EcoRIEscherichia coli espezietik isolatutako murrizketa-entzima da. Izendatzeko modu egokia “Eco erre 1” da. Endonukleasa horrek DNAren helize bikoitza gune espezifikoetan zatitzen du, gainera, errestrikzio-modifikazio sistemaren parte da. Entzimaren izenari dagokionez, “E”-k jatorrizko espeziearen izenari egiten dio erreferentzia: Escherichia, “co” espeziearen izenari: coli, “R”-k andui zehatza adierazten du, RY13 kasu honetan, eta “I”-k andui horretatik isolatutako lehen entzima izan zela.
Biologia molekularrean murrizketa-entzima gisa erabiltzen da. EcoRI–k 5’ muturretan 4 nukleotidozko mutur itsaskorrak eratzen ditu: AATT. Entzimak ezagutuko duen DNA-ren itu-sekuentzia G↓AATTC sekuentzia palindromikoa da, CTTAA↓G -ren osagarria. Beste murrizketa-entzima batzuk haien itu-sekuentziaren arabera, 3’ muturretan mutur kamutsak eratu ditzazkete, edo mutur kamutsak.
Egitura
Egitura primarioa
EcoRI, hainbat errestrikzio endonukleasa bezala, PD..D/EXK motiboa du gune aktiboan.
Egitura sekundarioa eta tertziarioa
Entzima 31kDa-eko azpiunitate bakarreko homodimeroa da, α/β domeinu globularrean oinarritzen dena. Azpiunitate bakoitzak domeinu globularretik irteten den begizta bat du eta DNArekin lotzen denean katearen inguruan biltzen da.[1][2]
EcoRI kokristalizatua izan da mozten duen sekuentziarekin. Kristala konplexuaren (1QPS) egitura konpontzeko erabili da. Egitura kristalinoa, entzima homodimeroaren azpiunitateak DNArekin simetrikoki eragiten dutela erakusten du.[1] Konplexuan, azpiunitate bakoitzeko bi α helizeak elkartzen dira lau helizeko sorta eratzeko.[3] Interakzionatzen duten helizeetan Glu144 eta Arg145 hondarrak daude, elkarrekin eragiten dutenak, “crosstalk” eraztuna sortuz eta entzimaren bi gune aktiboak komunikatuz.[4]
Erabilerak
Murrizketa-entzimak ingeniaritza genetikoaren teknika askotan erabiltzen dira, adibidez, klonazioan, DNAren sekzioen ebaketak in vitro-n… DNAren mutur itsaskorrak sortzen dituzten murrizketa-entzimak, EcoRI kasu, askotan erabiltzen dira loturaren aurretik DNA mozteko, mutur itsaskorrek lotura-erreakzio eraginkorragoa egiten baitute.[5] Erabilera horren adibide bat DNA birkonbinatua da, gene emailearen eta bektorearen arteko txertaketa ematen denean. [6]Erreakzioaren baldintzak direla eta, EcoRI errestrikzio-entzimak mozketa ez-ezpezifikoak egin ditzake (star aktibitatea). Star aktibitatea eragin dezaketen zenbait baldintza honako hauek dira: gatz kontzentrazio txikia, glizerol kontzentrazio altua, erreakzioan dauden entzima gehiegi, pH altua eta zenbait disolbatzaile organikoen kutsadura.[7]