Francisco Jiménez de Cisneros edo Cisneros kardinala (Torrelaguna, Madril, Espainia, 1436 – Roa, Burgos, Espainia, 1517ko azaroaren 8a) espainiar elizgizona eta politikaria izan zen.
Biografia
Familia handiki batean sortu zen. Alcala de Henaresen eta Salamancan egin zituen apaiz-ikasketak. Frantziskotar ordenatu, eta ordena horretako herrialde-burua (1494), Toledoko artzapezpikua (1495), kardinala eta Gaztelako Inkisidore Nagusia (1507) izan zen. Fernando Katolikoa erregea hil zenean, Aragoiko erregeorde egin zuten, 1516. urtean.
Berrikuntza handiak bultzatu zituen monasterio eta erlijio-ordenetan eta, erlijio-jendearen ezjakintasuna zuzentzeko, Alcala de Henaresko Unibertsitatea sortu zuen (1498); teologiaren, grekoaren eta hebreeraren irakaskuntza indartu zituen han (Salamancatik eta Paristik ekarri zituen irakasleak). Bibliaren argitalpen berri bat agindu zuen (Alcalako Biblia Políglota Complutense).
1499tik aurrera, gogor jokatu zuen islamiarren aurka; Granadako eta Alpujarretako matxinadak gupidarik gabe zapaldu zituen (1502an arabiar guztiak kristautu egin behar zutela agintzen zuen errege-pragmatika eman zuen). Estatu-gizon nagusi bihurtu zen Elisabet Katolikoa erregina hil ondoren (1504). 1507tik aurrera, Ipar Afrika konkistatzeko ahaleginak egin zituen, Espainiako Inperioa Mediterraneo aldera zabaldu nahi izan zuen Fernando Katolikoaren gogoaren aurka. Espainiako Inperio katolikoaren babesle porrokatua zelarik, Nafarroaren burujabetasunaren aurkako erasoen alde azaldu zen, eta Ipar Afrikaren konkistari ekin zion, Bizargorri berbereak hutsean utziko zuen saioa gertatu bazen ere. 1516an Fernando erregea hil eta, erregeorde gisa, gogor zapaldu zuen Nafarroako erregea Joanes III.a Nafarroakoa Iruñera itzultzeko ahalegina. Cisneros kardinala 1517an hil zen, Karlos I.a Espainiako errege berria Espainiara etorri eta berehala.
Erreferentziak