Gaoko Inperioa

Gaoko Inperioa
c.VII. mendea – 1325
Monarkia
Geografia
HiriburuaGao[1]
Kultura
Hizkuntza(k)Songhai hizkuntzak
ErlijioaErlijio tradizionalak, islam
Historia
Ondorengoak
Maliko Inperioa
Songhai Inperioa

Gaoko Inperioa mendebaldeko Sahelen, Niger ibaiaren arroko erdialdean, zegoen estatu bat izan zen, Songhai Inperioak ordezkatu zuena. Ibaiaren ekialdeko bihurgunean dagoen Gao hiriari zor dio izena. IX. mendean, mendebaldeko Afrikako erresumarik boteretsuena izan zen.

Historiografia

Gao-Saneyko hilerrian 1939an aurkitutako hilobi hilarrien gaineko arabiar epitafio batzuez gain (hiritik 6 km ekialdera),[2][3][4][5] ez dago XVII. mendearen erdialdea baino lehenagoko ailegatu zaigun indigenen idatzirik.[6] Hiriko historia goiztiarraren gure ezagutza Marokotik, Egiptotik eta Al-Andalusetik etorritako kanpoko geografo arabiarren lanetan oinarritzen da, eskualdea inoiz bisitatu ez zutenak. Autore horiek Kawkaw edo Kuku izenez aipatu zuten hiria. XVII. mendeko funtsezko bi kronikek, Tarikh al-Sudan eta Tarikh al-Fattash, Songhai Inperioaren garaiko hiriari buruzko informazioa ematen dute, baina aurreko garaiko argibide lausoak baino ez dituzte.[7] Kronikek, oro har, ez dituzte iturriak aipatzen.[8] Litekeena da aurreko aldietako bere kontakizunak ahozko tradizioan oinarritzea, eta, XV. mendearen bigarren erdialdea baino lehenagoko gertaeretarako, litekeena da hain fidagarriak ez izatea. Aurreko aldi horietarako, bi kronikek batzuetan informazio kontraesankorra ematen dute.

Islamaren aurreko historia

Gaoren aipamen goiztiarrena IX. mendearen lehen erdian idatzi zuen Al-Khwarizmi persiarrena da.[9] IX. mendean, Gao eskualdeko potentzia garrantzitsua zen. Al-Ya'qubi bagdadarrak 872 inguruan idatzi zuen Ta'rikh ibn Wadih bere lanean:Levtzion eta Hopkins, 2000, or. 7;Levtzion, 1973, or. 15

« Kawkawtarren erresuma dago, Sudango erresumarik handiena, garrantzitsuena eta boteretsuena dena. Erresuma guztiek erregeari obeditzen diote. Al-Kawkaw da hiriaren izena. Horretaz gain, badira zenbait erresuma zeren gobernariek leialtasuna ematen diotenak eta subiranotasuna aitortzen diotenak, nahiz eta beren lurretan erregeak izan. »


903. urtearen inguruan, Ibn al-Faqih persiarrak Egiptotik antzinako Ghanara Kawkaw bidez egindako karabanen ibilbide bat aipatzen du,[10] baina 988. urtearen inguruan Ibn Hawqalek Egiptotik Sudanerako antzinako ibilbidea Ahmad ibn Tulun egiptoar gobernariaren erregealdian (868-884) abandonatu zutela zioen, karabanetako batzuk gaizkileek eraso baitzituzten, eta beste batzuk haizeak eramandako hondarrak jo zituen.[11] Ibilbiderik zuzenena Sijilmasara joan zen batek ordezkatu zuen, Saharatik hegoaldera jo aurretik.

Islamiar historia goiztiarra

X. mendean, Gao hirian islama praktikatzen zuten eta bi hiri bereizi zirela esaten zen. 990ean hil zen Al-Muhallabik Yaqutek bildutako hiztegi biografikoan aipatzen den lan galdu batean idatzi zuen:[12]

« Bere erregeak bere menpekoen aurrean musulman itxurak egiten ditu, eta gehienek musulmanak direla diote. Berak hiri bat du Nilon [Niger], ekialdeko ertzean, Sarnah izenekoa, non merkatuak eta merkataritza etxeak dauden, noranahi etengabeko trafikoa dagoelarik. Berak beste hiri bat du Nilotik (Niger) mendebaldera, eta han bizi dira bera eta bere gizonak eta bere konfiantza dutenak. Meskita bat dago otoitz egiten duen lekuan, baina herri-otoitz egiteko lekua bi hirien artean dago. »


Gaoko Erresuma eta almorabideak

Hiriak

La Dune Rose, Gaon.

