José Carlos Cano Fernández (Granada, 1946ko urtarrilaren 28a - Granada, 2000ko abenduaren 19a), izen artistikoa Carlos Cano, espainiar egile abeslari eta poeta izan zen. Ahantzi samar zeuden Andaluziako kantaera tradizionalak, andaluziar kopla bereziki, biziberritu zituen.
Protesta abestiak hasieran –Murga de los currelantes (Langileen murga)– eta gero Andaluziako folklore eta kopla klasikoak jorratu zituen. Arreta berezia eskaini izan zion Federico García Lorca poetaren obrari (Crónicas granadinas, 1978, Granadako kronikak). Ezagunak ditu, besteak beste, El gallo de Morón (1981, Moróngo oilarra), Cuaderno de coplas (1985, Kopla kaierak), Ritmo de vida (1989, Bizitzaren erritmoa) eta Mestizo (1992, Mestizoa) diskoak. 1995ean, bihotzeko ondoezak jota, hil ala biziko ebakuntza egin zioten. Osatu ondoren kantugintzara itzuli eta 1996an El color de la vida (Bizitzaren kolorea) diskoa plazaratu zuen. Harrezkero, beste zenbait disko kaleratu zituen, azkena, De lo perdido y otras coplas (2000, Galdutakoaz eta beste kopla batzuk), eta hil ondoren ere argitaratu dira haren lan batzuk.
Erreferentziak
Kanpo estekak