Artikulu hau jantzi gabeko egoerari buruzkoa da; musika taldea gaitzat duena beste hau da: «Biluzik (musika taldea)»
Biluztasunagizakiajantzi edo arroparik gabe dagoen egoera da. Arropak jantzi, erantzi nahiz biluzik egoteko arrazoiak praktikoak (azala babestu, epela edo freskura bilatu edo sexu harremanak eroso izatea) eta kulturalak (lotsa gorde, erlijio-arauak bete edo beste baten sexu-gogoa piztea) izan daitezke. Antzinatik biluztasuna artearen gaia izan da gainera, edertasuna eta garbitasuna islatuz gehienetan. Giza sexualitatearekin ere lotzen da, beste pertsona batekin sexu harremanak izateko ohiko egoera baita; hori dela eta, biluzik agertzea intimitatearen esparruan kokatzen da kultura askotan.
Anitz eta denetarikoak dira pertsonak biluzik egoten diren egoerak. Biluztasuna guztiz pribatua izan daiteke, beste inoren aurrean azaltzen ez dena edo soilik ezkontidearen edo familiaren baitan agertzen dena. Beste alde batetik, biluztasuna publikoa edo jendeaurrekoa izan daiteke, besterik gabe erabaki pertsonal gisa (hondartzetan eguzkia hartzeko, esaterako) edo protesta moduan beste batzuetan, jendearen arreta erakartzeko. Izan ere, eguratsetik babesteaz gainera, janzkerak ez-hitzezko komunikaziorako erabiltzen den bezala, biluztasun publikoak, arropa eranzteaz gainera, esanahi eta ondorio sakonak izan ditzake. Horrela, kultura zenbaitetan, mendebaldekoa barne, biluztasun publikoak maiz sorrarazten ditu ukapen-jarrerak, moral eta begirunearen aurkako jokabidea delakoan. Era berean, herrialde guztietan legeak biluzik agertzeko egoerak arautzen ditu, biluztasuna ordena publikoaren aurkako egoera noiz den zehaztuz. Ildo horretatik, erakuskeriagatik biluzik agertzea bereziki zigortzen den ekintza izaten da. Biluztasunaren balorazioa generoa eta adina zein diren ere aldatu egiten da; adibidez, mendebaldeko kulturan gizonezkoak askeagoak izaten dira gerritik gora biluzik agertzeko eta haur txikiak bainatzen diren bitartean edo urarekin jolasean biluzik agertzea egoera normaltzat jotzen da gehienetan, edertasun-irizpide onartuak betetzen ez dituzten gorputzak biluzik azaltzea, berriz, ez da begi onez ikusten.
Biluztasunaren definizioa
Euskaraz biluzik egotea inongo jantzirik gabe egotea bada ere, kultura zein den biluzik egoteko maila zenbait dago. Hain zuzen, biluztasuna lotsarekin eta begirunearekin estuki loturik dagoen egoera da. Adibidez, islamarensunni eskolan, awra edo biluztasuna aurpegia eta eskuak ezik gorputz guztia hartzen du emakumeengan eta zilborretikbelaunetaraino gizonengan[1].