Biosphere 2 zientzia ikerkuntzarako lur sistema bat da.
Historia
1991ko irailaren 26an, Oraclen (Arizona, AEB), zortzi zientzialari 1,27 hektareako ekosistema artifizial batean sartu ziren eta Biosphere 2 proiektua martxan jarri zuten. Esperimentuak helburu hirukoitza zuen: ekosistemetako elkarreragin sare konplexuak ulertzea, espazioaren kolonizazioan biosfera itxiek izango luketen bideragarritasuna aztertzea eta, Lurrari kalterik eragin gabe, biosfera manipulatzea[1].
Ezaugarriak eta bi misioak
200 milioi dolarreko biosferak oihan zati bat, ozeano txiki bat, mangladia, sabana, desertua, labore lurrak eta giza habitat bat zituen. Hermetikoki itxita zegoen eta zientzialariek ezin zuten handik irten, biosferak kanpoko laguntzarik gabe funtzionatu behar baitzuen. Lehen misioan taldeak bi urte eman zituen egituraren barruan, eta bigarren misio bat ere abiatu zen 1994ko martxoan, hamar hilabete iraun behar zuena[1].
Arazoak eta gatazkak
Hasieratik CO2 mailak ezohiko gorabeherak izan zituen eta oxigenoak nabarmen egin zuen behera; hasi eta hamasei hilabetera oxigeno portzentajea %14,5ekoa zen, gutxi gorabehera 4.000 metroko altueran izan ohi dena. Animalia espezie asko hil egin ziren, eta beste batzuk, inurriak esaterako, gehiegi ugaldu. Ekosistemaren oreka hautsita zegoen, eta gizakiei ere eragin zien horrek[1].
Bigarren misioa hasi eta hilabetera lehen misioko bi kidek sabotaje ekintza burutu zuten, burbuilaren ate guztiak irekita. Eta orduan azaleratu ziren ia hasieratik zientzialarien artean izandako ika-mika eta ezinikusiak. Lehen misioan taldea bitan zatitu zen, lagun minak izandakoak etsai bihurtu ziren, eta elkarri arauak hautsi izana leporatzen hasi ziren[1].
Time aldizkariak zioenez: “Datuen manipulazioak, jakiak ezkutatzeak eta kontrabandoak sinesgarritasuna hautsi du. Bi urteko autoaskitasun esperimentua 200 milioiko engainu bihurtu da”[1].
Porrot garestitzat jo izan den arren, Biosphere 2k ehunka zientzia-ikerlan ahalbidetu du. Hala ere, publikoaren interesa kideen eskandalu pertsonalek piztu zuten, ez lorpen zientifikoek[1].
Erreferentziak
Kanpo estekak