Cuauhtémoc Cárdenas Solórzano (Mexiko Hiria, Mexiko, 1934ko maiatzaren 1a) politikaria da. Lázaro Cárdenas Mexikoko lehendakari izandakoaren semea da.
Alderdi Iraultzaile Instituzionalean (PRI) hasi zuen karrera politikoa, eta 1976an senatari hautatu zuten Michoacanen. Estatu horretako jaurlari izan zen 1980-1986 bitartean. Joera Demokratikoa (CD) eratu zuen PRIren barruan, baina alderdiaren eraberritzea ezinezkoa zela ikusirik, PRItik alde egin eta 1988ko hauteskundeetara bere aldetik aurkeztu zen, zentro-ezkerreko FDNren buru zela. Carlos Salinas de Gortarik (PRI) irabazi zituen hauteskundeak. Urte horretan berreratu zuen Iraultza Demokratikoaren Alderdia (PRD), eta alderdi horrekin aurkeztu zen 1994ko hauteskundeetara. PRIko Ernesto Zedillok irabazi zituen. 1997an, ordea, Mexiko Hiriko alkatetza bereganatu zuen. Lehenbiziko aldia zen, 1929az geroztik, PRIko ez den norbaitek hiriburuko alkatetza eskuratzen zuena. 2000ko lehendakaritza-hauteskundeetara aurkeztu zen, baina PAN alderdiko Vicente Foxek irabazi zituen.
Erreferentziak
Kanpo estekak