Ehun zutabeen leizea (gaztelaniaz: Cuevas de los Cien Pilares) Errioxa ekialdeko Arnedo herrian dagoen leize multzoa da[1]. Caminos del Arte Rupestre Prehistórico (CARP) elkartearen barnean dago eta interretazio zentru bat du aldamenean[2].
Historia
Cidacos haranean kokaturik dago, hareharriz eta buztiez osaturiko paisaian. Harri gogorrak ez direnez gizakiak hainbat zulo egin ditu babesteko edota erlijio-kultu helburuarekin[3].
San Migel muinoaren barrenean aurkitzen da zulo sistema ikusgarriena, Ehun zutabeen leizea. Erdi Aroan sortu zen, izan ere garai hartan muga eremua izanik segurtasun eza handia zen eta haraneko biztanleek mendialdean babesteko eraiki eta erabili zuten[4]. Elkar lotzen diren galeria eta gelek osatzen dute. Zutabeek eusten dituzte sabaiak eta leihoak eta ateak ere agertzen dira fatxadetan.
XI. mendean bazen monasterio bat Arnedon, Sancho Fortunionis Arnedoko jaunak Laturce mendiko San Prudencio monasterioaren esku utzi baitzuen testamenduan, 1063. urtean. San Migel muinoan ez da bestelako eraikuntza aztarnarik aurkitu eta pentsatzen da leize hauek osatzen zutela aipaturiko monasterioa[5].
XX. mende erdialdera Arnedon baziren oraindik 200 leize-bizileku hainbat auzotan antolatuak, baina herriak garapen ekonomikoa izatearekin batera leize horiek bertan behera utzi ziren. Leize-etxe atseginak ziren, urte osoan 15ºC tenperatura konstante mantentzen zutenak[5]. Korridore bat zuten ardatz eta alboetan sukaldea, gelak eta ukuilua zeuden. Urtero kareztatzen ziren, garbitu, argitu eta segurtasuna emateko.
2014 eta 2016 artean leizeen berrikuntza egin zen eta 2019an interpretazio zentru bat eraiki zen. Zentru honetan leize baten erreplika ikus daiteke, bai era jarduera ekonomiko desberdinetarako eraikitako egiturak ere; upategia, ukuilua, nekazaltresnen biltegia... Horrela leizeek historian zehar izan duten erabileraren historia egiten da[6].
2021ean ikustaldia handitu zuten, zentzumen esperientzia errealagoa sortuz[7]. Esate baterako gela batean monjea belaunikaturidago errezatzen, hormetako zuloetan garezurrak dituela eta aldi berean monjeen errezuak entzuten dira eta bulego batean idazten ari den lumaren soinuak entzuten dira. Ukenduak egiteko gelan belar lehorren usainak daude[8].