Eleanor Agnes Raymond (Cambridge, Massachusetts, Ameriketako Estatu Batuak, 1887ko martxoaren 24a – Boston, Massachusetts, AEB, 1989ko uztailaren 4a) estatubatuar arkitektoa izan zen, eta Estatu Batuetan eguzki-energiaz hornitutako lehen etxea diseinatu eta eraiki zuen.[1][2][3][4][5]
Bizitza
Lehen urteak
Cambridgen (Massachusetts) jaio zen 1887an eta Wellesley Collegen graduatu zen 1909an. 1915ean, Henry Frost eta Bremer Ponden diseinu arkitektonikoko bost emakume ikasleetako bat izan zen. Gero, Europara bidaiatu zuen, eta Fletcher Steeleren estudioan lan egin zuen. Cambridgeko Emakumearentzako Paisaiaren Arkitektura eta Arkitektura Eskolan graduatu zen 1919an, eta bertan garatu zuen arkitekturaren eta paisaiaren arteko harremanarekiko interesa. 1928an ireki zuen bere bulegoa, Henry Atherton Frost arkitekto ezagunarekin hainbat urtez lan egin ostean. 1930ean Alemaniara joan zen eta Bauhaus bisitatu zuen. 1936an arkitekto titulua jaso zuen Cambridge Schooleko Smith College for Studies-en.[6]
Ibilbidea
Gaztetatik erakarri zuten herri-eraikuntza sinpleek —Ipar Amerikako landa-bizitzaren adierazpideak—, bere garaikideen artean ezagunak ziren fatxada handiak eta estilo modernoak saihestuz. 1931n, bost urteko lanaren ostean, Early Domestic Architecture of Pennsylvania (Pennsylvaniaren Arkitektura domestiko goiztiarra) izeneko liburua argitaratu zuen. Liburu horretan “funtzioari doitutako formaren berezko zintzotasuna” deitu zuena arakatu zuen. Liburua Estatu Batuetako herri-arkitekturaren lehen inbentario sistematikoetako bat izan zen eta bere ibilbidea definitu zuen.[6]
Bere proiektuengatik ere ezaguna egin zen —batez ere bizitokietan—, arkitektura horretatik ateratako elementuak izan baitzituzten, baita zaharberritze eta birmoldaketa lanengatik ere, zeinetan XXI. mendeko birziklapen kontzeptura hurbildu baitzen. Etxe baten “hiru esparruetan” lan egin zuen beti: kanpoaldea, barrualdea eta paisaia. Bere esanetan arkitektoak beti jakin behar zuen bezeroak etxea zelan erabiliko zuen. Bere lanaren zati handi bat Boston eta Cambridgeko bere talde sozialeko emakumeek enkargatu zioten.
Materialen eta eraikuntza-sistemen ikerketan interesatu zen, eta kontratxapatu-etxe bat (1940), aglomeratu-etxe bat (1944) eta jarraian zabalago zehaztu zen diseinatu zuen eguzki-etxea.
“Dover Sun House”, eguzki-etxea
1948an, bere lanik handienetako bat egin zen, Dover Sun House izenekoa, eguzki-kolektore termikoez hornitutako etxe berritzailea, MITeko Eguzki Laborategiko Mária Telkes doktorearekin eta Amelia Peabody eskultorearen finantzaketarekin. Etxeak leihate ilara bat zeukan hegoaldera begira. Horien atzean, beira eta metalezko panelek airea berotzen zuten eguzkiaren beroa erabiliz. Gero, berotutako aire hori hodietan zehar eramaten zen biltegiratze-edukiontzi isolatuetara, hormetan eraikitako glauber gatza (sodio sulfato dekahidratatua) zuten edukiontzietara. Gatz horrek urak baino zazpi aldiz eraginkortasun handiagoz metatzen zuen beroa. Egun eguzkitsuetan beroa xurgatzen zuen urtuta eta egun hotzenetan, ostera, kristaldu egiten zen beroa askatuta. Haizagailu batzuek osatzen zuten sistema, horrela girotutako aireari putz eginez.[7]
Heriotza
Raymondek 50 urte baino gehiagoko esperientzia profesionala metatu zuen arkitekturaren praktikan, eta 1961ean Amerikako Arkitektoen Institutuko kide izendatu zuten. 1989an hil zen Bostonen, Massachusettsen, 102 urte zituela. Literaturako eta sareko iturri askok 1888an eta 1989an ematen dituzte bizitzako datak, baina, hala ere, Social Security Death Index-ek erakusten du bera 1887an jaio zela, eta 1989an hil zela, 102 urte zituela.
Lan nagusiak
Bere lan garrantzitsuenen artean, honako hauek daude:
- 112 Charles St. (ca. 1923)
- Barnes etxea berritzea (1929)
- Rachel Raymond etxea (1931)
- Peabody Farm Buildings (1934)
- Sugarman etxea (1935)
- Elliott etxea (1935-1936)
- Frost etxea (1935)
- Miller etxea (1936)
- Pillsbury etxea (1937)
- Farnsworth etxea (1939)
- Peabody etxea kontratxapatuan (1940-1941)
- Parker Plywood etxea (1941, 1945-1946)
- Hammond Compound (1941-1942)
- Peabody oinetxea (1948)
- Pope etxea (1949-1950)
- Meyer etxea (1958)
- Nichols Factory (1959-1960)
- Damon etxea (1961)
- Baxter-Ward Antique Shop (1970)
- Peabody Westville Sporthaus (1972)
- Smith etxea (1973)
Argitalpenak
- Eleanor Raymond. Early Domestic Architecture of Pennsylvania. 1931
Erreferentziak
Kanpo estekak