Galietako gerrak Julio Zesar erromatar prokontsulak eta galiar tribuen aurka egindako kanpaina militarrak izan ziren. Zortzi urteko aldian izan ziren, Kristo aurreko 58. urtetik 50.era bitartean. Gerra haien bidez, Erromatar Errepublikak mendean hartu zuen Galia, hau da, Mediterraneo itsasotik Mantxako kanaleraino bitarteko herrialde zabala. Era berean, erromatarrak Britainia eta Germaniako herrialdeetan sartu ziren, baina azken espedizio horiek behin ere ez ziren neurri handiko inbasioetan gauzatu ahal izan. Galietako gerrak K.a. 52. urtean Alesiako gudu erabakigarriarekin burutu ziren; erromatarrek erabateko garaipena lortu zuten gudu hartan, eta ondorioz Erromatar Errepublika Galia osoan hedatu zen. Kanpaina militar horietan erabilitako gudarosteek, ondoren Zesarrek Erromara joateko erabili zuen gudarostea osatu zuten.
Arrazoiak
Nahiz eta Zesarrek inbasio hau prebentzio-defentsa ekintza gisa justifikatu izan, historialari gehienen iritziz honen arrazoi nagusia Zesarren ibilbide politikoa indartu eta bere zorrak ahitzean zetzan. Halaber, inork ezin zezaken ezkutatu lurralde honek erromatarrentzako zuen garrantzia, aurretik Galiako jatorria zuten tribu barbaroen erasoak jasan baitzituzten. Lurralde hauen jabetzeak Erromak Rin ibaiaren muga ziurtatuta izan zezan erraztu zion.
Gerrraren propaganda
Julio Zesarrek berak kanpaina militar hauek bere Galietako guduari buruzko iruzkinak idazlanean zabalki deskribatu zituen. Lan hori da Galiako gerrei buruzko iturri historiko garrantzitsuena eta jeneral horren idazlan nabarmenena. Liburua propaganda politikoaren maisulana ere bada, Zesar jenerala Erromako bere irakurleengan eragina izaten saiatu baitzen.
Kanpo estekak