Euskal Herriko musika klasikoa XX. mendeko sarreran Erromantizismoaren eraginpean Euskal Herrian sortutako musika klasikoa da. Europa osoan, batik bat inguraldeko herrialdeetan, musika giro berri bat sortu zen XIX. mende erdian. Italia, Frantzia, Alemania eta Britainia Handia izan ziren ordu arte Europako musika landu izan zuten nazioak, musika euren ekintza esklusiboa izango balitz bezala. Erromantizismoaren ondorioz, ordea, ekintza hori inguruko herrialdeetara zabaldu zen eta ordu arte isilik egonak ziren zenbait herrialdek, Errusia, Txekia, Norvegia eta abar, musika arloan sartu zuten muturra.
Une hartan Euskal Herriko musika Madrilgo italiar eraginaren menpean zegoen. Baina XIX. mendea bukatu eta XX.nera pasatzean, bide berriak irekitzeko asmoak sortu ziren Euskal Herrian. Federico Sopeña madrildarrak honela deskribatu zuen egoera:
«
|
Madril wagnerismo eta zarzuelaren eztabaidarekin sor dagoen artean, Euskal Herria unibertsaltasun ahalegin ikaragarria ari da egiten. Musika taldeak, musikal zereginez benetan arduratuak, materialki eta egunero ari dira musika egiten [...]. Haiek eratutako Philarmoniko Lagunarteen bide direla, europar musikari sarrera, premiazkoegia izanik ere, ematen zaio. Eta hau dena musika pedagogia deituko genuke laguntzaz, eskoletan musikarako arreta sortuz, musika bizia eginez, ikasleen artean musika bultzatuz [...]. Hori dela eta, talde hauek konposatzaileenganako kontu berezia dute, Guridi eta Usanditzagarenganako europar kontua. Belaunaldi hartako eta hurrengoko musikagileak, Euskal Herrian, ezer baino lehen europarrak izango baitira. Europar ahalegina izango da Amaya [...]. Europartasun lehia horrek [...] ez du ahazten [...] herritasunaren poza, baina herritasunean hertsatu gabe, baizik eta bere alderdi lirikoena, eresiazkoena bilatuz, benetako europar formak eraikitzeko. Benetako nazionaltasuna bilatu, europar musikal mosaikoan inoren kalte gabe kokatzeko.
|
»
|
Oldar berri hark bultzatuta, XX. mendearen lehenengo hamarkadan euskal herritar gazte taldetxo bat zebilen Europako lurraldeetan barrena, musika ikasi guran: Gabiola, Azkue, Zulaika (Aita Donostia), Guridi, Usanditzaga... Jesus Guridi eta Aita Donostia, 1886an jaioak, eta Jose Maria Usanditzaga, urtebete gazteagoa, aritu ziren une hartan Europan egiten zen musika Euskal Herrian itxuratzeko lehen saioa.
Kanpo estekak