Euskal Herria krisian Joxe Azurmendi zegamarrak idatzitako saiakera liburua da.
Liburuan Euskal Herriko egoera politiko-morala aztertzen da eta, gaiari dagokionez, Demokratak eta biolentoak, Oraingo gazte eroak eta Barkamena, kondena, tortura bezalako liburuen multzoan ipini daiteke. Bereziki Euskal Herria krisian liburu honetan jasotzen da etikari buruz Azurmendik bere obra osoan zehar garatu dituen ideiak: etikaren fundamentazioa, balioen erlatibotasuna... beti ere auzia Euskal Herritik hausnartuz, belaunaldien arteko talkaren testuinguruan, eta mundu mailako pentsalariekin elkarrizketan:
«
|
Dena dela -edo horregatixe-, liburu honetan bildu diren orriok ez dira idatzi inori soluziorik "irakasteko": magisterio modu "platoniko" hori dela hain zuzen bukatua dena, ez dute ulertzen, krisian gaudela ulertzen ez dutenek. Soluzioak bilatu egin behar dira; edo, hobeto, egin. Denon lana da. Eta denona bada, denok ez ditugu berdinak nahiko [...] Pluralismoa, eraikuntza denean bakarrik izan daiteke positiboa [...] eta hori da guk, daukagunaren aurka, lortu beharra daukaguna. Egin dugun eta zanpatzen gaituen historia intelektual dogmatiko guztia errotik iraul-gaindituz.[1]
|
»
|
Liburuan hiru artikulu biltzen dira. Lehena, Indarkeria eta balio berrien bilaketa izenekoa, etikaren gaineko hausnarketa da. Erlatibismo erlatibo bat defendituko du bertan, egin duen etikaren gaineko hausnarketa sakonetariko bat plazaratuz. Lan horretan aintzat hartuko ditu Weber, Ayer, Russell edo Isaiah Berlin bezalako autoreak.
Bigarren artikuluan, Alain Finkielkrauten La defaitée de la pensee liburuaren kritika garatzen da. Euskal abertzaletasunaren aurkako intelektualek Finkielkraut autoritate gisa erabili izan dute. Azurmendik Finkielkrauten ildotik saltzen den Ernest Renan eta Herder-en arteko, hau da, Ilustrazioa eta Erromantizismoaen arteko oposizioaren funtsgabetasuna salatuko du, erromantizismo alemaniarra oso gaizki –edo, batere ez– ulertu dela kritikatuz. Azurmendik, idatzian, Alain Finkielkraut Max Horkheimer, Simone Weil edo Isaiah Berlin bezalako autoreekin erkatuko du.
Azken artikuluan, Nietzscheren eragina Miranderengan aztertuko du. Mirande Europan eman zen giroaren baitan txertatuko du, Nietzscheren itzala zabala izan baitzen.
Hasieratik bukaerara etikak zeharkatzen duen liburuak kultura berri baten beharraz ohartarazten du:
«
|
Kultura edo jarrera berri bat, munduaren, historiaren, herrikideen aurrean bizitzeko; eta geure buruaren aurrean. Diferentziarekin bizitzen ikasteko. Erlatibismoarekin ere (intelektualki eta moralki) seguru sentitzeko, ikaratu gabe. Are, ederra sentitzeko diferentzia, guztiaren erlatibismoa, askatasun ororen espazioa.[2]
|
»
|
Erreferentziak
- ↑ Azurmendi, J.: Euskal Herria krisian, Donsotia, Elkar, 1999. 9. or.
- ↑ Azurmendi, J.: Euskal Herria krisian, Donostia, Elkar, 1999. 114. or.
Bibliografia
- Agirre, L.: Joxe Azurmendirekin solasaldia jakingunea webgunean.
- Azurmendi, J. 2013: Berrogeita hamar urte idazlanean, RIEV, 58 (2): 260-283.
- Jimenez, J. eta Olariaga, A. 2010: Joxe Azurmendi. Askatasunaren pentsalaria, Hegats, 45: 163-182.
- Olariaga, A. 2020: Nola pentsatu etika orain eta hemen?, Jakin, 237/38: 85-96.
- Soto, I. 2020: Don't Think of 'Foro de Ermua', Jakin, 237/38: 111-119.
Kanpo estekak