Eraikina etxe-orratzik paradigmatikoenetako bat da, "New Yorkeko ikur nabarmena"[3]. Hegoaldean Madison Squareren amaiera ezartzen du eta iparraldean Ladies' Mile Barruti Historikoa. 1966an New Yorkeko eraikin historiko izendatu zuten, 1979an AEBko leku historikoen erregistroan sartu zen eta 1989an National Historic Landmark erregistroan sartu zen.
Arkitektura
Beaux-Arts estiloko eraikin hau Chicagoko Daniel Burnham-ek diseinatu zuen. Estilo klasikoko zutabe greko baten antzera, eraikinaren fatxada, kareharri-koloreko terrakota arkitektonikozkoa, hiru zati horizontaletan banatuta dago.
Altzairuzko eskeleto bat duten lehenbiziko eraikinetakoa zenez gero, 87 metroko altuerara iristeraino jaso ahal izan zen; garai hartako bestelako eraikuntza-metodoak erabiliz, nekez lortu ahal izango zen altuera hori.
Eraikinak daukan izkina biribilduan, eraikinaren zabalera soil-soilik 2 metrokoa da. Hogeita bi solairu dauzka, eta, nahiz eta sarritan Manhattanen zutik dirauen etxe orratzik zaharrena dela esaten den, egiazki Park Row Building (1899) zaharragoa da, bai eta altuagoa ere.
New Yorkeko Flatiron Building ez da tankera honetako lehenbiziko eraikina. Arropa-lisagailu baten forma duen hirugarren eraikina da (lehenbizikoa TorontokoGooderham Building da, 1892an eraikia, eta bigarrena, Atlantan 1897an eraikitako beste bat). Baina bi eraikin horiek txikiagoak dira New Yorkeko Flatiron Building baino.
Eraikinak izandako oihartzuna
Eraikina egin zutenean, bere izen ofiziala "Fuller Building" izan zen, George A. Fuller-en omenez, eraikina finantzatu zuen konpainiaren fundatzailea, eraikina egin baino bi urte lehenago hil zena. Esan bezala, eraikina "Flatiron Building" gisa ezagun egin zen, hain zuzen, eraiki zeneko orubearen formak baldintzaturik arropa-lisagailu ("flat iron") baten antza zeukalako.
Eraikina berehala oso ezagun egin zen New Yorkeko biztanleen artean. Apustuak egin ohi zituzten, eraikinaren hondakinak noraino eroriko, haize-bolada batek jo eta lurreraino botatzen zuenean. Kontua da, dena den, gaur egun oraindik ere zutik dirauela.
XX. mendearen hasieran, eraikin honen inguruan haize-korronte bortitz samarrak sortzen ziren, gune honetan zenbait kale gurutzatzeak "haize-tunel" efektua eragiten zuelako. Horrela, ba, haizeak emakumeei garai hartako gona luzeak altxatzen zizkien, orkatilak agerian utziz, eta gizon ugari biltzen omen zen inguru hauetan, horrelako ikuskizuna ez galtzeko.
Flatiron Building gaur egun
1989anNational Historic Landmark izendatu zuten (eraikin, toki, egitura, objektu edo distritu bati Estatu Batuetako Gobernuak ematen dion izendapena, duen balio historikoa aintzat harturik). Baina ez da ahaztu behar bulego-erabilerari eusten diola gaur egun ere. Laster zenbait argitaletxeren egoitza nagusia izango da.
Spiderman-en filmetan Daily Bugle egunkariak bere bulegoak zeuzkan eraikina balitz bezala agertzen zen. Telebistako iragarkietan eta dokumentaletan ere maiz ikusten da, New Yorkeko ikur bereizgarri gisa.