Ebidentzia arkeologikoak Niger ibaiaren ekialdeko ertzean bi kokaleku zeudela iradokitzen du:[13] Gao Ancien, hiri modernoaren barruan kokatua, Askiaren Hilobiaren ekialdean, eta Gao-Saneyko gune arkeologikoa, 4 kilometro ekialdera. Wadi Gangaberren ohea Gao-Saneyko telletik hegoaldera pasatzen da, baina Gao Anciendik iparraldera. Gao-Saneytik ekarritako zeramikak eta beirak iradokitzen dutenez, VIII. eta XII. mendeen artean iraun zuen.[14] Baliteke Gao-Saney Al-Muhallabiren Sarna izatea.[15] Al-Bakriren 1068ko eskriturak ere bi hiriren existentzia erregistratzen du,[16] baina Al-Idrisiren 1154 inguruko eskriturak ez du horrelakorik egiten.[17] Al-Muhallabik zein al-Bakrik Gao Nigerren mendebaldean (edo eskuineko ertzean) kokatzen dute.[18] XVII. mendeko Tarikh al-fattash kronikaren arabera, X. mendean, Gao Gourma ibaiaren aldean zegoen (hau da, mendebaldeko ertzean).[19];[20] Hareazko duna handi bat, La Dune Rose izenekoa, mendebaldeko ertzean dago, Gao parean, baina Koiman, dunaren ertzean, Gaotik 4 km iparraldera dagoen leku batean, azalerako biltegiek IX. mendea baino lehenagoko kokaleku bat adierazten dute. Hau mendebaldeko Gao izan liteke, X. eta XI. mendeetako egileek aipatua. Lekua ez du inork induskatu.[21]

Al-Sadik, Tarikh al-Sudan lanean, apur bat geroagoko data bat eman du islamaren hedapenerako. Berak Zuwa dinastiako 32 gobernari zerrendatzen ditu eta 1009-1010 bitartean, hamabosgarren agintaria, Zuwa Kusoy, izan zen islamera bihurtu zen lehena. Egia esan, ez du zehazten non bizi izan ziren, dinastiaren fundatzaile ospetsua izan zen Zuwa Alaymanek izan ezik, Yemendik Kukijara etorri zela baitio.[22][23][24]

Gao-Saneyko erregeak eta almorabideak

1939an Gao-Saneyko hilarriak aurkitu izanak froga berriak eman zizkien Gaoko Erresumako historialariei. Zaghe dinastiako hiru gobernari musulman handiak, 1100, 1110 eta 1120an hurrenez hurren hil zirenak, Zuwa dinastiako erregeekin identifika daitezke. Beraz, dinastiaren islamizazioa ez zen hasieran gertatu, XI. mendearen amaieran baizik, almorabideen garaian. Prozesu honetan izandako almorabideen zeregina oso eztabaidatua izan da. Aurretik, Gao-Saneyko erregeak almorabideen adar bat zirela uste zen,[25] baina duela gutxi argudiatu da islamera bihurtutako saharaz azpiko dinastia bat izan zirela, beharbada antzinako Wagadukoak.[26]

Gainbehera

XIII. mendearen amaiera aldera, Gaok independentzia galdu zuen eta Maliko Inperio gero eta handiagoaren parte bihurtu zen.[27] Zuwa gobernariei gertatu zitzaiena ez zuten erregistratu.[28] Ibn Battutak Gao bisitatu zuen 1353an, hiria Maliko Inperioaren zati zenean. Timbuktutik itsasontziz iritsi zen, Inperioko hiriburua bisitatzetik itzultzean:[29]

« Gero, Kawkaw hirira bidaiatu nuen, Nīl [Niger] ibaiko hiri handi bat dena, Sudango hiri eder, handi eta emankorrenetako bat. Arroz asko dago han, eta esnea, eta oilaskoak, eta arraina, eta pepinoa, gusturik ez duena. Bere jendeak erosketak eta salmentak kaurisekin egiten ditu, Maliko jendeak bezala. »


Hilabete oso bat hirian egon ondoren, Ibn Battuta karabana batekin joan zen Takeddara, eta handik iparralderantz jo zuen, Sahara zeharkatuz Touateko oasi baterantz, 600 emakume esklabo zituen karabana handi batekin.

XIV. mendeko uneren batean, Ali Kulun, dinastia sunitako lehen gobernaria, Maliren nagusitasunaren aurka matxinatu zen eta mendean hartu zuten.[30][31] XV. mendearen lehen erdira arte, Sunni Sulayman Damak Maliren uztarritik askatu ahal izan zuen. Bere oinordekoa izan zen Sonni Alik (1464-1492), lurraldea izugarri hedatu zuen songhai herriaren kontrolpean eta Songhai Inperioa ezarri zuen.


