Epifora (estilo-figura)

Epifora edo epistrofea errepikapenezko estilo-figura bat da. Jarraian doazen esaldi edo bertso bukaeretan hitz bat edo batzuk errepikatzean datza. Oratorian oso ohikoa da, baita inbokazio eta otoitzetan ere. [1]

Hona Gabriel Arestiren adibide ospetsu bat:

Nire aitaren etxea

defendituko dut.

Otsoen kontra,

sikatearen kontra,

lukurreriaren kontra,

justiziaren kontra,

defenditu

eginen dut

nire aitaren etxea.

Galduko ditut

aziendak,

soloak,

pinudiak;

galduko ditut

korrituak,

errentak,

interesak,

baina nire aitaren etxea defendituko dut.

Harmak kenduko dizkidate,

eta eskuarekin defendituko dut

nire aitaren etxea;

eskuak ebakiko dizkidate,

eta besoarekin defendituko dut

nire aitaren etxea;

besorik gabe,

sorbaldik gabe,

bularrik gabe

utziko naute,

eta arimarekin defendituko dut

nire aitaren etxea.

Ni hilen naiz,

nire arima galduko da,

nire askazia galduko da,

baina nire aitaren etxeak

iraunen du

zutik.

Erreferentziak

  1. Xabier Altzibar, 208.or.

Bibliografia

Kanpo estekak