Bustintegi errekaGipuzkoako hegoaldeko ibaia da, Deba ibaiaren adarra. Kurtzebarri mendiaren ipar-mendebaldeko magaleko urak jasotzen ditu eta Aretxabaletako Bainuetxe auzoan egiten du bat Deba ibaiarekin.
Izena
Bustintegi erreka izena ez da oso ezaguna aretxabaletarren artean eta zatika dituen izenak erabiltzen dira gehiago. Goikaldean Arientzako erreka esaten zaio, erdialdean Sarriko erreka eta Olatzako zubitik aurrera Olatzako erreka.
Deskribapena
Areantza auzoan du jatorria[1] eta 3 kilometro inguruko luzera du. Erreka estua da eta landaretza ugaria du ertzetan. Errekaren amaiera aldera hainbat baratze txiki aurkitzen dira ertzean. Azken metroetan kanalizaturik aurkitzen da, Copreci lantegiaren eta Bainetxe industriguneko enpresen artean egiten baitu ibilbidea. Deba ibaiak eskumaldetik jasotzen du Bustintegi erreka.
Antzina urets iturri bat izan zen bertan, duela urte gutxi arte iraun duena, eta XIX. mendearen erdialdera haren inguruan eraikitako Ibarrako Bainuetxea nolakoa zen erakusten zuen panel bat zegoen alboan[2]. Gaur egun ordea estalita dago.
Bidegorria Urkulura
Bustintegi errekaren ertzetik oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidea dago Urkuluko uharkara eramaten duena[3]. Bainuetxeko bidegorria izenaz ezagutzen da, eta antzinako Otala Zelaiko bidea ordezkatu du, izan ere malda nabarmen txikiagoa baita. Hartxintxarrezko pista da[4][5].