Francisca Bartolozzi Sánchez, Piti/Pitti edo Francis Bartolozzi[1] ezizenez ezaguna, (Madril, 1908koirailaren 6a - Iruñea, 2004koazaroaren 8a) nafar[2] kartelgile, marrazkilari, margolari, idazle eta haur-ipuinen ilustratzailea izan zen. Nafarroako Museoak dioen bezala, artisten biloba, alaba, emaztea, ama eta amona ere izan zen.
Biografia
Salvador Bartolozzi komikigilearen eta Angustias Sanchezen alaba izan zen, eta berak zioenez, arte giroan hazi zen, marrazkilari, pintzel eta arkatzez inguratuta. Tomás Borrás kazetariak Pinotxoren gertuko senidea zela esan zuen 1931n, Bartolozzik jasotako herentzia aipatuz.[3]
Bartolozzik bere lan jarduera Calleja argitaletxeko ipuin ilustrazioan kolaboratuz hasi zuen. Bertan Canito eta Gata Peladillaren pertsonaiak sortu zituen.
1932an, misio pedagogikoetako antzerki-dekoratuak egin zituen Pedro Lozano de Sotesekin batera, eta hurrengo urtearen amaieran, 1933ko abenduaren 22an, ezkondu egin zen. Iruñean egon ziren bidaian eta Madrilera itzuli ziren eszenografietan lanean jarraitzeko.
1939an, ama izateko zorian zegoela, senarrarekin Iruñera joan zen bizitzera, eta bertan jaio ziren bere lau seme-alabak: Pedro, Rafael (1943), Marisa (1946) eta Maria del Mar (1949).
40ko hamarkadan zehar, hainbat obra egin zituen bere senarrarekin elkarlanean, elkarrekin lan egitea ohiko praktika izango zen, nahiz eta askotan bera bigarren mailan egon zen. 1944tik aurrera, Pregón aldizkariarekin lan egin zuen maiz. Ikastetxe, eliza eta saltokietan muralak margotzen ere jardun zuen.
Artearen Historiako aditu batzuek XX. mendeko Nafarroako artearen lehen erreferentzia femeninoa dela uste dute, bere heziketa eta prestakuntzagatik gerra zibilaren aurreko espainiar abangoardiakoa zena eta Picasso, Miró, Chagall edo Tapiesen eragina jaso zuena.[8]
1999ko maiatzean, Nafarroako Museoan, Iruñean, bere obraren atzera begirako bat egin zen, non lehen aldiz bere gerrako marrazki batzuk erakutsi ziren, 1989tik Museoaren jabetzakoak direnak.