EIRE Zumaian 2022. urtean sorturiko pop musika taldea da. Eire Salegik eta Eire Maiak osatzen dutenez taldeak "EIRE" izena du[1][2].
Ibilbidea
Txiki txikitatik batera ibili izan dira eskolan, herriko futbol taldean eta 8-9 urtetatik musika konposatzen ere bai. Eire Salegik gitarra jotzen zuen eta Eire Maiak abestu. Euskaraldiko lehen ekitaldian jo zuten lehen aldiz jendaurrean[1].
2022an "EIRE" proiektua abiatu zuten. Etxeko gela batean elkartu, melodia sortu eta abestiari forma ematen diote, bedroom pop izena du prozesuak[3]. Salegi musika tresnataz arduratzen da (sintetizadoreak eta gitarra bereziki) eta ekoizlea da. Maia berriz letren egilea eta abeslaria da. Abenduan lehenengo singlea zabaldu zuten sare sozialetan, "Bihar nola". Hurrengoa "Amaitu baino lehen" izan zen, berehala ezagun egin zena[4]. Bideoklipa Zumaian eta Bilbon grabatu zuten, izan ere Bilbon ari baitira ikasketak egiten[5].
2023ko apirilean hasi ziren zuzeneko kontzertuak ematen, lehenengoa Elorrioko Gazte Topagunean izan zen[6]. Uztailaren 9an Manu Chaoren telonero izan ziren Arrasaten[7]. Udazkenean abesti eta bideoklip berria atera zuten, "Nahi gabe berriro"[8], eta azaroaren 7an iritsi zen EPa, Zauriren bat bistan izenekoa. 6 abesti bildu dituzte EPan. Olatz Salvadorren kolaborazioa izan dute "Gorputz Guztitan" abestian[9].
2024ko otsailaren 28an artista berri onenaren Gaztea saria irabazi zuten[10].
Diskografia
Diskoak
- Zauriren bat bistan (2023) - EPa[11]
Singleak
- "Bihar nola"
- "Amaitu baino lehen"
- "Agur esateko"
- "Nahi gabe berriro"
Sariak
- Gaztea Saria: 2023ko artista berri onena
Erreferentziak
Kanpo estekak