Erreferentziak

  1. Bethwell A. Ogot, Africa from the Sixteenth to the Eighteenth Century, (UNESCO Publishing, 2000), 303.
  2. Sauvaget 1950.
  3. Hunwick 1980.
  4. Moraes Farias 1990.
  5. Lange 1991.
  6. Levtzion & Hopkins 2000, 1 or. .
  7. Hunwick 2003, xxxviii or. .
  8. Hunwick 2003, lxiii-lxiv or. .
  9. Levtzion & Hopkins 2000, 7 or. .
  10. Levtzion & Hopkins 2000, 27, 378 n4 or. .
  11. Levtzion & Hopkins 2000, 45, 51, 382 n21 or. .
  12. Levtzion & Hopkins 2000, 174 or. .
  13. Insoll 1997.
  14. Cissé 2013, 30 or. .
  15. Insoll 1997, 23 or. .
  16. Levtzion & Hopkins 2000, 87 or. .
  17. Levtzion & Hopkins 2000, 113 or. .
  18. Levtzion & Hopkins 2000, 85 or. .
  19. Kâti 1913, 329 or. .
  20. Hunwick 1994, 265 or. .
  21. Insoll 1997, 4-8 or. .
  22. Kukija Tarikh al-sudan eta Tarikh al-fattash kroniketan aipatzen da (Koûkiya frantsesezko itzulpenean bezala). Uste denez, Bentiya herrixka modernotik gertu egon zen, Nigerren ekialdean, Gaoren hego-ekialdean, 15°20′56″N 0°45′36″E / 15.349°N 0.760°E / 15.349; 0.760 inguru. Inguru horretan, XIV. eta XV. mendeetako inskripzio arabiarrak dituzten hilarriak aurkitu dituzte.
  23. Moraes Farias 1980, 105 or. .
  24. Hunwick 2000, xxxv, 5 or. .
  25. Hunwick 1980.
  26. Lange 2004.
  27. Levtzion 1973, 76 or. .
  28. Hunwick 2003, xxxvi or. .
  29. Levtzion & Hopkins 2000, 300 or. .
  30. Hunwick 2003, xxxvii or. .
  31. Lange 1994, 421 or. .

Bibliografia

  • Cissé, M., McIntosh, S.K., Dussubieux, L., Fenn, T., Gallagher, D. & Chipps Smith, Un. 2013. Excavaciones en Gao Saney: Evidencia Nueva para Crecimiento de Poblamiento, Comercio, e Interacción en la Curva de Níger en el Primer Milenio CE. Revista de Arqueología africana 11 (1), 9-37.
  • Hunwick, John: "Gao y el Almoravids: una hipótesis", en B. Swartz Y R. Dumett (eds.), Dinámica de Cultura africana Del oeste, El Hague 1980, 413-430.
  • Hunwick, John. (2003). Timbuktu and the Songhay Empire: Al-Sadi's Tarikh al-Sudan down to 1613 and other contemporary documents. Leiden: Brill ISBN 978-1-4237-3418-5. OCLC .62413886.
  • Insoll, Timothy: Islam, Arqueología e Historia: Gao Región (Malí) ca. ANUNCIO 900-1250, Oxford 1996.
  • Insoll, Timothy. (1997). «Iron age Gao: an archaeological contribution» Journal of African History 38: 1–30.  doi:10.1017/s0021853796006822..
  • Kâti, Mahmoûd Kâti ben el-Hâdj el-Motaouakkel (1913), Tarikh el-fettach ou Chronique du chercheur, vierte servir à l'histoire des villes, des armées et des principaux personnages du Tekrour, Houdas, O., Delafosse, M. ed. Y trans., Paris: Ernest Leroux
  • Lange, Dierk (1991), "Les rois de Gao-Sané et les Almoravides", Revista de Historia africana 32 doi:10.1017/s002185370002572x
  • Lange, Dierk: Reinos Antiguos de África Del oeste, Dettelbach 2004 (aquí pp. 495@–544).
  • Moraes Farias, Paolo de, Medieval Inscriptions (2003)", Afrika und Übersee, 87 (2004), 302-5.
  • Levtzion, Nehemia; Hopkins, John F.P., eds. (2000), Corpus de Fuentes de árabe Temprano para África Del oeste, New York, NY: Marcus Weiner Prensa, ISBN 1-55876-241-8
  • Moraes Farias, Paolo de: el árabe Medieval Inscriptions de la República de Malí, Oxford 2003 pp. 3, 7-8, 15
  • Sauvaget, Jean: "Les épitaphes royales de Gao", Boletín de l'IFAN, serie B, 12, 1950, 418-440.

Kanpo estekak

Content Disclaimer

Informasi ini disarikan dari Wikipedia dan disajikan kembali untuk tujuan edukasi. Konten tersedia di bawah lisensi CC BY-SA 3.0. Kami tidak bertanggung jawab atas ketidakakuratan data yang bersumber dari kontribusi publik tersebut.

  1. The information displayed on this website is sourced in part or in whole from Wikipedia and has been adapted for the purpose of restating it. We strive to provide accurate and relevant information, however:
  2. There is no guarantee of absolute accuracy. Wikipedia is an open, collaborative project that can be edited by anyone, so information is subject to change.
  3. It is not intended to constitute professional advice. The content displayed is for informational and educational purposes only. For important decisions (e.g., medical, legal, or financial), please consult a professional.
  4. Content copyright. Wikipedia is licensed under the Creative Commons Attribution-ShareAlike License (CC BY-SA). This means that content may be reused with appropriate attribution and shared under a similar license.
  5. Responsible use. Any risk arising from the use of information from this website is entirely the responsibility of the user.