Santiagoko katedralean, bere maisuen lehen izenen artean, Bernardo Zaharra "maisu miresgarria" agertzen da; Eztebe, ustez bere semea, LeóngoSan Isidoro basilika lan egin zuena, eta Bernardo Gaztea, beharbada Estebanen semea zena, azken honek Alfontso VI.a erregearen altxorzain kantziler kargua izan zuen. Euskal Herrian, Iruñeko katedralaz gain, Leireko monasterioan ere lan egin zuen.
Nafarroan
Magister Stephanus da euskal arte erromanikoaren historiak gogoan gorde behar duen lehenengo izena. Nafar batekin zegoen ezkondua zegoen, eta Marina izena azaltzen da agirietan, baita maisuaren beste etxe, lur eta errentak ere.[1] Biziki ibiltaria izango zen. Egiatzat har daiteke, Leongo Barkamenaren Atean, Donejakuen Zilarrezko Atean eta Iruñeko Katedralean aritu zela; erromesaldietako artea deitura zuzenesten duten –esaterako, Durliat– haiei argudio sendoak ematen zizkioten gertakaria.
Katedral erromanikoaren kapitelak egin zituen. Baina, 1100 urtean sagaratua eta 1391. urtean eraitsi zen Iruñeko katedralaren inguruan nahikoa harri gelditu da, 1101 eta 1127 bitartean landurikoen artean, Eztebe maisuaren edo bere lantegiaren estetikako kalitatearen berri emateko adina: bi erlaitz eta eliza atariko zazpi kapitel handi.
Haietako bat, txorien kapitela deritzana, hankak mokokatzen dituzten eta batzuetan beren lepo luzeak elkar gurutzatzen dituzten bi txori izanik, beste Nafarroa eta Aragoiren mugako beste elizetan kopiatua izan da.
Nahikoa ederki gordeak izan diren hainbat zatiren artean, hiru dira eskulan bikainekoak, hauetako bat zapatari bat irudikatzen duena.
Leireko eliza erromanikoaren eskulturari heltzerakoan, ez da imitatzeaz hainbeste hitz egin behar, baizik eta egileaz beraz: Eztebe Maisuaz. Bertako kripta eta burualdea eraiki zutenek zelaitua zeukaten bidea.
Gogora ekar dezagun, Leireko kriptan sumatzen direla, nolabaiteko zantzu figuratiboa duen apaingarritako eskulturaren bilaketa-saioak. Han XI. mende erdialdera, kapitelak lantzen zituzten batzuen lanak nabarmenak dira: ildoak eta kiribildurak tartekatuak, buruak edo fruituak adierazten dituzten bolekin. Oso oinarrizko lana da, kriptaren berehalako segidan eraiki izan zen elizaren burualdeko beste kapiteletan ikusten direnen antzekoa. Historialariek Erdi ArokoKatalunia eta Frantziako beste lan-garaikideen ahaidetasunak aurki dezakete horietan.
Baina, Leireko elizaren kapiteletan ezagunak ditugun marra-eskemak, erroleoak, erronboak, eta marradura geometrikoez gainera, giza aurpegiak ere azaltzen dira, oso oinarrizko trazu eta kerak ferra-arkuetan uztaiturik, desagertu nahi ez duen mozarabiar joera baten islak, zalantzarik gabe.
Alderantzizko zentzuan berriz, elizaren hegoaldeko saihetsean, XIV. mendeko handiagotze zistertarra egin zeneko hartan, zenbait leiho eta XII. mendeko hegoaldeko atea eta arkupe erromaniko bat errespetatu egin ziren: tinpanoaren erdian krismoia dago; eta kapiteletan, estilizaturiko landare-gaiak, erromesaldietako bideetan ematen zen estilo hoberenaren araberakoak.
Speziosa Atea
Garaturiko eskultura erromaniko bat elizako ate nagusian aurki dezakegu, bi mendeetako egoera hartakoa. Ate hori ordea, agiri zehatzik agerian ez dagoenez, benetako misterioa da.
