Camí de Cavalls (euskaraz, Zaldibidea) Menorcakouhartearen itsasertza guztiz inguratzen duen bide zahar bat da, zaintza eta babes militarreko xedez egina, frantsesen okupazioaren garaian, XVIII. mendean. Urtetan alboratuta egon ondoren, 1980ko hamarkadan herritarren mugimendu baten eraginez, bidea berreskuratu eta leheneratua izan zen pixkanaka. Hala, 2010ean ireki zen ibiltarientzat eta zaldizkoentzat, eta 2012an GR 223 ibilbide luzetzat aitortua izan zen.
Historia
Zaldibidearen jatorri historikoa guztiz argi ez dagoen arren, badirudi uhartea babesteko sortu zela, itsasotik etor zitezkeen erasoetatik. Zati batzuk XIV. mendeaz geroztik ziurrenik moldatuak zeuden, baina dirudienez bidea osotasun gisa frantses okupazioaren garaian (1756-1763) eratu zen.[1] Itsasertza zaintzeko talaia eta dorreak elkartzea zuen helburu, eta uharteko tropak biltzeko aukera ematea, itsasotik erasoren bat izanez gero.
Uharteak garrantzia geoestrategikoa galdu ahala, bidea ahaztua gelditu zen, eta, denboraren poderioz, zati ugari lursail pribatuen barruan gelditu ziren, nahiz XIX. mendeko jabetza agirietan maiz agertzen zen zaldibidearen bide zortasun publikoa.[2]
1980ko hamarkadan, baina, zaldibidearen aldeko kanpaina zabal bat eratu zen Menorcan, bideari lotutako balio historikoak eta ondarea berreskuratu nahirik. Eztabaida eta, batzuetan, tentsio ugariren ostean,[3]kultur ondasun izendatzeko espedientea zabaltzea lortu zen. Espedientearen azken buruan, Balear Uharteetako Parlamentuak 2000ko abenduaren 21ean 13/2000 Legea onartu zuen,[4] zaldibidearen ibilbidea berreskuratu, zaindu eta erabilera libre eta orokorra babesteko xedez. Ondorio bidez, plan berezi baten bitartez ibilbidea zehaztu zen, eta 2010az geroztik zati guztien egokitzapena eta markaketa eginda, zaldibide osoan ibil daiteke oinez, bizikletan edo zaldiz.
Datu teknikoak
Zaldibideak 185 km ditu orotara, 20 etapatan banatuta. Ibilbide osoan leku gorena 125 m-tara dagoen arren, bidean egin beharreko gorabehera guztiak batuta, lau mila metroko igoera dagoela esan daiteke.
Uhartea osorik inguratzen duenez, ibilbidea nonahi has daiteke, baina hasiera sinbolikoa Maón dago, moilaren Cularsega izeneko puntuan. Hori jotzen da lehen etaparen hasieratzat, eta handik iparraldera abiatzen da bidea, lehenik, mendebaldera eta hegoaldera, gero; ostera iparraldera begira amaitzeko hasierako puntuan. Ibilbidearen 20 etapak 6-13,6 km bitartekoak dira, egunean bana egiteko prentsatuak.
Cami de Cavalls osoa GR 223 ibilbide luzetzat aitortua izan da eta zutiko seinalez markatua dago, seinale bana 50-100 metro bakoitzeko.. Horrez gain, etapa bakoitzeko sarreran, argibide horma irudiak daude, informazio osoa ematen dutenak etaparen xehetasunez.Oro har, esan daiteke bidea oso ongi zaindua eta seinaleztatua dagoela. Zaldibidea inguratzen duten lur sailetan, baina, giza jarduerak garatzen jarraitzen dira, zeharkatu behar izaten diren —eta ongi itxita laga behar diren—100 bat hesi-ateek aditzera ematen duten moduan.