Frederiken eliza (danieraz Frederiks Kirken) Kopenhagen dagoen eliza luterano ezagunena da. Amalienborg jauregiaren ondoan kokaturik dago eta bere arkitekturagatik "Marmolezko eliza" (Marmorkirken) izenaz ezagutzen da normalean.
Historia
Nicolai Eigtved arkitektuak 1740 urtean diseinatu zuen Oldenburg Etxeko lehenengo monarkaren koroazioaren 300 urteurrena ospatzeko. Horretarako Eskandinaviako kupularik handiena, 31 metrotakoa, eta 12 zutabe eraikitzea erabaki zuen.
Lehenengo harria Frederik V.a Danimarkakoak ezarri zuen 1749ko urriaren 31an, baina lanak asko moteldu ziren aurrekontu murrizketengatik hasieran eta Eigtved beraren heriotzagatik ondoren. 1770an bertan behera utzi ziren eraikuntza planak eta mende eta erdi batez eliza bere horretan mantendu zen. 1874ean Danimarkako lehen ministroa zen Andreas Frederik Kriegerrek elizaren aztarnak eta lurra Carl Frederik Tietgeni saldu zion 100.000 Rigsdalerren truke eliza bukatzeko baldintzapean. Honek Ferdinand Meldahl arkitektua kontratatu eta azkenean 1894ean inauguratu zen.
Elizaren inguruan Danimarkako elizgizon eta teologo garrantzitsuen estatuak daude, tartean Søren Kierkegaard filosofoarena ere bai, honek elizaren eraikuntzaren aurka gogor egin zuen arren.
Kanpo estekak