Georges Perec Parisen jaio zen, 1936ko martxoaren 7an. Gurasoak, Icek Peretz eta Cyrla Szulewicz, poloniar jatorriko juduak ziren, Soziologiako ikasketak egin ondoren, 1961-1978 bitartean dokumentalista izan zen CNRS edo Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean.
1965. urtean egin zen ezagun Gauzak, 60etako istorio bat (Les Choses. Une histoire des années soixante) eleberriari esker, kontsumo-gizartearen abiapuntuan kokatzen dena. Lehenbiziko lan horrek oinarri autobiografiko nabarmena du. Jeromek eta Sylviek osatutako bikotea du protagonista; soziologia ikasitakoak dira biak, Georges Perec eta haren emazte Paulette Petras bezala; eta biak, Perec eta Petras bezala, Sfaxera doaz denboraldi bat pasatzera, Tunisiara.[2]
1967anGizon bat lotan (Un homme qui dort) argitaratu ostean, esperimentalismora lerratu zen. Raymond Queneauk eta François Le Lionnaisek sortutako Oulipo (Ouvroir de littérature potentielle) tailerreko kide behinenetako bat izan zen. 1969an, La disparition argitaratu zuen, e bakar bat gabe idatzitako eleberria, eta 1972an haren kontrapuntua, Les revenentes, e beste bokalik erabili gabe idatzitakoa. La vie, mode d'emploi, haren lanik ezagunena eta, aditu askoren ustez, haren obraren gailurra, 1978an argitaratu zuen.[2]