Alde bakoitzean fuste lauak dituen hiruna zutabe dituela, ertz biribilez bihurrituak izatean, seiren itxura dutenak. Alboetako janbetan eskulturazko irudiak egonak izango ziren, haietatik bat bakarra gelditu denez, ezker aldean. Erdi erdian, ezkila‑formako janzkerak dituzten irudi zaharreko tinpano bitxi bat dago, zirkuluerdi-formako errosetaz inguraturik, eta lehoi eta zezen baten burugainera jaisten da. Erdian mainela, kapitel eta harroin oso apainduekin.
Tinpanoaren gainean eta ertzetan irudi mordoa eta talde sakabanatuak, beren arteko antolaketarik gabekoak, halabeharrez jarriak, tarte hutsak betetzeko besterik gabe. Atari honek, itsatsitako irudietan antolaketa gabea izanik –hau hala izanagatik Porta Speciosa deritzona–, ez du bermatzen inongo ziurtasunik Sartaldeko Atearen pieza guztiak Maisu bakar bati dagozkionak direla esateko. Azterketa formalak badirudi alderantzizko zerbait esan nahi duela, hots, multzo osoaren eraketa astiro egina dela, eta eskulturen eraikuntza hiru unetan eginikoa.
Tinpanoa
Tinpanoko tailak dira zaharrenaren garaikoak. Jatorriz zazpi irudi ziren, eta egungoa baino txikiagoa zen tinpano bati zegozkionak.
Irudietako bat desagertua da, beste biri burua falta zaie. Ongi samar gorde diren beste lau geratzen dira: Salbatzaileak erdiko tartea hartzen du; bere eskuinaldean Maria Birjina dago eta haren ondoan San Pedro, giltza eta guzti; bestaldean apostolu gazte bat, San Joan Ebanjelaria izan behar duena, eta gero beste apostolu bat. Kontrako aldean Ebanjelari bat izan daitekeen irudi bat, burua falta zaiona.
Eskulturek beren egilearengan, esanguratsuak diren xehetasunak errealismoz osatzeko arreta azaltzen dute. Kristok ongi samar landutako bizar joria du. Besteen aldean, Ama Birjinari aberastasuna nabarmentzen zaio jantzian, harri bitxizko ilaraz osatua.
Atariko gainerako irudietakoak baino margo okre ilunagoko harria da honena, honexegatik baieztatu daitekeelarik kronologia desberdintasuna. Itxura guztien arabera, neurri txikiagoko aurreko atariaren tinpanokoa zen, 1098an sagaratu zen elizari sarbidea ematen zionarena. Une honetantxe berdindu nahi izan ziren neurri desegokitasunak, erroseta zerrenda bat sarturik.
Kapitelak eta arkiboltak
Leireko bigarren eskultura multzoa bere kapitel eta zutabeek osatzen dutena da. Ezkerraldetik eskuinaldera, Jaka aldeko eragina duten lauoineko batzuk ditu lehenengoak. Bigarrenak kuzkurtuta dagoen irudi bat du, erromesen bideko irudi jatorra da. Hirugarrena lepoak gurutzatuak dituzten txoriena da, eta lehen aipatu dugun Iruñeko katedrala ekartzen dute gogora. Gainerako kapiteletan landare gaien geometrizazioak dira nagusi.
Tinpanoaren gaineko biran lau arkibolta jarri ziren, era guztietako animalia-irudi oso finki landuekin; zalantzarik gabe moral sinbolismoaren balioa dutenak dira. Hemen ere, beste multzo erromanikoetan bezala, bizipoza, bihurrikeria eta moral mailako asmoak nahasten dira.
Arkuteriaren gainean
Horretaz gain, badira, atearen arkuen gainean, hormatal bat eta ertz parea, oso bitxi eta heteroklitoena izan daitekeen irudi sail bat nabarmen jarriak dituena: Kristo Pantokratorretik eta San Pedro edo San Migel bezalako Santuetatik hasi eta Ebanjelioko –Andre Maria Gizakundekoa eta Aingeruak bisita egin zionekoa– irudietarainokoak, infernuko irudiak eta abar, hau dena –diote Gudiol eta Gaya Nuñok– “Santiagoko zilargintzako atearen urrutiko isla” da.[2]
Erreferentziak
↑Lacarra, J. M.. (1931). «La catedral románica de Pamplona» A. E. A.A. VII: 73-86..