krutwigek proposatutako lapurtera klasikoz
idatzi zituen poema batzuk, ukitu existentzialista gaineratuta.
Aldaketa berritzaile horiek behin-behinekoak izango zituen. Soziolinguistikaren
alorrean ikuspegi errealista zuen, eta hizkuntza biziberritzeko
datu positiboei zentzuz eta taxuz antzeman zien: euskalduntze-
saioak, ekitaldi publikoak (bertso-guduak...), liburu-argitalpenak,
jakitunen bermea duten adierazpenak (A. Tovarrenak)...
F. Krutwig eta J. Mirande dira berritzaileen taldean idazle gailenak.
Lehenak eragin budista islatu zuen, bai hitz neurtuetan eta baihitz-lauzko lanetan. Gogoeta egin zuen gudu-zaletasunak dakartzan ondoren txarrez. Iturri bila zebilen F. Krutwig eta, bereziki, biren
atzean: batetik, Ekialdera doa munduari uko egiteko filosofia bila;
bestetik, Greziako mitologiak ere balio dio historia interpretatzeko.
Gernikaren suntsiketa Olinpoko Jainkoen liskarrak direla eta interpretatzen
du. Bolada hau pasatuta idazle honek Greziako kultura hobetsiko
zuen Europako kulturari urrunagokoa zaion budismoaren aldean.
F. Krutwig tradizio modernoarekin kritikoa zen, eta ironiaz jabetu
zen Mendebaldeak urte haietan zuen bide suntsitzaileaz. Hori
izan zezakeen arrazoia bestelako pentsaeren bila Asiara jotzeko.
J. Miranderen poemek, narrazioak eta entseguek zeharo aldatzen
dute literaturaren panorama. Analogia erabiltzen du mundua
islatzeko poemotan, izan ere lerroetako erritmo fonetiko berriak
esanahiaren oihartzunak dira. Erlijio tradizionala ukatu zuen. Hala
ere, ironian azpimarra egin zuten F. Krutwigek eta J. Mirandek
Utopiaren zantzu guztiei ez zieten uko egin. Lehenak gizarte baketsua
bilatzen zuen; bigarrenak Gazteen Lurraldearen ideia laztantzen
zuen, eta proiektu politiko zaharberritzaile bat zuen Euskal
Herriarentzat.
Bestalde, J. Mirande aztertu da ikusteko ea literatur lanetan
pentsaera faxistaren egitasmoa islatzen duen. Ideologia politikoaren
aztarnak aurki daitezke bai olerkietan bai hitz-lauzko lanetan.
Beraz, emaitza positiboa da; faxismoak zuen gizartearen ikuspegia
J. Miranderen lanetan ere topa daiteke. Azterketa hau burutzeko aldizkariko
lanez gain, kanpoko beste zenbait ere analizatu dira.
Iratzederri buruz esan daiteke aurrerakuntzaren kritika moralista
egin zuela turismoak euskaldunetan ausaz sortzen zuen diru-gosearen
kontra, eta euskarak zituen oztopo berrien ezagule dela. Eskola
frantsesa eta turismoa ez zitzaizkion hizkuntzari onuragarriak,
baina ez zuen kritikatzen duen egoera artezteko proiekturik, mistikak
eskain dezakeen arnasaz eta etikak eskain dezakeen onbideaz
landa. Turismoa nahi zuen fedearekin eta euskararekin adostu. Mundua
ulertzen dakien Iratzeder berritzaileen taldean kokatu dugu.
A. Ibinagabeitia idazle landuaren idaztiak garrantzitsuak dira
euskal tradizio literarioari neurria hartzeko. Tradiziozko hizkuntza
hobetsi zuen, eta etorkizuneko literaturaren ezaugarriak zehaztu
zituen. B. Etxepare eta J. B. Hiribarren bezalakoen tradizio aurrerazalea
ezagutarazten saiatu zen; lehenak askatasunez hitz egin
zuen gai profanoei buruz, eta bigarrenak Argien Mendearen goraipamena
egin zuen. J. Miranderenak bezalako ekarpenei harrera
egin, eta sostengua eman zien, euskal literatura gaur eguneko gizakiari
baliagarria izan dakion.
Ikusten denez, hainbat joeratako idazlek argitaratzen dute aldizkari
berean.
Literaturaren historiatik begiratuta konstatatzen da Gernika aldizkarian
jalgi zirela F. Krutwig eta J. Mirande euskal letren plazara.
D. Dufau ere ezagutzea merezi duen idazlea da Eskualtzaleen
Biltzarreko ingurumen soziala erakusten duelako, eta Iparraldean
gizarte euskalduna frantsesten hasi zenean, hango buru argituek zituzten
irizpideak ilustratzen dituelako.
Adierazgarria da Pariseko eta Bilboko hirietatik zetozen gazteak
(F. Krutwig eta J. Mirande) izatea berrikuntza saio nagusiak egingo
zituztenak.
1956ko edo 1964ko etena aipatzen denean euskal literaturaren historian kontuan hartu
beharko litzateke aurretik ere eten horren aztarrenak izan direla, adibidez,
Gernika aldizkarian.
Ikus, gainera
Erreferentziak
Kanpo estekak
Kanpo estekak